Arrauna. Kontxako Bandera. Jon Unanue. Urdaibaiko arraunlaria

«Iazko Kontxako Bandera irabazitzat hartzen dut»

Irabazteko aparteko amorrazioa dauka, taldekide guztiek bezala. Barruan du aurreko urteko arantza, eta gutxi falta zaio ateratzeko; berak dioen bezala, bere «bigarren» Kontxa lortzeko.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRES.
Aitor Manterola Garate.
Azkoitia
2014ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Oteizaren pilotalekuetan hormak eta hutsuneak daude. Artista handiaren printzipioetako bat zen espazio hutsena. Hustuz bete edo. Horixe bera egin zuten Jon Unanuek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1988) eta Urdaibaiko bere taldekideek joan zen igandean, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Hustu egin ziren erabat barrutik, aurkariekiko aldea segundoz betetzeko, bandera preziatua Bermeoko klubaren kolore urdinez betetzen hasteko, eta iaz geratu zitzaien zulo handia aurtengo sariarekin betetzeko.

«Uste nuen han bertan hilko ginela», esan berri du Xabier Zulaikak, zure taldekideak, igandean egin zenuten ahalegin ikaragarria definitzeko. Hainbesterako izan al zen?

Ez du asko esajeratu Zulaikak. Hasieratik jo eta jo hasi ginen, eta azkar hasi zitzaigun kafe makina txistuka. Ematen zuen ez ginela helduko, baina heldu ginen. Irten zena irten zen. Egin genuena egin beharra zegoen berdeak [Kaiku] atzean utzi nahi bagenituen.

Noiz hasi zitzaizun kafe makina txistuka?

Bosgarren minuturako gorria jarrita zegoen.

Eta beste hamabost minutu falta oraindik...

Gorputzak geratzeko eskatzen zigun, baina buruak aurrera segitzeko, berdeak atzean utzi behar genituela, nola edo hala.

Jon Salsamendiren estrategia izan zen hasieratik bete-beteanateratzea?

Uda osoko estrategia izaten ari da gutxi-asko. Ez da erraza izan udan behar bezala lehiatzea, San Miguel ligan izan dugun zigorragatik lehen txandan aritu behar izan dugulako larunbatetan; baina beti atera izan gara alboan genuena egurtzera, hasi eta buka. Betiko moduan aritu ginen igandean.

Salsamendik aipatu omen zizuen ere Kontxako errekorra gertu izan beharko zenutela bandera irabazi nahi baduzue.

Bere garaian, duela astebete edo bi aste, aipatu zigun eguraldiaren baldintzak aldekoak izaten baziren errekorra egiteko gai izan beharko genuela Kontxako Bandera irabazteko pausoa emateko. Asmatu zuen, bai.

Asmatu bai, baina eskatu ere bai galanki, ezta?

Ohituta gaude. Arrauna horrelakoa da. Eman eta eman egin behar da, segi eta segi.

Jo behar zenuten lekuan jo zenutela esan zuen Gorka Aranberri patroiak. Zer esan nahi izan zuen?

Hori baino gehiago izan zen Kaiku guregana gerturatu izana baliatzea. Itsaslasterrak baliatzeko guregana jo zuen lehen luzean, estriborrera, eta bagenekien hori egiten bazuen metro gehiago egin beharko zituela, gero bere balizara joateko ziaboga ematera. Uste dut gero ordaindu egin zutela hori, bigarren luzean ere jo egin beharra zegoelako, eta nekea pilatuta zeukaten lehendik. Gure nahia zen Kaiku berotzea gure atzetik aurreneko luzean, eta horregatik atera ginen bete-betean.

Iazko arantza ere hor duzue. Aurreko astean askotan aipatu al zenuten taldean iaz gertatua?

Aipatu, beti aipatu izan dugu gure artean, baina aipatu gabe ere ondo gogoan dugu iaz gertatua.

Uda osoan antzeman izan zaizue halako amorrazio bat, iazkoa eta Ligako zigorra dela eta. Hala izan da?

Iruditzen zait alde guztietatik jasotzen ari garela, eta neurri batean, entzuten ari garen guztiak balio izan digu amorrazio hori elikatzeko. Udan ez zegoen lo hartzerik; ikusi duzu zein justu libratu garen Ligako jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko.

Kezka zenuten uda aurrera zihoan bezala gehitxo ari zinetela husten Ligako zigorra gainditzeko?

Hustualdia beti egoten da, baina aldaketa asko egin izan ditugu estropada batetik bestera, eta emaitza onak lortzen segitu izan dugu.

Zer espero duzu datorren iganderako?

Aurkari guztiei diegu errespetua, baina beldurrik inori ere ez. Gu bete-betean aterako gara berriz, haustera. Ez dezagun zorte txarrik izan; hori bakarrik eskatzen dut.

Ohorezko txandako talde guztiek duzue bandera irabazteko aukera?

Bai. Itsaso ona dago emanda, baina ikusi egin beharko da igandera bitartean zer bilakaera izaten duen eguraldiak. Txarra baletor, edozer gerta liteke, ikusi den bezala estropadaren batean edo bestean; gutxirekin aberia handiak egin dituelako itsasoak.

Zer moduz hasi duzue astea?

Umore onez gaude, pozik, emaitza onak laguntzen duelako beti. Gure lana egingo dugu aste barruan; hobetzeko asmoz, betiere.

Irabazten badu Urdaibaik bandera, zure aurreneko Kontxa izango da...

Bigarrena, bigarrena! Aurreko urtekoa irabazitzat hartzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.