Zer den kirola. Lehen fase luzean halako konfiantza erakutsi eta sendo eta eraginkor aritu ondoren, Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak kolpe galanta hartu dute gaur Iruñeko Labrit pilotalekuan, Iñaki Artolaren eta Ander Imazen kontra 22-13 galduta. Lehenbiziko fasean hamalau partida jokatu eta 11 irabazita, faborito argi gisa atera dira gorriak, baina huts egin dute iragarpenek. Besteak beste, partida biribila jokatu baitute Artolak eta Imazek. Iragan astean txapelketatik kanpo izan zuten hanka eta erdi, baina garaipen garrantzitsua lortu zuten azkenean, eta finalerdietara faboritoen presiorik gabe iritsi izanak mesede egin die. Txapelketa honetan sarritan egin duten bezala, atzetik hasi dute neurketa, baina lana eta patxada oinarri hartuta, buelta eman diote norgehiagokari. Pilota makalago bat baliatuta, Artola eta Imazen esku egon da partidaren kontrola, eta eroso gailendu dira azkenean. Hala, ia kalean gelditutako bikotea barruraino sartu da txapelketan.
Askoz egokiago eta erosoago jokatzen hasi dira Jaka eta Mariezkurrena. Atzelariak gogor astindu du pilota, eta garbi erakutsi dio bizkarra Imazi. Errebotean sartu du pilota bat nafarrak, eta aurreko koadroetan ere abilezia erakutsi: horma-biko eder batekin lortu du 3-1ekoa. Jakak aukerako pilotetan soilik arriskatu du, ez baitzuen zertan bestelakorik egin. Gorrien nagusitasuna erabatekoa zen, eta zaila zirudien lehiaren gidoia aldatzea (6-1). Hots, une batetik bestera errotik aldatu da guztia. Jakak bizpahiru opari egin ditu jarraian, eta partidan sartu ditu aurkariak. Aukera ez dute alferrik galdu urdinek. Saskitik euren pilota aterata, markagailuak adierazten zuen aldea murriztuz joan dira: 6-3, 8-4 eta 9na. Artolak min egin du bere erritmo aldaketekin, eta Imaz oso sendo aritu da. Txanponaren beste aldean, ataka estuan sartu dira Jaka eta Mariezkurrena, eta tentsioa ezin egoki kudeatuz ibili dira. Lehen atsedenaldi luzera aurretik heldu dira urdinak, 9-12.
Bada, Jakak eta Mariezkurrenak euren onetik aterata jarraitu dute atsedenalditik bueltan. Ziurrenik, aurkarien pilotak eraginda. Oso adierazgarriak izan dira haien keinuak. Hanka nabarmen sartu dute behin baino gehiagotan, eta ia inoiz huts egiten ez dituzten pilotak galdu. Alarma gorri guztiak pizten ari ziren haientzat, eta horixe bera baliatu du Artolak behetik gora egiteko. Jokoan asko sartu da, ezker airez bizi ibili du pilota, eta errematean ere aski tanto politak lortu ditu. Alegiarra eta Imaz zortzi tanto gehiagorekin heldu dira bigarren atsedenaldira: 10 eta 18.
Bueltan, bestelako jarrera batekin kantxaratu dira Jaka eta Mariezkurrena. Kale edo bale, neurketaren norabidea aldatzen saiatu dira, baina guztiz egun okerra izan dute aurrean. Zorteak ere ez die asko lagundu. Ligaxka soilik hiru partidakoa izaki, ahalik eta emaitza onena lortu nahi izan dute azkenean, tanto bakoitzak urrea balio baitezake, baina helburu hori ere ez dute lortu. Artolak eta Imazek aise irabazi diete.
Aspekoen lehia, Gasteizen
Aspeko bi bikoteren txanda izango da bihar, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Hain zuzen, aurrez aurre ariko dira Altuna III.a-Martija eta Peio Etxeberria-Zabaleta bikoteak (17:00, ETB1). Partida irekia espero da, eta baliteke gakoa Zabaletak izatea. Ligaxkan ez du bere mailarik onena eman, baina sasoia berreskuratzen badu, min handia egin dezake Ogetako kantxa azkarrean.