Ibilbide izartsu baten distiratzea

Jon Rahmek bere lehen 'major'-a lortu du, AEBetako Irekia irabazita. Munduko rankingean lehen postuan da berriz. 'Major' bat lortzen duen bigarren euskal herritarra da

Jon Rahm golflaria, AEBtako Irekia irabazi berritan, Kalifornian. ERIK S. LESSER / EFE.
Ion Ander De la Hoz
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun

Golflari batek gailurra jotzen du major bat irabazten duenean. Horiek dira txapelketa nagusiak, eta haietako bat garaipenen zerrendan edukitzeak balio erantsia ematen dio norbere kirol ibilbideari. Jon Rahm (Barrika, Bizkaia, 1994) izarra zen lehen ere, baina haren izarra distiratsuenen multzoan sartu da atzoz geroztik. AEBetako Irekia irabazi du: golfeko garaikurrik garrantzitsuenetako bat da. Hura irabazi ondotik, beste dimentsio baten sartu da Barrikakoa. Onen-onenen zakuan da jada.

Ikusi gehiago:Eduardo Cellesek eta Ander Padurak Rahmen balentria goratu dute: «Gehiagotan liluratuko gaitu; ziur gaude»

Aurrez ere munduko golflari onenen zerrendako buru izan zen Rahm, baina major-ik eskuratu gabea zen orduan. Iazko uztailean jo zuen goia, eta, atzoko garaipenaren ondotik, berreskuratu egin du rankingeko lehen postua. Alde handia dago, ordea. Barrikakoak jauzi kualitatibo bat egin du oraingoan.

AEBetako Irekia lortzeak ahalbidetu dio hori. Euskal Herrian astelehen goizaldea zela irabazi zuen, Torrey Pinesen (San Diego). Ondo ezagutzen duen zelaia da hura; artean profesional izan gabe, hura izan zuen prestaketen gotorleku. Tim eta Phil Mickelsonekin aritzen zen han. Haiek izan zituen bidelagun. Eta, profesionaletara jauzi eginda, han bertan irabazi zuen PGA mailako lehen txapelketa ere. 2017an izan zen hori, Farmers Insurance Irekian: «Niretzat oso toki berezia da Torrey Pines. Hona etortzen naizen aldiro, zerbait gertatzen da hemen», esan zuen atzo. Arrazoi faltarik ez du.

Goia jo arteko bidean, zeharlerro izan du Torrey Pines. Han ezarri ditu bere ibilbideko mugarriak, eta bertan lortu du major-aren lehen garaikurra ere. Hango belardia etxeko lorategian jartzeko moduan da. Izan ere, igandean bete ziren bost urte profesionaletan estreinaldia egin zuenetik, eta orduantxe lortu zuen bere lehen major-a irabaztea. Ez zuen lan samurra, baina lortu zuen; aurreko egunetako maila onari eusteaz gain, garaipenera eraman zuen jokoa egin zuen.

Birdie-birdie batekin ekin zion azken jardunaldiari, eta, hortik aurrera, zuloz zulo hobetuz joan zen. Kontrarioak ere ez zeuden barkatzeko, halere; puntako golflariek osatutako multzo bat kolpe bakarraren aldeaz ari zen lehian, eta, minutuek aurrera eginda, inork ez zuen amore eman nahi. Ordu eta erdi igarota ere, lehiak estu segitzen zuen. Harik eta aurkariak erori ziren arte. Galbaheak estutzera egin zuen orduan, eta ordura arte kontrario izandako gehienek kale egin zuten. Ez, ordea, Rahmek: maila berean segitu zuen. Azkenerako, buruz buruko lehia izan zuen Louis Oosthuizenekin. Hegoafrikako jokalari beteranoari gailenduta nagusitu zen Barrikakoa. Beste argi izpi bat tatxarik gabeko balentria batean.

Lan dotorea egin zuen kirolariak. Hamazazpigarren zuloko lana izan zen horren adibide. Han lortu zuen garaipenaren segurantza. Hortik amaierara ere, aise. Amaieran, parraren azpitik sei kolpera osatu zituen lanak, 278 kolpeko joko txartelarekin —67 azken jardunaldian—. Egindako lan onaren jakitun, itxarotea beste zereginik ez zuen izan kontrarioek amaitu artean. Jon Rahmek Kepa semea zuen besoetan, eta Edorta aita alboan: «Karman erabat sinesten dut. Orain aste pare bat gertatutakoaren ostean, pentsaera positiboa mantendu nuen. Banekien gauza onak gerta zitezkeela; ez nekien zer, baina nire lehen garaipena lortu nuen tokian aritzeak izarrak lerrokatuko zituela iruditzen zitzaidan».

