Aitzol Atutxa. Aizkolaria

«Iaz, askorentzat Vicente zen faborito, eta irabazi egin nion»

Maila nagusiko lau txapel dauzka jada Aitzol Atutxak, jokatu diren azken laurak, hain zuzen. Bosgarrena jarraian irabazi nahi du etzi, baina badaki oso gertu duela Iker Vicente. Baikor dago, hala ere.

Unai Ugartemendia.
2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Zazpi urte joan dira Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia, 1988) estreinakoz aritu zenetik maila nagusiko finalean. Urruti geratu da Elizondon (Nafarroa) jokatu zen 2011ko ekitaldi hura. Ordutik, urtero izan da finalean. 2014an irabazi zuen lehen txapela, Beasainen (Gipuzkoa), eta ordutik jokoan egondako hirurak ere bereganatu ditu. Bosgarrena nahi du orain.

Igandean jokatuko duzu finala. Sasoiko zaude?

Sasoia joan eta etorri egiten da, baina espero dut finaleko egunean oraindik sasoi hobea izatea. Oraingoz, ondo nago.

Nola joan da uda?

Uda luzea izan da, makina bat erakustalditan aritu bainaiz. Abuztua ona izan zen, bi txapelketa irabazi bainituen: Urrezko Kopa eta Ramon Latasa zenaren omenezkoa [Julen Alberdi Txikia II.a izan zuen bikotekide]. Ondoren, irailean, erakustaldi asko izan nituen berriro, eta maila nagusiko kanporaketa ere jokatu nuen, eta agian hor nekatu samar sentitu nintzen. Baina bestelakoan, gustura nago. Geroztik, buru-belarri ari naiz prestatzen igandeko finala.

Azken lau urteetako irabazlea zara. Faborito ikusten al duzu zeure burua?

Batzuek hori esaten dute. Beste askok, berriz, Ikerren [Vicente] aldeko apustua egiten dute; eta azkenik, baten batek Larrañaga ere aipatzen du... Hirurak ageri gara faboritoen artean, baina irabazteko aukera ezberdinekin. Hala ere, finalean ariko diren beste hirurak ere ezin ditugu ahaztu.

Vicente aipatu duzu lehenik. Askorentzat bera da faboritoa.

Bai, uste dut bakoitzak bere faboritoa duela. Aurten biak irabazi ditugu txapelketak, eta badakit bera ere oso ondo ibiliko dela.

Iaz, hemezortzi segundo eskasen aldea bakarrik izan zen zuen artean, eta askok esan zuten horixe izango zela irabaziko zenuen azkeneko txapela. Hala ere, aurten oraindik oso handian zaudela erakutsi duzu.

Nik askotan esan izan dut zaila izaten dela gora iristea, baina oraindik zailagoa dela goian eustea. Gailurrera iristen zarenean badakizu noizbait jaisten hasiko zarela, nahiz eta ez jakin noiz izango den, urtebete barru, bi urtera, hirura edo laura. Horretarako prestatuta egon behar da. Hala ere, egia da lau urtean hor egon naizela ere, eta hor jarraitzen dudala. Ni saiatuko naiz bolada onari jarraipena ematen. Hemezortzi segundo izan ziren iaz Ikerren eta nire artean, baina orduan askok hura jotzen zuten faboritotzat, eta irabazi egin nion.

Mikel Larrañaga ere hor izango duzue zain, baten batek huts eginez gero.

Niretzat ez da inolako ustekabea Larrañagak azkenaldian eman duen maila, urte asko daramatza-eta maila handian. Gipuzkoako Txapelketa irabazi izan du, eta urteak daramatza bigarren izaten, podiumean, ziurra izan da azken urteetan finalean, hirugarren izan da azken bi ekitaldietan... Hori ez da kasualitatea, eta aurten ere lehian izango da, irabaztetik inoiz baino gertuago.

Hain zuzen, finalerako kanporaketan aurretik izan zenuen Larrañaga. Espero al zenuen?

Txanda berean aritu ginen biok, eta irabazi egin zidan. Hor ikusten da zer-nolako maila duen. Urrezko Kopan, Donostian, nik irabazi nuen, eta orduan Vicente eta Larrañaga atzetik izan nituen.

Vicente eta Larrañagaz gain, besterik ikusten al duzu txapela irabazteko lehian?

Egia da agian gu hirurak izan garela azken urteetan aurrean ibili garenak, baina ezin dugu ahaztu finalean zein izango diren. Esaterako, Iñaki Azurmendi, Euskal Herriko txapeldun izandakoa, Gipuzkoako txapeldunorde da, eta lan luzeetan oso ondo moldatzen da, eskarmentu handia baitu. Bestalde, Joseba Otaegik badaki zer den txapeldunorde izatea, 2016an, eta urtetik urtera goraka doa. Eneko Otañok, berriz, lehen finala izango du, eta badakigu aurreneko aldian ez dela asko gozatzen. Baina jada jokatu du final bat, Gipuzkoako Txapelketakoa.

Non egongo da finaleko gakoa?

Denok dakigu zer den finaleko lana egitea, Otaño kenduta: lau kana-erdiko, lau hirurogei ontzako eta lau oinbiko moztu beharko ditugu. Egurraren kalitateak beti ematen du zeresana. Neurriak zehatzak izan arren, enborren gogortasuna ez dugu jakiten finala iritsi arte. Askotan kana-erdikoa izan daiteke denetan gogorrena. Nik uste dut lan erdietatik aurrera erabakiko dela lehia, gehienetan gertatzen den antzera.

Irabaziz gero, bosgarren txapela jarraian eskuratuko duzu. Onenen pare jarriko zinateke.

Hala da, bai, baina, irabaziko ez banu, ez dut uste lau txapel izatearekin konformatuko nintzatekeenik. Besteren bat irabazten saiatuko nintzateke, eta horretarako jarraituko dut lanean. Irabazten badut, zer esanik ez. Bat irabaztea jada ametsa izan zen.

Zer-nolako finala gustatuko litzaizuke?

Giro polita sortzea gustatuko litzaidake. Azken urteetako aldaketa ikustea gustatuko litzaidake, aizkolari gazteak iritsi direla ikustea, alegia. Oso ondo moldatzen gara elkarrekin, interes berak baititugu denen artean. Aizkolari gazteak gara, kirolari gazteak, pertsona gazteak... Askok esaten digute farmaziako aizkolariak garela, baina gure ilusioa eta lan egiteko gogoa hor daude. Gustatuko litzaidake jendeak ikustea aldaketa bat badela.

Txapelketa amaituta, denboraldia amaitutzat emango al duzu?

Hasteko, azaroaren 10ean, Loiun [Bizkaia], Ikerrek, Xabier Obegozo Arria V.ak eta hirurok hamalau kana-erdikoko lana egiten neurtuko ditugu indarrak. Lehenbiziko aldiz egingo da erronka hori. Gero, urte amaiera arte atseden hartzea erabaki dut, eta, horregatik, ez dut parte hartuko Urrezko Aizkorako Kopan. Eta, datorren urtera begira, batek daki nola amaituko dugun hau. Urtea amaitzean, balorazioak egiteko unea iritsiko da.

Negurako ez al dago apustu usainik?

Oraingoz, ez dago ezer. Hala ere, txapelketaren finalak emango du horretarako zeresana, postuak nola nabarmentzen diren, nola sailkatzen garen... Hortik azaleratuko dira goseak eta tirabirak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.