Goian jarri zuen langa. Oso goian. Bartzelonara maleta astunarekin joan zen Missy Franklin (Pasadena, AEB, 1995). Igeriketaren historia liburuan parez pare sartzeko bainoago, azalean bere argazkia jartzeko moduko erronka hartu zuen. Zazpi urrezko domina lortu nahi zituen, aurretik Michel Phelpsek bakarrik lorturiko balentria. Misilak, hori du goitizena, baina, behin egin zuen kale, estilo libreko 100 metroko proban, eta sei bakarrik irabazi ditu. Dena den, 18 urte ditu, eta oraindik izango du langa igarotzeko aukerarik. Londresko Olinpiar Jokoetan etorkizuna bera zela esan zuen, egun oraina bilakatu dena.
Hitz egitean inozentzia dario Franklini, eta keinuetan, nerabezaroa. Igandean bukatu zen munduko txapelketa, eta ez zen ospakizun handirik izan. Hotela goizeko lauretan utzi behar zutenez, selekzioko kideekin egon zen logelan filmak ikusten. Argazkia jarri eta guzti egin zuen Twitter sare sozialean. Inork gutxi esango zuen sei urre irabazi berri zituenik: bizkar estiloko 100 eta 200 metrokoak, estilo libreko 200 metrokoa eta txandakako hiru dominak. Sei dominetatik hiru taldeka lortu izanak kendu zion igerilari onenaren saria. Katie Ledecky herrikideak jaso du.
13 urte zituenean Pekingo Olinpiar Jokoetara joateko zorian egon zen. Londresen kendu zuen arantza, urrezko lau domina eta brontze bat eskuratuta. Munduak ezagutu zuen, eta AEBetan izar bilakatu. Bartzelonan ez duPhelpsen errekorra berdindu, baina bai igerilari batek txapelketa batzuetan inoiz lorturiko bigarren uztarik onena. «Zortzi egunak oso onak izan dira; asko ikasi dut, eta bedeinkatua sentitzen naiz esperientzia honekin. Selekzioaz harro nago!».
Sentimendu abertzaleak are kutunago bihurtu du Franklin AEBetan. Gurasoak kanadarrak dira, eta Franklinek herritartasun bikoitza du. Bere garaian zein selekziorekin lehiatu aukeratu behar izan zuen, eta kanadarra izan da txapelketetarako sailkatzea errazagoa izan zitekeen arren, AEBen alde egin zuen. Podiumera igotzen den bakoitzean ereserkia harro abesten du.
Munduko txapelketaren ondoren bere ibilbidea aldatuko da. Orain arte bere betiko klubean—Colorado Stars— eta betiko entrenatzailearekin entrenatu da. Aurrerantzean, baina, NCAAko probetan murgilduko da Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia, AEB). Profesionaletan igeri egiteko aukera zuen, eta eskaintza onak jaso zituen, baina Franklinek unibertsitate aroa igaro nahi du, han entrenatuta 1,85eko bere giharreria are gehiago hobetuko dela sinetsita baitago. Non du muga? Auskalo. Hurrengo saio handia bi urte barri izango da, Kazanen (Errusian).
AEBak nagusi
Domina zerrendari dagokionez, AEBak izan dira nagusi Bartzelonan. 33 domina lortu dituzte, horietatik 15 urrezkoak. Txina gero eta gertuago du, 26 lortu baititu, eta horietatik 14 urrezkoak. Errusia izan da hirugarren, baina bi dominatzaile handiak baino koska bat beherago dago: 19 lortu ditu, bederatzi urrezkoak.
Ia bete-betean jo du misilak
Missy Franklinek urrezko sei domina lortu ditu Bartzelonako Munduko Igeriketa Txapelketan. Zazpi lortzeko erronka jarri zion bere buruari, baina, hala eta guztiz, hura izan da izar nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu