Bigarrenez jarraian irabazi dute. Erkiaga eta Ibarluzea dira aurtengo Winter Series txapelketako garaileak, finalean Ladutxe eta Manciri gailenduta (15-10 eta 15-12). Hirugarren txapela du Ispastergo aurrelariak, eta bigarrena Markina-Xemeingo atzelariak. Gernikako Jai Alai pilotalekuan (Bizkaia) jokatu dute finala, eta bikaina izan da giroa.
Faboritoak ziren Erkiaga eta Ibarluzea txapelketaren hasieratik, baita finalean ere, eta merezita jantzi dute txapela. Puntista onenaren saria ere Erkiagak lortu du.

Hasieran parekatuta ibili dira, baina lehen setaren erdialderako tartea zabaldu da (7-4). Errenta horri eutsi diote Erkiagak eta Ibarluzeak.
Bigarren setean ere errenta txikiak izan dituzte alde irabazleek, eta tanto ederrak ikusi ahal izan dituzte pilotazaleek.