Entrenamendua amaitu berri du Irene Paredes Bartzelonako jokalariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1991), eta ohikoa duen gertutasunarekin erantzun dio deiari. Bartzelonarekin titulurik handiena irabaztea falta zaio: Txapeldunen Liga. «Izugarria litzateke», nabarmendu du. Eginez gero, emakumezko bigarren euskal futbolaria litzateke titulu hori irabazten. Argi esan du: «Iazko arantza atera nahi dugu.
Gaur jokatuko duzue final handia. Nola zaudete?
Urteko partidarik garrantzitsuena dugu aurretik, eta ondo eta gogotsu gaude. iruditzen zait sasoi onean ailegatzen garela.
Liga amaitu, eta bi aste izan dituzue finala prestatzeko, ez baitzenuten Espainiako Kopako Lauko Finala jokatu —Osasunaren aurka legez kanpo jokalari bat zelairatzeagatik zigortu zituzten—. Hainbeste denbora izatea halako partida bat prestatzeko ona edo txarra da?
Saiatu gara arreta eguneroko lanean jartzen, eta finalean askorik ez pentsatzen. Izan ere, bestela burua asko nekatzen da. Baina egia da tarte hori izateak lagundu digula entrenamenduetan gauza zehatzagoak lantzen. Hori beti da baliagarria. Izan ere, halako finalak detaile txikietan erabakitzen dira, eta beti komeni da gauza guztiak ondo lotuta izatea.
Haiek astebete izan dute bakarrik. Izan ere, aurreko asteburuan amaitu zen Alemaniako liga. Borroka betean aritu ziren, baina, azkenean, titulua Bayern Munichentzat izan da. Nola eragin diezaieke horrek?
Argi dago konfiantza aldetik zertxobait eragin diezaiekeela. Baina beste titulu bat jokoan duzunean, eta titulu hori Txapeldunen Liga bada, segituan ahazten duzu aurretik gertatutakoa.
Aurkaria diferentea da, baina aurreko sasoiko arantza kendu nahi duzue —3-1 galdu zuten Lyonen kontrako finala—?
Bai, nahiko gogorra izan zelako, bai guretzat, baita zaleentzat ere.Lehen minutuetan jaso genituen golak, eta ezin izan genuen nahi genuen jokoa egin. Oraingo honetan, titulua irabazteko aukera baliatu nahi dugu.
Zer ikasi duzue iazkotik?
Nik beti esaten dut partida guztietatik ikasten dela zerbait. Are gehiago halako neurketa batean. Iazko finala ikasgai handi bat izan zen. Balio izan digu talde moduan hazteko eta sendoagoak izateko. Gainera, uste dut urrats bat egin dugula partidak kudeatzeko orduan. Denboraldi honetan gehiago kostatu zaigu irabaztea. Partidak oso erraz irabazten dituzunean, baten bat maldan gora jartzen zaizunean, gehiago kostatzen zaizu buelta ematea, ez zaudelako ohituta halako egoeretara. Sasoi honetan halako gehiago izan ditugu, eta horrek lagundu egingo digu, ziur nago. Guretzat mesedegarria da ligaren maila igotzea. Zenbat eta talde hobeak egon eta txapelketa parekatuago izan, orduan eta behartuago zaude estutu eta egunerokoan hobetzera.
Lyonek bezala, Wolfsburgek esperientzia du Txapeldunen Ligako finaletan. Bost jokatu ditu, eta horietako bi irabazi. Horrek nolako eragina izan dezake?
Ez dakit zenbaterainoko eragina izan dezakeen. Baina argi dago zazpi Bundesliga eta bi Txapeldunen Liga irabazi dituen talde bat ez dela nolanahiko aurkari bat. Eskarmentu handia duen taldea da, eta bakarka kalitate handiko jokalariak dituena. Iaz haien aurka jokatu genuen finalerdietan. Joanekoan, Nou Campen, erraz irabaz genien —5-1 gailendu zen Bartzelona—; baina, itzulerakoan, galdu. Dezente sufritu genuen neurketa horretan. Beraz, argi dago goi mailako aurkaria izango dugula aurrean. Merezimendu osoz iritsi dira haiek ere finalera. Uste dut final irekia eta parekatua izango dela, eta ez dagoela faboritorik.
