Aurkariek eta bikotekideek berdin miretsi izan dute Javi Urrizaren gaitasuna. Erremontista ohi eta erremontista ugari bildu dira Urrizaren agurreko prentsaurrekoan gaur, eta zer-nolako hutsunea utziko duen nabarmendu dute guztiek ere.
Ikusi gehiago
Kike Elizalde, Oriamendi enpresako intendentea
«Egunero entrenatzen ginen elkarrekin, astean zazpi egunez»
Urrizaren ibilbidearen hasiera atzo izan balitz bezala gogoratzen ditu Kike Elizaldek, Oriamendi enpresako kirol arduradunak. «Deitu ziguten, Iruñean bazela pilotari bat palaz bikain aritzen zena, baina erremontean are gehiago joka zezakeena. Joan ginen ikustera, elkar ezagutu genuen, eta enpresako kideok apustu sendoa egin genuen haren alde. Erremontea apalaldi moduko batean zegoen, zerbait berria behar genuen, eta Urrizaren etorrera onuragarria izan zen».
Nafarrak eskema guztiak hautsi zizkien. «Egunero geratzen ginen biok entrenatzeko, astean zazpi egunez. Egunero ikasten zuen zerbait, jarrera ere hamarrekoa zuen, eta berehala erabaki genuen debuta egitea. Ez zuen inork espero hainbeste jokatuko zuenik». Erremontean hasi eta bost hilabeteren buruan lortu zuen profesionaletarako jauzia egitea. «Hori bakarrik ez, hasi eta berehala lehen mailako txapeldun izan zen binaka, Lizasorekin. Erremontistak eta pilotazaleak zur eta lur utzi zituen. Ordutik, bikain aritu da».
Halere, kirol gaitasunen gainetik, haren balioak nabarmendu nahi izan ditu Elizaldek. «Azken bi urteotan zalantzan ibili da, eta enpresari entzuten jakin du noiz erretiratu erabakitzeko, bere interesen gainetik. Oraindik oso indartsu dago, baina nahiago du ongi dagoela erretiratu. Oso zentzuduna da». Azken txapelketari begira, Elizalderi berari dagokio bikoteak egitea. «Ez dut gezurrik esango, apur bat lagundu beharko diot Urrizari bikotea osatzeko orduan. Denoi gustatuko litzaiguke hura finalean izatea, baina inork ez dio ezer oparituko. Egun politak izango dira».
Endika Barrenetxea, erremontista
«Erremonteak Urrizaren hutsunea nabarituko du, baina nik Javirena»
Kantxa barruan ez ezik, kanpoan ere harreman handia izan dute Urrizak eta Endika Barrenetxeak. «Nire lehen txapela harekin lortu nuen, 2012an, eta orduan sortu genuen laguntasuna handituz joan da urteen poderioz. Afari asko egiten ditugu elkarrekin, oporretara ere joan izan gara... Erremonteak Urrizaren hutsunea nabarituko du, baina nik Javirena. Esaten du Galarretara etorriko dela aurrerantzean ere, baina ezer ez da berdina izango».
Pilotariarenaren gainetik, pertsonaren irudiari ematen dio garrantzia Barrenetxea VI.ak: «Artista hutsa izan da erremontean jokatzen, baina beldur naiz gauza batengatik: inork ez ditu Urrizak bezala azalduko kantxa barruko balioak. Inoiz ez da kexatu ez epaileengatik, ez enpresarengatik. Onena izan da arlo guztietan».
Txapelketa gehienetan abantailak emanda jokatu behar izan dute Urrizak eta Barrenetxea VI.ak berak, aurrelarietan onena izan baita Urriza, eta atzelarietan onena Barrenetxea. «Urrizak, ordea, nik baino hobeto asmatu izan du bikoteari zukua ateratzen. Beti egon da laguntzeko prest, eta horregatik da txapelduna».
Barrenetxea VI.a lasai dago, enpresak agindu baitio partida bat gutxienez jokatuko duela Urriza bikote duela. «Horrek lasaitu egiten nau. Eta, tira, erremonteak aurrera jarraituko du. 2018an Ezkurra erretiratu zenean baino osasun hobea dauka gaur egun erremonteak, eta sortuko dira beste izar batzuk, Ansa II.a tartean».
Koteko Ezkurra, erremontista ohia
«Berehala hasi zen gure aurka jokatzen, eta aho zabalik utzi gintuen»
Lorpen handiak bilduta hartuko du erretiroa Urrizak, eta Koteto Ezkurrak ere halaxe egin zuen duela zazpi urte: 11 txapel lortu zituen banaka, Urrizak baino hiru gehiago. «Txapel kopuruak ez du axola. Urriza zoragarria izan da pertsona gisa, eta horregatik oroituko dute pilotari guztiek. Urteek aurrera egin ahala, ohartu naiz horixe dela garrantzitsuena, eta Urrizak ez du lagunik faltako».
Halere, doneztebearrak gehitu du Urriza oso handia izan dela kirol arloan. «Hasieran, debutatu eta berehala hasi zen gure aurka jokatzen, eta denok utzi gintuen aho zabalik. Hari partida bat irabazteko izugarri lan egin beharra zegoen, oso burugogorra baitzen».
Ezkurra teknikoa zen pilotari gisa, eta bizia. Urriza, berriz, ahalmen fisiko handikoa: «Ezberdinak izan gara, baina eraginkorrak. Asko gozatzen nuen haren aurka jokatzen, beti ateratzen baitziren partida onak».
Ezkurrak argi du Urrizaren azken partidetan izango dela. «Festa handiak izango dira, eta aitzakia ederra izango dut partida horiek ikusiz lagun zaharrekin egoteko. Kosta egingo da berriz Urrizaren pareko pilotariak ikustea, eta azken aukera hauek ezin ditugu alferrik galdu».
Imanol Ansa, erremontista
«Inoiz inork utzi duen hutsunerik handiena utziko du»
Azken urteetan, Imanol Ansa bera izan da Urrizaren aurkari nagusia aurreko koadroetan. Urnietarrak latz sufritu behar izan du nafarraren aurka. «Niretzat hesi handi bat izan da txapelak lortzeko garaian. Lehen, final askotara iristen nintzen, eta beti hura topatzen nuen parean. Ezin nion irabazi, eta buruhauste ugari sortu izan dizkit». Hori mesederako izan du Ansa II.ak, ordea: «Orain beste betaurreko batzuekin ikusten dut guztia, eta Urriza hor egotea oso ona izan da niretzat, pilotari hobea bainaiz hari esker. Mugaraino eraman nau beti, eta hobetuz joan naiz».
Gainera, aurkari zuzena izan arren, Urriza beti egon da hari laguntzeko prest. «Aholkuak ematen dizkigu gazteoi aldageletan, eta eskertzekoa da. Oso lehiakorra izan da kantxa barruan, baina pertsona zoragarria kanpoan. Ez dut inoiz bikotea osatu harekin, biok aurrelariak baikara, baina aukera hori izan dutenek esaten dute bikotekide eta lagun bikaina dela. Komunikatzaile ona. Inoiz inork utzi duen hutsunerik handiena utziko du Urrizak erremontean».