Txirrindularitza

Ibai Azurmendik kirol profesionala utzi du, osasun arazoak direla medio

Bihotzean alterazio batzuk topatu dizkiote, O Gran Camiñon ezohiko sintomak sumatu ondoren. 27 urterekin esan dio agur ibilbide profesionalari.

Ibai Azurmendi Andaluziako Itzulian. LUIS ANGEL GOMEZ
Ibai Azurmendi Andaluziako Itzulian. LUIS ANGEL GOMEZ
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 15a
15:05
Entzun

Ibai Azurmendik (1996, Leitza) amaiera eman dio txirrindularitza profesionalean egindako ibilbideari, Euskadi Fundazioan hamarkada bat egin ostean. Harrobian hiru urte egin zituen, eta zazpi urtez aritu da talde profesionalean, 2018az geroztik. «Bihotzeko alterazioak» direla-eta hartu du erabakia, hark nahi baino lehenago. O Gran Camiñon aritu zen azken aldiz tropel profesionalean, iragan otsailean.

Agur esan dio Azurmendik tropelari. Kirol profesionala behin betiko uztera behartu du bihotzeko gaitz batek. Gaur goizean jakinarazi du albistea bere sare sozialetan, ohar baten bidez: «Galiziako Itzulian ezohiko sintomak sumatu ondoren, eta hainbat proba egin ostean, bihotzean alterazio batzuk topatu dizkidate». Leitzarrak azpimarratu du azken asteak «oso zailak» izan direla: «Egindako proba guztiengatik, zein txirrindulari profesionala izaten jarraitzeko ametsa itzaltzen ikusteagatik». Hala ere, harro dagoela onartu du, gehien gustatzen zaionaz gozatzeko aukera izan duelako: «Pribilegiatu bat sentitzen naiz nire ametsa egia bihurtzeko aukera izan dudalako».

Familiaz oroitu da agur mezuan, eta beste zenbait pertsonari eskerrak emateko baliatu nahi izan du aukera. Mikel Landa txirrindularia, Jorge Azanza Euskaltel Euskadiko zuzendaria, Julen Ucin medikua eta Luis Astraini psikologoa izan ditu gogoan. Poztasuna «bidean» dagoela azpimarratu du leitzarrak, eta ez «helmugan». Orain etapa berri bat hasiko duela adierazi du, baina nabarmendu du errepideari lotuta jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.