Sentsazioei helduta, Javier Ruiz de Larrinagak (Ametzaga Zuia, Araba, 1979) ahaztu egin nahi ditu lasterketetako postuak. «Ariketa hori beharrezkoa da munduko kopetan lehiatzea erabakitzen duzunean». 30. postuaren jiran ibili da orain artean. «Baina iaztik pauso bat eman dudala nabari dut». Gaur dauka Munduko Kopako laugarren proba, Namurren (Txekiar Errepublika), baina ez dauzka ahaztuta Euskadiko Txapelketa —abenduaren 28an, Izarran (Bizkaia)— eta Espainiakoa—urtarrilaren 11n, Gijonen—.
Begiradaren araberakoa izango da, noski, baina zein da orain arte egindakoaren balorazioa?
Ona da balorazioa. Aurten aldaketa handia izan dugu MMR-Spiuk-en. Aida Nuño asturiarra sartu da taldean, eta Munduko Kopa osorik jokatuko dugu. Nazioarteko egutegiari begira ari gara lanean. Postuei dagokienez, ez gara ari hobetzen, baina segundo galera kontuan hartuta, bai; Munduko Kopan, batez ere. Horri esker, abenduan etxeko lasterketak jokatzen ari gara jada. Aitorren [Aitor Hernandez] parera iritsi gara. Joan den asteburuko hiru probak dira horren erakusgarri: Asteasu, Igorre eta Puente Viesgo. Esprintean irabazi zizkidan bi, eta nik irabazi nuen bestea. Orain sartuko gara denboraldiko zatirik garrantzitsuenean.
Nahi baino gehiago kosta zaizu egitura berrira egokitzea?
Ez... Espero genuen bezala joan da egokitzapena. Lasterketa garrantzitsuetara fisikoki ondo iristea gustatzen zait niri, baina denboraldi hasiera ona izan zela uste dut. Atzerrian jokatu ditugu proba gehienak, eta horrelakoetan meritua kentzen zaio egiten ari zarenari. Beti izaten da garrantzitsua lasterketak irabaztea, zure ahotsa entzuten delako batean eta bestean. Baina munduko kopekin oso zaila da oihartzuna lortzea. Pozik nago, hala ere.
Joan den urtearen traza handia dauka aurtengoak: Aitor Hernandez nagusi ia sasoi osoan, eta zure agerpena azken aldera.
Bai... Baina joan den urtean oso-oso larri iritsi nintzen Espainiako Txapelketara. Ez nuen lortu garaipenik aurreko astera arte, eta aurten ondo nabil abendurako. Iaz baino hobeto nagoela nabaritu dut, nahiz eta horrek ez duen esan nahi Espainiako Txapelketa irabaziko dudanik.
Espainiako Kopa eta euskal egutegia jokatu, edo nazioartera joan. Betiko eztabaida da hori: txikian egurrean ibili, edo handian ahal dena egin.
Urte dezente daramatzat ziklo-krosean, eta ni ere ibili nintzen Aitor orain dabilen moduan. Urteren batean 13-14 proba ere irabazi nituen, Espainiako Kopa ere bai... Baina Munduko Kopa osorik jokatzeko aukera sortu zait aurten, eta ezin nion uko egin. Noski, egia da garaipenei dagokienez emaitzak ez direla berberak izango, baina Munduko Kopan edo Belgikako lasterketetan 30. postua hobetzeko aukera daukagu egutegi honekin.
David Secok erretiroa hartu, Egoitz Murgoitiok bide berbera aukeratu... Euskal Herriko ziklo-krosak gehiegi nabaritu du bi txirrindulari horien hutsunea?
Baietz uste dut. Urte on asko izan zituen David Secok, eta, bere kasuan, adina zela-eta hartu zuen erretiroa. Urte zailak egokitu zitzaizkion, eta hark mantendu zuen euskal ziklo-krosa goian. Baina Egoitz Murgoitiok ez jarraitzea izan da benetako kolpea. Azken bi urteotan lasterketa politak egin genituen Aitorrek, Egoitzek eta hirurok; zenbat eta maila hobea izan, orduan eta zailagoa da irabaztea, eta are gozoagoak izaten dira garaipenak.
Munduko Kopa jokatzeaz gain, aurten oso emaitza onak lortu dituzu Superprestigioan: 28. postuan Gaveren eta 23. Span.
Uste dut Spakoa izan dela Belgikako nire lasterketarik onenetakoa. Zorte txarra izan nuen amaieran, gurpila zulatu zitzaidalako; 15-18. posturako lehian sartuta nenbilen, eta nire inoizko emaitzarik onena izango zen. Aurrenekoek itzuli bat ez irabaztea izaten zen erronka lehen, eta onenengana gerturatzea orain.
Urrutira joan gabe, Munduko Kopako laugarren proba izango duzue gaur, Namurren.
Hala da, bai. Lehen 25en artean sartzea da erronka. Hurrengo ostiralean, berriz, Zolderren daukagu Munduko Kopako proba, hainbesteko lokatzik gabe, zirkuitu azkarragoan. Emaitzarekin erotu gabe, hobetzea da helburua, onenengana gerturatzea. Handik bueltan, hilaren 28an daukagu Euskadiko Txapelketa, Espainiako Txapelketa atzetik...
Emakumezko txirrindulariak berdintasun eske ari dira denboraldi guztian. Zuek ere bat egin duzue eskaera horiekin.
Bidegabekeriaren bat ikusten duzunean, mugitzen saiatzen zara beti. Emakumezkoen kirolari oro har, eta ziklo-krosari bereziki, ez zaio ematen daukan garrantzirik. Azken lerroan daude. Baina garrantzitsua da haiek elkartu, babesa jaso, eta mugimendua sortu izana. Pausoak eman behar dituenak pauso horiek ematea falta da orain, eta, babes horrekin, pixkanaka, emakumezkoek eurek geroz eta lasterketa gehiago jokatzea. Gure kasuan, Aida Nuñoren aldeko apustua egin du taldeak, eta Munduko Kopa osorik jokatzeko aukera izaten ari da. Hori da bidea.
Javi Ruiz de Larrinaga. MMR-Spiuk taldeko txirrindularia
«Iaz baino hobeto nagoela nabari dut»
Munduko Kopa osorik jokatuta, Javi Ruiz de Larrinagak badaki etxean apaldu egingo dela oihartzuna, baina apustu irmoa egin du nazioartean. Namurren izango da gaur, Munduko Kopako laugarren proban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu