Asteburuan jokatu zen Courcheveleko mendi eskiko proba (Frantzia, Alpeak), eta han hasi zuen denboraldia Iñigo Martinez de Albornoz eskiatzaileak (Donostia, 1996). Bere kirol ibilbideko denboraldirik garrantzitsuena izango da Munduko Kopan. Bosgarren postuan sailkatu zen bere espezialitatean, esprintean. 2026ko martxoan Cortina d'Ampezzon (Italia, Alpeak) jokatuko diren neguko Olinpiar Jokoetan egon nahi du kosta ahala kosta.
Nola hasi duzu denboraldia?
Oso pozik amaitu nuen asteburuko proba. Lehenengoa zen, eta jendea inoiz baino urduriago dagoela konturatu nintzen. Finalean sartzeak poz handia eman zidan, baina gehiago eman nezakeelako arantza gelditu zitzaidan. Hustuta amaitu nuen, baina besteak hobeak izan ziren. Hurrengoari begira gaude jada.
Eta denboraldiaurrea nolakoa izan da?
Ekainean hasi nintzen indartsu entrenatzen. Ondoren, Espainiako Federazioarekin, egonaldiak egin ditugu irailetik orain arte. Iraileko lehen bi asteetan, Sierra Nevadan elkartu ginen lehenbizikoz [Andaluzia, Espainia]. Ondoren, urrian, Stelviora joan ginen beste bi asterako [Italia, Alpeak], eta azaroan Tignesen ibili ginen hiru astez [Frantzia, Alpeak]. Orain, azken hamar egunak Val Thorensen daramatzagu [Frantzia, Alpeak]. Bertan, Frantziako Txapelketak jokatu ditugu Open mailan. Denboraldia hasteko proba ederra izan zen.
Nola sentitu zinen?
Test moduko bat izan zen. Frantziako Txapelketetan parte hartzeko aukerarik ez genuenez, atzerriko eskiatzaileentzako beste lasterketa bat antolatu zuten. Entrenamendu bat izan zen guretzat, ea sasoiz nola geunden jakiteko. Gustura ibili nintzen egun horietan, eta proban bertan hirugarren amaitu nuen.
Udaren ondoren asko kostatzen al zaizu berriro ere martxan jartzea?
Lehen gehiago! Azken bi edo hiru urteetan gauzak serioago hartu ditut, eta askoz ere entrenamendu gehiago egiten ari naiz. Lehen asteetan jada oso serio hartzen ditut entrenamenduak. Iaz oso indartsu hasi nuen denboraldia, eta azarorako jada sasoi onean nengoen. Nire emaitzarik onena denboraldiko lehen proban lortu nuen. Bigarren izan nintzen.
Zer da denboraldiaurreetatik gutxien gustatzen zaizuna?
Etxetik kanpo denbora asko pasatu behar izatea! Gutxienez bi asteko egonaldiak izaten dira, bata bestearen atzetik, eta hori da gutxien gustatzen zaidana. Etxekoengandik asko urruntzen gara, neska lagunarengandik ere bai… Irailetik hona, bakarrik hiru aste igaro ditut etxean. Egia da, hala ere, entrenatzen oso gustura aritzen garela. Alde horretatik, ez zait batere kostatzen. Altuerako egonaldiak dira guztiak, eta konturatu gara hori dela egokiena.
Orain arte nola ari zara sentitzen?
Oso ondo. Egia da lehen lasterketetan oso zaila izaten dela benetako sasoia zein den jakitea. Aurtengo denboraldia, gainera, berezia izango da. Olinpiar Jokoen aurreko denboraldia izango da, eta aurtengo emaitzen arabera jakingo dugu bertan egongo garen edo ez. Zirkuituan gabiltzan inor ez da egoera honetan egon aurretik, eta ziurgabetasun handia dugu denok ere. Entrenatzen oso ondo aritu naiz, eta konfiantza handia daukat neure buruarengan. Denboraldi polita izango dela uste dut.
«Entrenatzen oso ondo aritu naiz, eta konfiantza handia daukat neure buruarengan. Denboraldi polita izango dela uste dut»
Zuen artean ere asko nabaritzen al da hemendik aurrera mendiko eskia olinpiar kirol izango dela?
Bai, nabari da. Olinpiar Jokoetan egoteko aukera izango da, eta ez dago lekurik denentzat. Lau urtez behin izaten da aukera hori, eta munduko eskiatzaile on askok ez dute aukera hori izango. Bakarrik hemezortzi eskiatzailerentzako lekua dago, eta, herrialde bakoitzetik, gehienez, bi eskiatzaile sartuko dira; beraz, pentsa… Arau honek asko baldintzatzen ditu hainbat selekzio: esaterako, Frantziakoa, Suitzakoa, Italiakoa eta Espainiakoa.
Aipatu duzun moduan, iaz bikain hasi zenuen denboraldia, lehen proban bigarren izan baitzinen. Aurtengorako asmo bera daukazu?
Bai. Baina aurtengo helburu nagusia Munduko Txapelketa izango da, eta hori martxoan jokatuko da. Dena den, ezin dira aukerak pasatzen utzi. Munduko Kopako proba guztiek balio dute Olinpiar Jokoetarako. Proba guztietan aritu behar duzu ondo. Iaz denboraldi osoan egon nintzen indartsu, nahiz eta denboraldi erdian nahiko irregular ibili nintzen. Oso hutsegite tontoak egin nituen, gaixotu ere egin nintzen, errendimendua ez zen onena izan… Halere, denboraldia bikain amaitu nuen, laugarren postu batekin. Orokorrean, denboraldi ona egin nuen, nahiz eta hobea egiteko aukera izan.
