Edozein kirol lehiaketaren antolatzaileen helburua da azkeneraino egotea lehia bizia eta emozio handia. Asmo bera dute Euskal Herriko Itzuliaren antolatzaileek, eta hori hala izateko aproposa izan daitekeen ibilbide bat prestatu dute aurtengorako. Gaur aurkeztu dute, Gasteizen, Buesa Arena pabiloian. Hantxe hasiko da proba, apirilaren 7an, eta 12an bukatu, Eibarren (Gipuzkoa). Tartean, txirrindulariek 870,20 kilometro egingo dituzte; gorabeheratsuak eta gogorrak izango dira horietako asko, 23 mendatetara igoko baitira. Azken ekitaldietakoen antzeko ibilbidea da.
Iaz, bezala, erlojupeko bat jokatuko dute lehen etapan: 18,7 kilometrokoa. Buesa Arena barruan hasiko da, eta ikusleek harmailetatik ikusi ahal izango dituzte txirrindulariak irteten. Inoiz ez da halakorik egin Itzulian. Bukatu, berriz, Buesa Arenaren kanpoaldean bukatuko da. Erlojupeko ia laua da. Espezialistek eta faboritoek lehen aldeak egin ditzakete.
Bigarren etapa Nafarroan jokatuko dute: Iruñetik Lodosara joango dira txirrindulariak. Etaparik luzeena izango da, ia 200 kilometrokoa, baita zailtasunik gutxiena duena ere, ia laua baita. Mendate bakarra igoko dute, Oliva, hirugarren mailakoa, 57. kilometroan. Ihesaldiren edo esprinten bat egoteko aproposa da.
Hirugarren etapa, berriz, Gipuzkoan jokatuko dute: Zarautzen hasiko da, eta Beasainen bukatu. Oso gogorra eta gorabeheratsua izango da: zazpi mendatetara igoko dira. Bi nabarmentzen dira azken 50 kilometroetan: Gaintza —Zaldibitik igoko dute— eta Lazkaomendi. Laburrak dira, baina oso gogorrak; %20 inguruko aldapak dituzte.
Hirugarren etapa bukatuko den toki berean hasiko da laugarrena: Beasainen. Bukatu, berriz, Bizkaian bukatuko da, Markina-Xemeinen, 169,6 kilometro egin eta gero. Bezperakoa bezala, oso etapa gogorra da: zazpi mendatetara igoko dira. Nabarmenena, Izua, azken kilometroetan. Ez dira igoko ez errepide nagusitik, ezta Krabelinetik ere: Matsariako poligonotik baizik. Bidea oso estua eta gogorra da: %20ko aldapak daude.
Bi egun oso gogorren ostean, samurragoa izango da bosgarren etapa, Urduñan hasi eta Gernika-Lumon (Bizkaia) bukatuko dena: 172,4 kilometro. Pello Bilbao gernikarrak lagundu die antolatzaileei etapa diseinatzen. Lau mendatetara igo beharko dute, eta azken kilometroak oso bihurriak dira. Erne Bilbaorekin, ezin hobeto ezagutzen baitu.
Azken etapa, berriz, klasikoa da: Eibarren hasi eta bukatuko da, 153,4 kilometro egin ondoren. Zazpi mendate daude, horietatik hiru lehen mailakoak. Aurten, hasieran igoko dute Krabelin, eta bitan Trabakua. Gorlaren ordez, Karabieta igoko dute. Etapa horretan zehaztuko da nor den irabazlea.
Izarrik ez
Ibilbidea aurkeztu eta gero, parte hartuko duten txirrindularien berri izatea falta da. Martxoan egingo dute hori. Ziurra da ziklista garrantzitsuak faltako direla. Iaz Jonas Vingegaard (Visma), Primoz Roglic (Red Bull) eta Remco Evenepoel (Soudal) aritu ziren, baina aurten hiru horietako bakar bat ere ez da ariko, ez baitute Itzulia euren lehiaketa egutegietan. Hiru txirrindulari horiek ez dute oroitzapen ona azken ekitaldiaz, beste hainbat ziklistarekin batera erori baitziren laugarren etapan, Oletako mendatea jaisten ari zirela. Hirurak erretiratu egin ziren. Vingegaardek izan zituen lesiorik larrienak, hainbat haustura izan baitzituen. Ez da ariko Tadej Pogacar ere (UAE). Esloveniarra duela lau urte lehiatu zen azkenekoz Itzulian.
Big four (lau handiak) deitzen dioten laukotea ez da irteeran izango, ezta koska bat beherago dauden hainbat txirrindulari ere; adibidez, azken irabazleak, Juan Ayusok (UAE), ez du Itzulia sartu bere egutegian. Gauza bera egin du Mikel Landak (Soudal). Aldiz, besteak beste, Bilbaok (Bahrain), Enric Masek (Movistar), Joao Almeidak (UAE) eta Aleksandr Vlasovek (Red Bull) parte hartzeko asmoa azaldu dute.