Zerk hautsi dezake parekotasun hori?
Esan bezala, detaile txikiek erabakiko dute finala. Akats batek, txartel gorri batek, penalti batek... gauzak alda ditzakete. Beraz,arreta handiz jokatuko behar dugu. Gainontzean, uste dutgako izango dela ondo ateratzea. Bete-betean atera behar dugu, eta, esan bezala, oso adi. Iazkoa lezio handia izan zen guretzat. Hori buruan daukagu, baina, beti esaten den moduan, zelaian erakutsi behar dugu.
Nondik egin diezaiekezue min?
Uste dut jokatzeko era oso desberdina duten bi talde arituko garela elkarren kontra. Haiek joko zuzena egiten dute, eta kontraerasoa da haien indargune nagusia. Gure kasuan, joko landuagoa egiten dugu, oinarri hartuta baloia edukitzea, eta lerro artean sortzen diren zuloen bidez min eginez. Uste dut min egiteko gai izango garela, baldin eta gure jokatzeko era ezartzen badugu, horrek eroso aritzea ahalbidetuko baitigu. Ez zaigu joan-etorriko final bat komeni, kontraerasoan oso talde arriskutsua eta ona delako Wolfsburg.
Arlo fisikoak eragina izaten du finaletan. Alemaniako taldeek fisikoki ahalmen handia dute. Nola zaudete zuek?
Ondo. Lehen hitz egin dugu iaz ikasitako gauzez, eta arlo fisikoarena beste ikasgai bat izan zen. Denboraldi honetan taldean txandakatze gehiago egon dira hasieratik. Kargak gehiago banatu ditugu, eta aurreko denboraldian izan ez genuen freskotasunarekin eta txinpartarekin iritsi gara denboraldi amaierara. Iruditzen zait finalean gako izango dela, uste baitut erritmo biziko partida izango dela. Fisikoki bete-betean ez bagaude, finala luze egingo zaigu.
Denboraldi osoa min hartuta egon eta gero, Alexia Putellas berreskuratu duzue, kapitaina dena eta urrezko baloiaren sariduna. Sasoi betean egon ez arren, nolako garrantzia du zuentzat bera jokatzeko moduan egotea?
Aste asko daramatza gurekin entrenatzen, eta jada izan du jokatzeko aukera. Argi dago halako lesio luze eta larri baten ostean denbora behar dela indarberritzeko, bai fisikoki, baita mentalki ere. Baina oso ondo ikusten zaio: indartsu, bere sasoia berreskuratzen. Taldearentzat, funtsezkoa da hura egote hutsa. Batez ere mentalki indar handia ematen digu, eta aurkariarentzat beste buruhauste bat da.
Oberford, Popp, Lattwein... Aukeratu beharko bazenu horietatik nork ez jokatu...
Lattwein, haien jokoan eragin handia daukalako.
Zure jardunari erreparatuta, zein balantze egiten duzu zuk egindako denboraldiaz? Kontuan izan behar da bigarren sasoia duzula Bartzelonan.
Ona. Partida honen faltan, gustura eta pozik nago egin dudan lanarekin. Iruditzen zait denboraldi txukuna egiten ari naizela. Aurreko sasoiko aldaketa guztien ostean, askoz egonkortuago eta erosoago ikusten dut neure burua. Dena errazago ateratzen zait. Gainera, partida asko jokatu ditut. Txapeldunen Liga irabaztea izugarria litzateke. Hazten jarraitzeko eta Txapeldunen Liga irabazteko etorri nintzen hona. Ez badugu lortzen, lanean jarraituko dugu. Izan ere, ez da erraza. Lan handia dago atzetik. Hona etortzen zarenean, barrutik bizi duzunean, konturatzen zara zergatik funtzionatzen duten gauzek hain ondo. Gainera, hemen ez zaio bakarrik balioa ematen irabazteari: irabazteko moduari ere erreparatzen zaio.
Irene Paredes. Bartzelonako jokalaria
«Iazko finala galtzea ikasgai handia izan zen guretzat»
Txapeldunen Ligako finala jokatuko du gaur Paredesek. Erdiko atzelariak nabarmendu du aurreko sasoiko taldearekin alderatuz partidak hobeto kudeatzen ikasi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu