Alvaro Untoria. Asegarceko pilotaria

«Iazkoa ni ez nintzela erakutsi dut, maila txarra lesioarengatik zela»

Besoko lesio arraro batengatik urtebete «zaborretara» bota zuela uste du, baina orain maila bikainean ari da binakakoan, Aretxabaleta ordezkatuz. Enpresak kontuan hartzea espero du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Irun
2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Duela bi urte 2. Mailako hiru finalak jokatu ondoren, urtebete egin du itzalpean Alvaro Untoriak (Naiara, Errioxa, 1990). Binakakoan, baina, berriz azaldu da, ordezko gisa eta maila bikainean. Larunbatean Irunen jokatuko du Bengoetxearekin, eta Aretxabaletaren ordez, Irujo eta Barriolaren aurka. 22-16 irabaztea edo emaitza hobea behar dute finalerdietarako sailkatzeko.

Pilotaren alde polita egokitzen ari zaizu azken asteetan.

Hala da. Orain nagoen tokian egoteko entrenatzen naiz: handiekin, lehiatzen... eta lortu dut. Duela bi hilabete esan balidate, ez nuke sinetsiko, baina nire onena ematen ari naiz, eta horregatik da.

Pilotan nabarmentzeko aukerak baliatzen jakin behar da.

Gakoetako bat hori da. Garai egokian egon eta aldi horretan zure maila ematen jakitea. Niri iritsi zait, eta urduritasuna kenduta baliatzen ari naizela uste dut.

Zabala, Galarza... Atzelarien artean hirugarren ordezkoa izan zara. Nola hartu duzu hori?

Ni 2. Mailako txapelketan nengoen, eta ez nuen uste ordezkapenik egingo nuenik. Ez nion begiratzen bigarren, hirugarren... enpresak deitu ninduen, eta onartu nuen. Balizko sailkapen batean pentsatzeak ez du laguntzen, ez nago ez inoren atzetik edo aurretik, enpresak konfiantza eman dit, eta nik hori baliatu dut.

2012-13 urtea bikaina izan zen: 2. Mailako hiru finalak, estelarrak, sanmateoak... eta desagertu egin zinen. Zer pasatu zen?

Sanmateoak... Aukera polita zen. Orduan hasi zen besoko mina.

Zer zen, zehazki?

Gauza arraroa zen. Lepotik zetorkidan, gihar uzkurdura bat. Beso guztia hartu, eta likidoa pilatzen zitzaidan eskuan. Hamar tanto jokatu, eta utzi egin behar nuen. Mila proba egin nituen Pedro Garcia masajista eta Iñigo Simon medikuarekin... Azkenean, besoa zela aurkitu genuen. Lepo-sorbalda uzkurdura. Masajearekin askatu nuen. Luzeena, zehazki zer zen aurkitzea izan zen.

Aldirik onenean gertatu zitzaizun.

Jendeak esaten zidan, «binakakoan sartuko zaituzte». Eta kolpetik, nahi eta ezin. Ez zara iristen, besoa eta eskua okerrera... Kirola halakoa da, eta lesioak kirolaren zati dira. Denetarik ikasten da. Une batzuetan denak beltza dirudi, baina aurrera begiratu behar duzu, bolada onek, eta txarrek, beti dutelako amaiera.

Lesioak diozu, baina kide baten lesioak ireki dizu atea. Aretxabaletarekin hitz egin duzu?

Bai. Tristea da horregatik sartu izana. Lesioak beti dira txarrak,eta ziur nago Andoni garai zailak pasatzen ari dela. Nik sendatzea opa diot, eta, bitartean, ni hemen egongo naiz, nire onena ematen. Ea bera eta Bengoetxea finalerdietarako sailkatzen diren.

Pasatzen bazara, zazpi partidatik lau irabazi izango dituzu. Baten batek esango du Untoriak merezi duela segitzea.

Enpresari dagokio erabaki hori, baina nik barneratua dut Aretxabaletaren txapelketa dela, bere tokia dela ni ordezkapen bat egiten ari naiz. Nik burua argi dut alde horretatik, ni 2. Mailako txapelketan nago. Berak ezin badu jokatu, ni prest egongo naiz, eta, bestela, ez zaie nire animorik faltako finalean sar daitezen.

Zeure burua aldarrikatu duzu.

Pixka bat, bai. Iazko amorrua kendu dut, enpresa aukerak emateko prest zegoen, eta lesioa iritsi zen. Urtebete zaborretara bota dut; orain, beste aukera bat dut. Iazkoa ni ez nintzela erakusteko aukera izan dut, maila txarra lesioarengatik zela, eta oraingo hau dela nire benetako maila.

Aitor Zubieta utzita eskatu zuen Asegarcek. Bazirudien ez zegoela atzelaririk Asegarcen.

Enpresak erabaki zuen. Errespetatzen dut; egokiena zela pentsatu zuten. Baina, ohartu daitezela Asegarcen ere bagaudela borrokatzeko gai garen atzelariak; ea datorren urtean ez den halakorik gertatzen.

Uztailean bukatzen duzu kontratua. Urrun dago oraindik?

Ez hainbeste. Zoritxarrez, oso epe motzeko kontratuak sinatzen ditugu. Baina ondo ari naiz, eta, egia esan, ez dut horretan pentsatzen. Berritzen badidate ondo, eta bestela bizitzak jarraitzen du. Irakasle eskolan ikasten ari naiz, hirugarren mailan, eta gero gimnastika irakasle izateko ikasi nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.