Ibilbide oso bat, gau bakarrean

60 puntu eta huts egindako jaurtiketa mordoa utzi ditu Kobe Bryantek agurrean, Golden State Warriorsek Chicago Bullsen errekorra eguneratzen zuen bitartean.

Ibilbide oso bat, gau bakarrean.
Danel Agirre.
2016ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ez diot zentzurik ikusten». Golden State Warriorseko Stephen Curryk hirukoen NBAko errekorra ezarri zuen joan den sasoian: 286. Herenegun, aurtengo marka biribildu zuen: 402, gau bakarrean hamar gehiago pilatuta. Munduko saskibaloi liga onenean urte batetik bestera horrelako langa bat %40 gorago mugiaraztea nola ote dagoen galdetu, eta sorbaldak jaso zituen antolatzaileak: «Joan den urtekoa lortzeko zein ongi jaurti behar izan nuen gogoan dut oraindik. Aurtengoa...».

Asteazkenean bere errutina ohiz kanpokoari eutsi zion. Ordu erdi eskasean Memphis 46 punturekin ernegatu, eta azken laurdenean patxada ederrean jarraitu zuen Curryk, aulkikoekin txantxetan. Besarkadak eta zapladak ere merke-merke banatu ziren. Izan ere, bere izarrak bakarrik ez, Golden State Warriorsek ere multzo gisa NBAko errekor agurgarrienetakoa hobetu berri du.

Duela hogei urte, Chicago Bullsek 72 lehia irabazi eta hamar galduta itxi zuen liga erregularreko maratoia. Steve Kerr, Warriorseko entrenatzailea, Michael Jordanen eta Scottie Pippenen taldekidea zen hartan: «Uste nuen betiko geratuko zen zerbait zela, Joe DiMaggioren beisboleko elkarren segidako hit-en marka hura bezalakoa zela. Orain ere ez dut ikusten hau nola hobetzerik dagoen, eta espero dut gure zaleek ez digutela eskatuko», aitortu zuen Kerrek, behingoz titulurako kanporaketei arreta osoa eskain diezaiekeelako arinduta. 1996ko balentria haren eragileak ere adeitsu agurtu zuen Golden State: «Saskibaloiak bilakaera etengabea du, eta errekorrak apurtzeko daude. Warriorseko jokalariak zoriondu nahi nituzke, egiten ari diren denboraldi harrigarriagatik. Ikusteko oso alaiak dira; ea kanporaketetan eusten dioten», esan zuen Michael Jordanek.

Bederatzi bider soilik galtzeak baino gehiago, porrot horiek eragin dituztenen nortasunak elikatzen du Steve Kerren baikortasuna. Los Angeles Lakers, Denver Nuggets, Minnesota Timberwolves eta Milwaukee Bucks pattalak daude zerrendan. Aurkari gaituagoekin kanporaketa simulakroak egin dituen bakoitzean, aise gailendu da Golden State. San Antonio Spurs, Cleveland Cavaliers eta beste guztiak Curry, Klay Thompson eta Draymond Green indargabetuko dituen kriptonita topatzeke daude oraindik.

Izan ere, Estatu Batuetan erlijio diren estatistikez harago, berrikuntza taktikoak dira txapeldunaren historia idazten ari direnak. Saskibaloian klasikoak ziren rolak hankaz gora ipini ditu Golden Statek. Imitatzaile mordoxka azaldu zaizkio. Aurre egingo dionik, ordea, alerik ez oraingoz.

Mendebaldeko Konferentzian, San Antoniok dirudi aurkari kalifikatuena. Ekainera bidean arbelean marraztutako azpikeria batek Curry geldiarazi behar badu, Gregg Popovich entrenatzailearena izango da, ziur asko. Oklahoma City Thunderrek ere sestran behar luke. Azken aukeraren sentipenarekin ari dira horiek, ziurtzat ematen baita Kevin Durantek udan beste nonbait hitzarmen berria sinatuko duela. Ekialdean, Clevelandek finalista automatikoa dirudi. LeBron Jamesek kuadrilla ahaltsua du beste behin alboan, baina oraindik ez du erdietsi lehia beroenetarako hierarkiarik ezartzerik. Azken laurdena iritsi, eta guztiak Jamesi begira geratzen dira, eta paralisi egoerak sarriegi errepikatzen dira. Litekeena, hori bai, Cleveland final batera Golden State baino dezentez freskoago iristea da, haren bidea ere nabarmen samurragoa baita.

Abdul-Jabbar salbu da

Hirugarren urtez jarraian, kanporaketak dagoeneko oporrak harturik ikusi beharko dituena Kobe Bryant da. Aipatu denboraldietan guztira Los Angeles Lakersek irabazi lehien kopurua (65), aurten bakarrik Golden Statek erdietsitakoa baino askoz txikiagoa da.

Aurtengo atsedenaldia, ordea, itzulera egunik gabekoa da. Lesioekin —eta emaitza penagarriekin— gogaitu, eta erretiroa hartu zuen asteazkenean Bryantek. Ibilbide oso bat gau bakarrean laburbiltzea lortu zuen eskoltak, maisuki. Utah Jazzen zaintza adeitsua baliatu, eta lehia modu elektrikoan hasi eta bukatu zuen. Tartean, ordea, bi dozenatik gora jaurtiketa kaskar egiteko denbora eman zion. Elastiko horia jantzi zuen azkenekoan lanak 60 punturekin amaitu zituela nabarmenduko dute haren biografiek, eta ez 133 sartuko zituela huts egindako guztiak asmatu izan balitu. Utahen aurkako itxieran 2006ko urtarrilean Toronto aurrean zuela 81 puntu sartu zituenean baino saiakera gehiago egin zituen.

Staples Center pabiloian inork ez zuen besterik espero, ezta nahi ere. Bost bider txapeldun izandakoaren agurra hunkigarria izan zen, eta Bryant berak ere ez zuen galdu bere burua parodiatzeko aukera: «Bi hamarkada pasatu ditu jendeak gehiago pasatu beharko nukeela esaten. Eta gaur, berriz, taldekide guztiak batere ez pasatzeko eskatzen» bota zuen, birsalmentan dirutzak ordaindutakoen algara eraginez.

Orange County Register egunkariak Bryanten lesioen mapa argitaratu zuen duela bi urte. Ez zegoen haren ibilbidean ezbeharretik libratu den gihar edo hezurrik. Bryanten egitasmoetako bat, Kareem Abdul-Jabbarren errekorra (38.387 puntu) eguneratzea, bete gabe geratuko da horrela. 4.744 falta zitzaizkion, aurtengoa bezalako beste hiru sasoi bai gutxienez. Bere rola errealitate fisiko berrira moldatu eta Lakersen bigarren mailako lider moduan aritzeko aukera ez du aintzat hartu ere nahi izan. Beranduegi da, ziur aski, kideekin baloia partekatzen ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.