Halaxe izan zen. Aurrezko ibilbide izartsuari distira eman dio Rahmek. Noiz, eta txapelketa batetik erretiratu behar izan eta hiru astera. Koronabirusak eraginda, lehen postuan utzi behar izan zuen. Indartuta itzuli da geldialditik.

Golflari onenen pare

AEBetako Irekian gailenduta, Rahm maila horretako sariketa bat irabazi duten euskal herritarren zerrendan sartu da. Bi lagun besterik ez daude han; Rahm, eta Txema Olazabal. Hondarribiarrak birritan lortu du major batean gailentzea. Bi aldietan, Augustako Mastersean (1994 eta 1999). AEBetako Irekian ez da gailendu sekula.

Olazabalek lortu gabearen jabe egiteak agerian uzten du garaikur horrek duen garrantzia. Garaipen historikoa, ordea, ez da horretara mugatzen. Bestelako onurak ere ekarriko dizkio Rahmi. Kirol arlokoa da bat: bizkaitarra munduko golflarien koska gorenera itzuli da, Dustin Jonhsoni aurrea hartuta. Orain artean lehen postuan zegoen estatubatuarrak hemeretzigarren amaitu zuen AEBetako Irekian, 286 kolpe eta parraren gainetik bi kolpera. Munduko zerrendan, Rahmek 9,98 puntuko batezbestekoa du, eta hala kokatu da lider; Jonhsonek, berriz, 9,95 puntu ditu batez beste.

Rahmek arlo ekonomikoan lortu du beste sari handia. Guztira, 2,25 milioi dolar jasoko ditu barrikarrak, txapelketa irabazteagatik. Trukean, 1,89 milioi euro dira.

Oihartzuna, han-hemenka

AEBetan irabazi izanak oihartzun handia izan du Ozeano Atlantikoaren beste aldean. The Washington Post egunkariak gisa honetara bildu zuen Barrikakoaren garaipena: «Jon Rahmek bere lehen garaipen handia eskuratu du, Estatu Batuetako Irekian lan guztiei ondo erantzunda». The New York Times-ek, berriz, honela: «Rahmek dramatismoa alde izanda lortu du irabaztea». The Wall Street Journal izan zen azken asteetako bizipenei errepasoa egin ziena. Berripaper horrek galdera egin du: «John Rahmek nola lortu du bi astean koronabirusa izatetik Estatu Batuetako Irekia eskuratzera igarotzea?».

Euskal Herrian ere zeresan handia eman du Rahmen garaipenak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk sare sozialetako mezu baten bidez omendu zuen Rahm, eta gauza bera egin zuten Athleticek —zuri-gorrien zalea da golfista—; tartean, Aritz Aduriz jokalari ohia. Lagun handiak dira biak, eta Adurizek ere idatzi zion mezu bat. «Zorionak, Jon. Zure lehen major-a. Azkena ez dadila izan. Merezita». Futbolean ez ezik, saskibaloian ere baditu jarraitzaileak; besteak beste, Bilbo Basket. Bizkaiko taldearen zorion mezua jaso du Barrikakoak. «Gure kirolaren historia. Leienda zara!», idatzi du Twitter kontuan.

Rahmek, ordea, nahiago izan zuen etxekoekin ospatu: «Orain ez da jabetzen, baina luze gabe jakingo du gaur lortu dugunak zer esan nahi duen», adierazi zuen Rahmek, Kepa semeari begira, Torrey Pinesen garaikurra jaso berritan.

Galanta egin baitu Barrikakoak. Estreinako aldiz major bat eskuratu du, eta ez edozein, gainera: Estatu Batuetako Irekia. Askok nahiko luketen harribitxia. Gainera, 26 urte besterik ez duela nagusitu da Rahm. Etorkizun oparoa du oraindik. Bide hori loriaz zipriztintzen segitu nahi du Barrikako San Telmon jaio eta bizitakoak. Norbere izarren distirak egingo dio argi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.