Ibai Zabala eta Barriola txapelketa itzuliko dira asteburuan

Bien eskuetako minek hobera egin dute, eta, ondo bidean, ez du ordezkorik jokatuko jardunaldi osoan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Abel Barriola eta Ibai Zabala Binakako Txapelketara itzuliko dira asteburu honetan. Bina astez jokatu gabe egon ondoren, euren eskuetako arazoek hobera egin dute. Ibai Zabalaren kasuan eskuin eskuko kailuko arazoak sendatu ditu. Garbitzeko ireki egin behar izan zuen eta zauria itxi zaio. Iazko urte bukaeran atzelariak tarte luzea egin zuen geldirik kailuarengatik, oraingoan, baina, arazoa ez da hain larria.

Barriolak ere jokatu ahal izango du. Duela hiru asteko partidaren hasieran pilota sartu zitzaion eskuan eta minez jokatu zuen. Iragan astean proba gogorra egin zuen, eta erabat sendatuta ez zegoenez ez jokatzea erabaki zuen. Dena den, proba hain gogorra egin ahal izatea itxaropena pizteko modukoa zen. Beraz, azken orduko lesiorik izan ezean hurrengo jardunaldian ez da ordezkorik egongo. Pablo Berasaluzeren zalantza zegoen, minduta bukatu zuelako larunbatean baina enpresak ez du lesioren berririk eman.

Bestalde, Julen Retegik urte baterako berritu du kontratua Aspe enpresarekin. Apirilaren 1era arte du orain. Retegik bederatzi urte daramatza profesionaletan eta 2008an 2. Mailako buruz buruko txapeldun izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.