Gaur aurkeztu dute aurtengo Kontxako Bandera, Donostiako udaletxean. Bi sailkatze estropadak kontuan hartuta, 43 traineru ariko dira, baina iazko txapeldunetako bat ez da izango: Santurtzi. Izena epez kanpo eman zuen, eta antolakuntzaren gonbidapen bereziak bakarrik sar zezakeen parte hartzaileen artean. Baina Donostiako Udalak ez du halakorik egin, eta Eneko Goia alkateak azalpenak eman ditu gaur: «Pena handia da Santurtzi ez aritu ahal izatea, baina ezin genion gonbidapena bidali; hori eginez gero, kanpoan utzi beharko baikenuke izena emateko prozedura guztia ondo bete duten taldeetako bat».
Horrenbestez, gizonezkoen sailkatze estropadan 24 traineru ariko dira datorren asteazkenean, 18:00etan hasita. Zazpi aurrenekoak ariko dira banderaren bila irailaren 4an eta 11n, Donostiarrarekin batera, hori aurrez sailkatua baitago. Bi multzotan banatu dituzte taldeak. A taldean izango dira Urdaibai, Cabo, Bueu, Ares, Getaria, Kaiku, Isuntza, Hondarribia, Ondarroa, Orio, San Pedro eta Zierbena. Beste hauek B taldean sartu ditu antolakuntzak: Arkote, Castro, Castropol, Zumaia, Deustu, Hibaika, Lapurdi, Mutriku, San Juan, Meira, Pedreña eta Zarautz.
Emakumezkoen sailkatze estropada egun bat geroago jokatuko dute, ostegunean, 18:00etan hori ere. Gizonezkoenean bezala, zazpi onenak sailkatuko dira, eta zain izango dute Donostiarra iraileko lehen bi igandeetan, bandera jokatzeko. 19 talde ariko dira ostegunean: A multzoan, Cabo, Chapela, Zumaia, Deustu, Arraun Lagunak, Hibaika, Hondarribia, Orio, Tiran eta Tolosaldea; B multzoan, Castro, Castropol, Perillo, Rianxo, Hernani, Mugardos, Ondarroa, Portugalete eta Zarautz.
Iraileko bi igandeetako estropadak 11:00etan hasiko dira, emakumezkoen bi txandekin, eta 12:00etan izango dira gizonezkoen biak. Ohi bezala, ez dute distantzia bera egingo: emakumezkoek erdia osatu beharko dute. Sarietan bai, sarietan berdintasuna izango da: irabazleek 25.000 euro jasoko dituzte, eta gainontzeko postuei dagozkien sariak ere berak izango dira gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Guztira, 85.500 euro banatuko dira sarietan.