Arrauna

«Iaz baino hobeto gabiltza»

Juan Zunzunegik, Zierbenako entrenatzaileak, balioa eman dio taldea egiten ari den sasoiari

Zierbenako arraunlari bat burua itsasoan freskatzen, Orioko estropada bukatu berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Euskadiko Traineru Txapelketan ere ez. Aurtengo udan banderarik irabazi ezinda dabil oraindik Zierbena, gertu-gertu ibili arren estropada askotan. Herenegun ez, urrun geratu zen Lekeition, txapelketan, eta etsipen puntua eragin dionik ez du ukatu Juan Zunzunegi (Vigo, Galizia, 1976),Zierbenako entrenatzaileak: «Irabazteko asmoarekin joan ginen, baina gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala atera, ez genuen arraunean egin dakigun bezala, eta, irabazteko aukera genuenez eta ez ginenez gai izan geurea egiteko, min ematen du».

Egun txarra izan zutela gehitu du: «Arraunean deseroso ibili ginen, gure betiko arraunketatik aparte, eta, hori gertatzen denean, normala izaten da lehiatik kanpo geratzea». Honela biribildu du baieztapen hori: «Irabaztera atera, eta ikusten duzunean ez zoazela ondo, oso erraza izaten da atzean geratzea eta segundoak gainera erortzea». Hemezortzi atera zizkion Hondarribiak herenegungo Txapelketan, eta bosgarren sailkatu zen Zierbena.

Irabazi nahi, baina ezin. Irabazteko taldea eduki, baina orain arte kale. Irabazteko taldea osatu, baina banderarik ez. Eta denboraldia aurrera... Hori dena nola kudeatzen ari den azaldu du entrenatzaile eta arraunlari galiziarrak: «Ez da samurra astea joan eta astea etorri hitz berak esatea arraunlariei, ondo ari garela eta helduko dela garaipena. Horregatik, abuztuan sartuta gaudelarik, beste bide bat hartu dut: esan diet helburua dela estropadetan gozatzea, arraun eginez gozo sentitzea». Ez da galduta dabilen entrenatzaile baten burutazio zelebrea: «Azkenean, estropadarik onenak egin ditugu gozatzera atera garenean, loturarik gabe arraun egin dugunean». Presioa kendu nahi die arraunlariei, irabazi ezinaren zama arindu: «Ondo pasarazteko eskatzearen atzean horixe dago, bai», onartu du.

Zierbenaren inguruan bada beste matraka bat ere: Eusko Label ligan ez bezala, araudiagatik, gainontzeko estropadetan talde onena atera dezake. Datu zehatz batekin birrindu du, neurri batean, uste hori: «Orion bandera irabaztetik hemezortzi ehunenetara geratu zen taldetik aldaketa bakarra egin nuen Euskadiko Txapelketan, ligako araudia bete beharrik gabe». Uste baino alde txikiagoa dago ligan atera behar izaten duenaren eta hortik kanpo atera dezakeen taldearen artean: «Ez dizut ukatuko aukera ematen didala araudirik gabeko estropadetan aldaketa txiki batzuk egiteko, baina ligako taldea bestea bezain ona da».

Beharko izan. Bestela, ez litzatekeelako hirugarren egongo ligako sailkapenean. Ez lukeelako lortuko, lortu duen bezala, bigarrenaren eta seigarrenaren artean sailkatzea Eusko Labeleko orain arteko hamaika estropadetan. «Ligako taldea ona ez bagenu, ez ginen egongo Hondarribia handi honetatik bost puntura bakarrik, eta ez ginen lau bider bigarren geratuko», esan du tinko Zunzunegik.

Nahi du taldearen lanari balioa eman, nahi dio eman indarra Zierbena aurten egiten ari denari, nahiz eta, iaz ez bezala, banderarik ez duen irabazi oraindik ligan [iaz bat irabazi zuen, Aresen, Galizian]: «Iaz baino hobeto gabiltza, horretan ez dut dudarik». Berriz ere datu zehatzak plazaratu ditu: «Ohorezko txandan oso ondo ari gara lehiatzen aurten, eta iaz, aldiz, ezinean aritzen ginen askotan. Larunbat batzuetan lortu genuen igandeko txanda nagusian aritzeko aukera, baina gero lekuz kanpo bezala ibiltzen ginen. Aurten, ia estropada guztiak egin ditugu azkeneko txanda horretan, eta emaitzak hor daude».

Irabaztea zein zaila den gehitu du: «Lau talde gabiltza orain ohorezko txandan lehia estuan bandera zeinek eramango. Begira nola dabiltzan Urdaibai eta Hondarribia ere, eta Orioren inguruan beste horrenbeste. Badirudierraza dela bandera bat irabaztea, baina azterketak ondo eta perspektiban jarrita egin behar dira».

Kontxa eta prestakuntza

Abuztuko estropadak ere bizi joango dira, uztailekoak joan diren bezala: «Gutxiago dira orain, gainera», esan du Zunzunegik. Kontxako Bandera ere laster izango da, konturatzerako, eta galdetu egin behar Zierbenako entrenatzaileari prestakuntzaz eta abar: «Egindako lanak eginda daude, eta orain, gauza txikiak egin daitezke hemendik aurrera, arraunlariren bati atseden eman eta halakoak». Gogoeta indartsu hau gehitu du gero: «Garbi daukat ligan zerbait nahi duenak ez duela ligakoa sakrifikatuko Kontxari begira. Azkenean, Donostian arrisku handia izaten da gauzak nahi bezala ez ateratzeko, eta sailkatze estropadako eguna ere hor sartzen dut, oso estropada arriskutsua delako. Sartzeko hautagai handia den bat ere gera daiteke kanpoan egun horretan, eta orduan zer egiten duzu?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.