Ibargaraik eta Perezek bi estiloren arteko talka espero dute finalean

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Xabier Ibargaraik (Erratzu, Nafarroa, 1985) eta Ibai Perezek (Sestao, Bizkaia, 1990) Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen buruz buruko pala txapelketako finala jokatuko dute etzi, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan (19:30). Atzo aukeratu zituzten pilotak, eta biak gustura gelditu ziren. Finalaren analisia egitean ere bat etorri ziren, bi estilo aurrez aurre izango direla esan baitzuten biek: Perezen trebezia, Ibargarairen kolpearen indarraren aurka.

Ibargaraik nabarmendu zuen Perezen sakea izango dela finaleko gakoa. «Seguru asko, koadroko sakatzaile onena da. Berak, gainera, oker sakatzen du —ezkerra da—, eta horrelako pilotariek min handia egiten didate». Ez da ohikoa bi pilotariak gako hain jakin batean ados egotea, baina hala izan zen, Perezek ere bere lehen pilotakadaren garrantzia nabarmendu baitzuen. «Dena saketik hasten da. Nire sakearekin min egiten saiatu behar dut, agindu eta bera mugi dadin».

Sakeak jokoa desorekatzen ez badu, Ibargarairen aukerak hazi egingo dira. «Deseroso jokatzen ez badu, nire gainetik pasatuko da», aurreratu zuen Aspeko pilotari ohiak. Nafarrak, berriz, piloteoan murgildu nahiko luke. «Perez pilotari oso teknikoa da; gauzak zaildu egingo dizkit. Nik nire kolpea askatzen saiatu behar dut, eta berari atzean jokarazten. Partida bere eremura eramaten duenak asko izango du irabazia». Txapelketan elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia da.

Biak ezustekoa emanda iritsi dira finalera, eta ez dago faborito garbirik. Ibargaraik Esteban Gaubeka kanporatu zuen finalerdietan, eta Perezek Pablo Fusto azken bost urteetako txapelduna. Ibargaraik buruz buruko hirugarren finala du, eta aurreko biak galdu zituen; Perezek, berriz, aurrenekoa du. Nafarrak, ondorioz, eskarmentu handiagoa beharko luke, baina ez du uste hori erabakigarria izango denik. «Perez binakako finalak jokaturikoa da, eta pilotari lasaia da. Eskarmentuak mesede egingo dit, baina ez dut uste hari kalte egingo dionik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.