Ibilbidean ezberdin, ilusioan pareko

Hiru bikote lehiatuko dira Urrezko Aizkolarien binakako txapelketaren finalean, bihar, Azpeitian. Jaialdi horretan bertan egingo dituzte harri jasotzeko saio erabakigarriak ere.

(ID_13633980) (/EZEZAGUNA) ikervicente
Iker Vicente, enborra mozten, iazko finalean. Arkaitz Etxebesterekin ari da ekitaldi honetan. IBON ERRAZU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko otsailaren 24a
05:10
Entzun

Sekula atera gabeko argazkia aterako dute bihar Azpeitira (Gipuzkoa) bilduko diren sei aizkolariek. Urrezko Aizkolarien binakako txapelketaren finala jokatuko dute Izarraitz pilotalekuan (12:00, ETB 1), eta han ariko den kirolari multzoa ez da bere osoan inon lehiatu. Ibilbide askotarikoak osatu dituzten aizkolariak elkartuko dira jaialdian; batzuk, azken urteetan esperientzia handia eta garaipen asko pilatutakoak. Besteak, beren bidea urratzen hasi eta gutxira nabarmendu direnak. Izango da tartean kasik estreinaldia egin berritan plazaratuko denik ere. Guztiek, ordea, ilusio eta helburu bera dute finalaren atarian: txapela janztea.

Arkaitz Etxebeste (Igeldo, Donostia, 1994) da jaialdiko nobedade nagusia. Igeldoarra hasi berria da, eta hirugarren plaza izango du finalekoa. Urrezko Aizkolarien binakakoan egin du aizkora txapelketetarako jauzia, eta, Iker Vicente lagun hartuta, txapelaren lehia betean kokatu da bi kanporaketak irabazita: «Oso ondo nago, oso gustura. Ikerrekin egindako entrenamenduek konfiantza ematen didate, eta, egia esan, oso pozik nago. Gogo handia dut finalerako; nire hirugarren plaza izango da, eta finalean izatea gauza handia da. Beti irabazteko asmoz joaten gara, baina finalean egotea gauza handia da. Ikasten segitzeko asmoa dut, eta postuari begiratu baino gehiago, gozatzera joango naiz».

Etxebestek eta Vicentek osatutako bikotea izan zen sailkatzen lehendabizikoa, Beasaingo (Gipuzkoa) finalaurrekoa irabazita. Haien ostean, Beizamako eta Oñatiko finalaurrekoetan egin zuten urratsa, hurrenez hurren, Eneko Otaño-Julen Larrea eta Hodei Ezpeleta Bihurri-Jokin Urretabizkaia Basozabal bikoteek, Beizaman eta Oñatin, hurrenez hurren. Hain justu ere, azken horiek dira gaur egungo txapeldunak, iazko finala irabazita.

«Ikasten segitzeko asmoa dut, eta postuari begiratu baino gehiago, gozatzera joango naiz».

ARKAITZ ETXEBESTE Aizkolaria

Bikote bakoitzak 11 enbor moztuko ditu guztira. Bakarkako lana izango da lehendabizikoa; aizkolarietako batek 45 ontzako egurra moztuko du. Horren ostean, txanda librean ariko dira zutik jarritako kana-erdiko —54 ontzako enborra da— eta ohiko modura kokatutako 65 ontzako banarekin, eta bi eratan jarritako 45 ontzako enbor parearekin amaituko dituzte azken probaren atariko lanak. Izan ere, amaierako saioan egingo dituzte lanik mardulenak: 60 eta 65 ontzako eta oinbiko —72 ontza— bina enbor moztuko dituzte erreskadan.

Horrez gain, gazte mailako finala ere jokatuko dute Izarraitz pilotalekuan. Lau lagun ariko dira bakarkako lanean: Aritz Oiarbide, Jon Erdozia, Jokin Larrieta eta Igoin Pikabea.

Harriarekin, lan berriak

Jaialdi horren barruan jokatuko dituzte, halaber, binakako eta banakako harri-jasotzaile txapelketak ere. BInakakoan, hiru bikotek osatuko dute finala: Hodei Iruretagoiena Izeta IV-Jon Unanue Goenatxo III, Julen Diaz-Xabat Olaizola, eta Imanol Royo Lartain-Mikel Lopetegi Urra. Kirolarien jarduna orekatzeko garaian, berritasun bat txertatu dute Egur Sport enpresako antolatzaileek.

Harri bakoitzarekin egin beharreko lanak aldatu dituzte. Hala, 175 kiloko errektangularrekin bi minutu eta erdiko lana egingo dute, eta hamar arroako koparekin (125 kilo), berriz, minutu eta erdikoa. Orain artean, bi minutuko jarduna osatzen zuten bakoitzarekin, hamarreko kubikoarekin eta 113 kiloko bolarekin bezalaxe. Azken horiek bere horretan mantendu dituzte.

Bakarkako finalean hiru lagun ariko dira: Karmele Gisasola, Ainitze Zumeta eta Lierni Osa —Lucia Orbe ordeztuko du—. Lehiaren atarian, aurkariak indartsu espero ditu Gisasola Zelai III.ak: «Ainitzek sekulako bilakaera eduki du azken urtean, asko hobetu da, eta hura da gaur egungo harri jasotzailerik indartsuenetako bat; ni lehengoan geratuta nago apur bat. Lierni ere aurkari indartsu ikusten dut; kanporaketetan lan ona egin du, eta uste dut gerriko arazoetatik osatu dela. Bi aurkariak ikusten ditut gogorrak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.