Inoiz egin duzun denboraldirik onena izan zen iazkoa?
Bai, iazkoa izan da onena. Halere, egia da urteko helburu nagusia Europako Txapelketak zirela eta haietan ez nintzela ondo aritu. Orokorrean, sasoia beste urteetakoa baino askoz hobea izan zen. Edozein finaletan egoteko aukera ikusten nuen, ez aurreko urte askotan bezala. Orduan, finalera sartzen banintzen, oso justu iristen nintzen. Orain, gauzak asko aldatu dira alde horretatik.
Iaz jada erakutsi zenuen munduko onenekin lehiatzeko moduan zaudela.
Bai. Maila izugarri hobetu da azken urteetan, eta iaz oso ondo ikusi nuen neure burua. Agian, finalak errematatzea falta zait, baina irabaztea gero eta garestiago dago. Errondaz erronda gorputza asko higatzen da, eta azken errondako indartsuenak irabazten du. Hori da gakoa! Indarrak ondo kudeatu behar dira, eta, alde horretatik, iazko denboraldian jauzi handia egin nuen.
Ondo ezagutzen zaituztenek aspaldi zioten gauzak serioago hartuko bazenitu munduko onenetakoa izango zinela. Egun hori iritsi da?
Oraindik ere bidean nago [barrezka]. Urte askoko bidea bat da hori. Indartsu entrenatzen hasten zara, baina emaitzak ez dira egun batetik bestera iristen. Azken bi urteetako apustua garbia izan da Olinpiar Jokoei begira. Aurten ere beste jauzi handi bat egitea espero dut.
Fisikoki ere asko hobetu duzula aipatu duzu. Alde horretatik ere oraindik gehiago hobetu dezakezula iruditzen zaizu?
Askok egiten dugun galdera da hori. Egian da lehen hamarren artean dabiltzan eskiatzaile asko oso gazteak direla, baina ni baino zaharragoak diren beste batzuek ere oraindik errendimendu bikaina eman dezaketela erakutsi dute; esaterako, Oriol Cardona kataluniarrak. Nik baino bi urte gehiago ditu. Urtetik urtera indartsuago dago! Niri oraindik ere bi edo hiru urte bikain gelditzen zaizkidala iruditzen zait.
Segidarik ez izatea izan da zure ahulguneetako bat. Hori ere lortzeko bidean zaude?
Bai. Mendi eskiaren alde egin dudan apustua oso garbia da. Neure burua horretara bideratu nuen orain dela hiru urte. Oso gaztea nintzela hasi nintzen mendiko eskian, eta niretzat beti izan da denbora-pasa bat. Lehenbizi, ikasketak egin bitartean aritu nintzen zaletasun honetan, eta, geroago, lanean nenbilen bitartean. Orain dela urte eta erditik hona, helburu bakarra izan dut: Olinpiar Jokoak. Apustu hori oso garbia da. Nire onena eman nahi dut aurten eta hurrengo urtean. Handik aurrera, ikusiko dugu.
Zeure buruarengan gehiago sinestea falta zitzaizula ere aipatu izan dute kirol hau ondo ezagutzen dutenek.
Bai, askotan entzun izan dut hori. Askok aipatu izan didate entrenatzean hegan egiten dudala eta ondoren lasterketetan gehiago kostatzen zaidala. Egoerari buelta ematen ari naizela iruditzen zait, eta horretan ere lan handia egiten ari gara. Maila honetan, ezinbestekoa da bete-betean joatea, ezin da ezertan zalantzarik egin.
Mendiko eskia olinpiar kirol izango zela jakinarazi zutenetik, gero eta motibatuago zaude?
Zalantzarik gabe. Olinpiar kirol izanda, laguntza gehiago izateko aukera iritsi zaigu, eta nik ere errazago izan dut honetan buru-belarri aritzea. Oso motibatuta nago. Orain arte, eta, lehen aipatu bezala, ikasi edo lan egin bitartean jardun naiz kirolean, eta orain ezin diot uko egin ametsa betetzeari. Aukera izugarria da, eta aukera horri eutsi nahi diot.
«Laguntzek kirol honetan ondo eta lasai entrenatzeko aukera ematen digute gaur egun. Lehen ezinezkoa zen»
Espainiako selekzioarekin, gaur egun, hiru eskiatzaile ari zarete lehian Munduko Kopan: Cardona eta Ot Ferrer kataluniarrak, eta zu. Nolako harremana duzue?
Oso giro ona daukagu, baina azkenean hau kirol indibiduala da. Lehia hor dago, eta, jakitun gaude gehienez ere bi leku daudela Olinpiar Jokoetarako, eta gure artetik aterako direla. Espainiako selekzioak irizpide jakin batzuk dauzka ezarrita, eta joateko aukera lortzen badugu, indartsuenak izan garelako lortuko dugu. Horretan saiatuko gara.
Urte askoren ondoren, iaz jada babesle batzuen laguntza iritsi zitzaizun. Gaur egun, bizi daiteke mendiko eskiaz?
Lehiatzen ari zaren bitartean bai, baina utzitakoan lanean hasi behar da. Ez du gehiagorako ematen. Alde horretatik, hobekuntza handia izaten ari gara gaur egun. Laguntzek kirol honetan ondo eta lasai entrenatzeko aukera ematen digute gaur egun. Lehen ezinezkoa zen honetatik bizitzea.