Arrauna. Ugaitz Elu. Ondarroako arraunlaria

«Ia ezinezkoa dirudi etxean bandera irabaztea, iaz egin bezala»

Denboraldia amaitzen ari da, eta Ondarroak bere buruari ezarritako helburua bete dezake. Gaur etxean jokatuko du estropada, eta aukera du maila gorenean segitzeko (18:15, ETB1).

ONDARROAKO ARRAUN ELKARTEA.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Azken urteetan trainerua etengabe eraberritzera ohituta dago Ondarroa. Aurten ere hala izan da. 11 arraunlarik taldea utzi zuten, eta Eusko Label liga gogorrean irauteko oinarri lehiakor bat osatu behar izan zuten denboraldi hasieran. Egitasmo horretan, etxeko jendea funtsezkoa da, taldean tinko jarraitzen duten horiek. Horien artean dago Ugaitz Elu (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Hura beteranoa da jada, baina harrobitik igo berritan zuen ilusio bera du oraindik ere. «Sasoi zaila» dela esan du. Hala ere, «ontzat» jo duAntiguako Ama-k osatu duen denboraldia.

Nola doa denboraldia?

Hasi aurretik, nahiko urduri geunden: Errastik taldea berritu egin behar izan zuen, eta ez ginen egoerarik aproposenean. Hori dela eta, uztailean nahiko larri aritu ginen. Baina abuztuan gora egin dugu, eta taldea ondo dago. Adibidez, Getxon eta Santurtzin estropada onak egin genituen; oso gustura egin genuen arraun. Emaitzak ez dira izan nahi bezain onak, baina helburua mailari eustea zen, eta bi estropadaren faltan badirudi lortuko dugula.

Zer moduz dago taldea orain?

Sasoiz ondo dago; abuztuan, pixka bat egiten dugu gora, ia urtero. Talde batzuk, agian, prestaketa lehenago burutzen dute, baina guk denboraldiko zati honi begira egiten dugu lan; ondo heldu gara.

Itsasoan ondo moldatzen zaretela kontuan hartuta, hobeto aritzea espero zenuten?

Isuntza, adibidez, gehiago nabarmendu da itsasoan, eta aukera gehiago izan ditugu ibaian hura gainditzeko. Baina Santurtzirekin edo Kaikurekin alderatuta, itsasoan hobeto moldatzen gara. Getaria ere oso ondo aritzen da itsasoan. Badirudi gehiago eman dezakegula, baina urtetik urtera taldea aldatuz joaten da, eta zaila da mailari eustea. Maiatzean, jakin izan bagenu orain horrela egongo ginela, konforme geundeke; beraz, pozik gaude egin dugunarekin.

Gaur etxean jokatuko duzue, eta bihar, berriz, Getarian (Gipuzkoa). Zer itxura hartzen diezu bi estropada horiei?

Arraunean egiteko estropada zailak dira biak ala biak; batez ere, olatua albotik datorrelako. Ondo egin behar da arraunean teknikoki, eta ikusiko dugu nola moldatzen diren taldeak. Guk badakigu nola egin behar dugun; ea txanda irabazteko aukera dugun. Aurten, mareari eta eguraldiari erreparatuz gero, badirudi beste txandakoen baldintzak gureak baino hobeak izan daitezkeela; beraz, ia ezinezkoa dirudi etxeko bandera irabaztea, iaz bezala. Getarian, berriz, aldaketak izango dira Kontxako Banderari begira; ea mailari eusten diogun.

Berriro irabaztea ia ezinezkoa izan arren, badago ospatzeko arrazoirik?

Denok dakigu gure helburu nagusia ligan jarraitzea zela. Zorte pixka batekin, ea txanda irabazten dugun, eta hori gertatzen ez bada, ea gutxienez mailari eusteko behar ditugun puntuak lortzen ditugun. Dena dela, ospatzeko estropada izan daiteke.

Aurten ez da horrelako ezusterik izan. Zer behar da zuenaren pareko talde batek estropada bat irabaz dezan?

Aurten ez da gertatu, ez. Estropadaren batean espero zitekeen halakorik; adibidez, Cabon. Eguraldi aldaketarekin gertatzen dira horrelako ezustekoak, baina beranduegi etorri edo aurretik etorri da kasu horietan. Beraz, lehenik txanda irabazi behar da, eta, gero, une egokian eguraldia aldatzea. Ez da erraza hori guztia gertatzea. Iaz, bagenekien eguraldi eta marea aldaketa zetorrela Ondarroan. Hori jakinda, bai gu bai Cabo txanda irabaztera irten ginen, esperantza genuelako. Aurten, ordea, ez da aukera hori egongo.

Liga amaitzear da, baina Kontxako Bandera dago tartean. Aurreko denboraldian sailkatzea lortu zenuten. Aurten nola ikusten duzu?

Jada prestatzen ari gara Kontxako Banderarako, baina badakigu beste taldeak ere horretan ari direla, oso serio gainera, eta benetan zaila izango dela berriro sailkatzea. Gure esku dagoen guztia egingo dugu barruan egoteko, baina zaila da jakitea lortuko dugun edo ez.

Kontxako Bandera alde batera utzita, zer deritzozu denboraldiari

Nire ustez, denboraldia oso ona izan da. Batez ere, Errastik aukera izan du gazteak taldean sartzeko: Unax [Bedialauneta], Markel [Kalzakorta], Andoni [Lopez] eta Xanet [Gimeno], besteak beste. Ondarroarentzat, oso garrantzitsua da harrobia atzetik izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.