Donostiako trainerua da Arraun Lagunak, baina biziki maite dute Bilbo. Ez da gutxiagorako, gainera. Lugañene traineruak laugarren aldiz jarraian irabazi baitu bertako estropada. Iaz estropada eremu horretako errekorra lortu zuten, eta gaur, denbora hori hobetu ez badute ere, erakustaldia eman dute, beste behin. Eguneko ezustekoa Hondarribiak eman du. Iker Cortesek zuzentzen duen taldea lehen txandan lehiatu da, baina hirugarren sailkatu da. Donostiarra izan da bigarren, eta Orio laugarren. Hortaz, lehen txandan lehiatuko da Tolosaldea, bihar.
Lehen txandan nagusitasuna erakutsi du, beste behin, Hondarribiak. Ama Guadalupekoa nabarmen da txandakideak baina indartsuago, eta horixe baieztatu du gaurkoan errekan ere. Lehen minutuan bizpahiru segundoren aldea lortu dute hondarribiarrek, eta aldea handitu egin dute denbora aurrera joan ahala. Ez dute parekorik lehen txandan, eta ohorezko txandako ontziren bat atzean uzteko helburuarekin amaitu dute estropada. Azkenerako, hamasei segundoren aldearekin irabazi dute txanda.
Txandako lehia Hibaikak eta Cabok izan dute. Mokoka ari dira bi ontziak sasoia hasi zenetik. Izan ere, azken-aurreko sailkatuak kanporaketak jokatu beharko ditu mailari eusteko. Cabok puntu baten aldearekin hasi du asteburua, baina parean dauka jada Madalen ontzia. Gaurkoan, errenteriarrak txandako bigarrenak izan dira, seigarrenak sailkapen nagusian. Sei segundoren aldea lortu du joanekoan aurkari zuzenarekiko, eta alde bera mantendu du amaierara arte.
Azkena, berriz, Tiran izan da. Aurten ere nabarmen da gainerakoan baino talde apalagoa, eta aurreko lau estropadetan bezalaxe, gaur ere azkena gelditu da. Gainera, bitxikeria moduan, gainerako ontziek estropada eremuaren erdialdetik egin dute estropada, baina Tiranek guztiz istriborrera egin du joaneko luzean, korronteari izkin egiteko nahiarekin. Erabaki hori hartu duen ontzi bakarra izan da, eta argi gelditu da ez zela erabakirik egokiena. Hogei segundo inguru galduta egin dute ziaboga, eta 43ko atzerapena izan dute amaieran. Miren Garmendiak, Hondarribiko patroiak, erdialdetik zergatik joan diren arrazoitu du, gainera: «Zentzu askorik ez zeukan istriborrera joateak, marea baxua dagoenean hondo gutxi baitago, eta zailtasun gehiago dago arraunean egiteko». Alarma guztiak piztu dira jada Tiranentzat, bost estropadetan azken postuan sailkatu baita. Aurten azken sailkatuak zuzenean galduko du maila, eta ez ditu kanporaketak lehiatu ere egingo.
Bi donostiarrak nagusi
Ohorezko txandan orain arteko nagusitasunari eutsi dio Arraun Lagunak-ek gaurkoan ere. Ziabogan bost segundoren aldea lortu du Lugañene ontziak, eta entrenatzaileak nahi zuen arraunketa hartuta, hegan egin dute, beste behin. Gozoa dastatuz abiatu zituzten txapelketak ekainean, eta geroztik besterik ez dute probatu Juan Mari Etxaberen eskifaiak. Andrea Astudillo patroiak «goazen errekorraren bila!» oihukatu die arraunlariei, baina gehitxo izan da. Iaz markatutako errekorra lau segundora gelditu zaie. Hala ere, oso gustura agertu zen patroia: «Kale bakarra egonda egoera bera da denontzat, eta hor ikusten da zein den talderik onena. Oso pozik gaude, baina biharko prest, jada».
Gainerakoen arteko lehia ikustekoa izan da. Jakina zen Hondarribiaren denbora ona zela, eta baieztatu egin da ohorezko txandako ontziak balizara iritsi direnean. Ohorezko txandako lau ontzien atzetik zen Ama Guadalupekoa, baina aldea oso txikia zen. Bost segundo galduta zeuzkan Donostiarrak, sei Tolosaldeak, zazpi Oriok eta zortzi Hondarribiak. Itzuleran, ordea, aldatu egin da sailkapena. Donostiarrak orain arteko estropadarik onena egin du, eta bigarren izan da, hamahiru segundora. Ordea, Oriok eta Tolosaldeak ezin izan dute Hondarribiaren denbora hobetu. Hogei ehunenen aldearekin galdu du hirugarren postua Oriok, eta laugarren izan da. Tolosaldea bosgarren izan da, hodei segundora, eta lehen txandan arituko da bihar, Sestaon.