Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Portugalete

Iazko sustoa izan eta gero...

Portugaletek komeriak izan zituen iaz San Miguel ligan jarraitzeko, eta lasaiago ibili nahi du aurten. Taldeari eutsi dio, eta ondo indartu ditu indartu beharreko lekuak

Portugaleteko trainerua, iaz, Zierbenan (Bizkaia), San Miguel ligari eusteko kanporaketan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Portugaleteren iazko denboraldia iluna izan zen zeharo. Nahiz eta argitsua iragartzen zitzaion neguko estropadetako emaitzak ikusi ondoren. Udaberrian, ordea, dena okertzen hasi zen, eta udan, lainorik beltzenak gainean izan zituen. Ez zen busti azkenean, San Miguel ligako kanporaketan mailari eustea lortu zuelako azken egunean, etxean bertan. Arnasa sakon hartu zuten klubeko kide guztiek iraileko igande hartan.

Aztertuko zituzten gero aztertu beharreko kontu guztiak zuzendaritzan, eta iazko iluntasuna argitzeko, lemazain berarekin jarraitzea erabaki zuten. Angel Gomezek bigarren urtea beteko du aurten Portugaleten. Hurrengo lana taldeari begiratu, zuloak antzeman, eta hobetzeko ahalegina egitea izango zen. Bai egin ere. Gomez berak azaltzea onena nolako jantzia eman dion iazko taldeari: «Gutxi asko, taldearen bizkarrezurrari eutsi diogu, eta, gero, indartu behar genuen lekuetan indartzen saiatu gara». Jantzi berria zaharra baino dotoreagoa den galdetuta, hauxe izan da erantzuna: «Kopuruz, luzeagoa zen iazkoa. Hau motzagoa da, baina aldaketak egiteko estropada batetik bestera aukera hobeak izango ditugu. Agian, aldaketa gutxiagorekin ibili beharko dugu, baina uste dut ona izango dela», esan dio BERRIAri.

Behin eta berriz aipatu du Gomezek solasaldian hitz hau: oreka. «Orekatuagoa izango da taldea iazkoaren aldean, irmoagoa». Horrela ulertzen da zergatik esan duen aldaketak hobeto aterako zaizkion, iaz ez bezala. Orekari heldu dio berriz ere, taldearen prestakuntza nola doan azaltzeko: «Aldez aurretik ezarritako bidean ari gara, helburuak behar bezala betetzen, eta horrek oreka eta lasaitasuna ematen dizkigu». Neguko eta udaberriko emaitzak txukunak ari dira izaten, nahiz eta Gomezek ez dien aparteko garrantzirik ematen: «Jakina da hobe dela emaitza ona ateratzea, horrek konfiantza, animoa eta indarra handitu egiten dizkigulako, baina zenbateraino diren zehatzak udara begira, hori zalantzan jarriko nuke. Izan ere, ez dago bakarrik gure esku gure helburuak betetzea, aurkarien lanak ere eragina izango du».

Oso garbi dauka zertara aterako den Jarrillera trainerua aste eta erdi barru Sevillan (Espainia) hasiko den ligan: «Lehenik eta behin, mailari eutsi nahi diogu, eta, horretarako, oso indartsu ekin nahi diogu lehiaketari, ahalik eta azkarrena sailkapenean leku erosoan jartzeko». Ez du esan zein talde izango dituen hain desiratua duen erosotasun horretan, ezta zein ibiliko den besteen gainetik ere; bakarrik San Juan eta Tiran aipatu ditu, eta hau esateko: «Uste dut bi talde horiek aurrerapausoa emango dutela goranzko bidean».

Fisikoa gehiago landu dute

Taldea egina izateak lanak aldarazi dizkio Gomezi neguan. Onerako aldatu ere: «Iaz, arraunkera hartzeko sekulako lan piloa egin behar izan genuen, eta ezin izan genuen alderdi fisikoa nahi bezala landu. Teknika jorratzeak kendu zion denbora fisikoari. Aurten ez. Taldea ia bera denez, aukera izan dugu alderdi fisikoa, erresistentziarena, ondo lantzeko, eta sekulako segurtasuna eman digu horrek».

Duela urtebete zeukan gorputzaldia eta irudipena oraingoaren aldean «ezberdinak ziren», Gomezen ustez. «Iaz baino hobeto gaude. Beste urtebete egin dugu lanean, iaz egindako lanari aurtengoa gehitu diogu, eta kilometro pila bat egin ditugu traineruan arraunean. Beste sendotasun bat daukagu aurten, eta arraunkera sendoagoa».

Ez dira gogoeta txarrak abiapunturako. Ematen du iazko sustoa azkar kenduko dutela gainetik, eta, hala bada, hortik aurrerakoak nolakoak eta zer lekutan izango diren, denborak erakutsiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.