Hutsune handia utzi du

Iñaki Williamsek marka ezarri du ligan: 251 partida jokatu ditu. Zelaian ari denean kritikatu egiten dute; ez dagoenean, aldiz, sumatu egiten da haren falta.

Iñaki Williams baloiarekin, denboraldi honetan San Mamesen Atletico Madrilen aurka jokatutako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Datu ikusgarria da: 251 partida bata bestearen atzetik. 2016ko apirilaren 26tik 2023ko urtarrilaren 22ra arte Espainiako Ligako neurketa guztiak jokatu ditu Iñaki Williamsek (Bilbo, 1994). Ia zazpi urte partida bakar batean huts egin gabe. Ia zazpi denboraldi astero taldeari lagunduz. Baina ezer ez da betirako. Iñaki Williamsen gorputza ahal handikoa da, baina ezin dio denari eutsi. Goi mailako jokalariak ohituta daude minez jokatzera. Futbolari gutxi izango dira arazo fisiko barik zelairatzen direnak. Baina, batzuetan, nahikoa dela esaten die gorputzak, eta, atseden eskatzen duenean, kasu egin behar zaio.

«Izugarria da egin duena; hitzik gabe nago. Gauza asko erakusten dituen estatistika da: arlo fisikoan gai berezia duen jokalaria izateaz gain, egunerokoan lan egokia egiten du. Ez naiz ari Lezamako lanaz soilik, baizik eta handik kanpo ere zaindu egiten dela esan nahi dut. Eta, horretaz gain, kirol arloa dago. Azken urteotan izan dituen entrenatzaile guztien konfiantza izan du. Erraz esaten da, baina zaila da lortzea». Aritz Lopez Garaik (Barakaldo, Bizkaia, 1980) esan du hori, baina futbol munduko beste edozein profesionalen ahotan jar daitezkeen adierazpenak dira. Meritu handia duelako Williams anaietan nagusiak egin duenak; meritua dauka, ez delako batere erraza goi mailan jokatzea; meritua dauka, azken zazpi denboraldietan izan dituen entrenatzaile guztien babesa eta konfiantza izan duelako: Jose Angel Ziganda, Eduardo Berizzo, Gaizka Garitano, Marcelino Garcia Toral eta Ernesto Valverderena; meritua dauka, partida guztiak jokatu arren, txartelak jasotzeko orduan kontu handiz aritu delako. Erasoko futbolariek ez dituzte txartel asko ikusi ohi jokoan, baina ez dira gutxi epailearekin zein aurkariekin ika-miketan hasten direnak eta txartelak jasotzen dituztenak.

Bada, meritua izateaz gain, zorte apur bat ere izan da. Iñaki Williamsek ez du gaixotasunik izan, ezta bestelako arazo txikirik ere. Dena izan du alde. Baina, akaso, deigarriena da futbolari bizi eta suzkoa izan arren, ez duela giharretako lesiorik izan. «Korrikaldi asko egiten ditu, eta guztiak dira intentsitate handikoak. Daukan guztia ematen du esprint bakoitzean. Eta, hala ere, ez da lesionatzen. Naturaren indarra da».

Iñaki Williams zuri-gorrien kirol proiektuaren ardatza izan da azken sasoietan; entrenatzaileentzat zein agintarientzat zutabe nagusietako bat. Baina zaleen artean eztabaida piztu duen futbolaria ere bada. Klubak jokalaria lotzeko egindako ahalegin ekonomikoa ez omen dator bat futbolariak zelaian egiten duen lanarekin. Hori diote jarraitzaile batzuek; beste batzuek diote, ordea, Athleticen ez duela parekorik. Haren eta haren ordezkoaren artean alde handia dagoela, alegia. Lopez Garaik, San Mamesko aulkian balego, ez luke zalantza egingo. «Athleticen ezinbestekoa da. Arlo askotan laguntzen dio taldeari: etengabe taldekideei aukera ezberdinak ematen aritzen da. Taldea luzatu egiten du, eta aurkariaren defentsa atzerantz eramaten du. Hori guztia intentsitate handiarekin egiten du, eta hori goren mailan egitea oso gaitza da. Talde zuri-gorriko erreferente nagusietako bat da».

Gol gutxi

Baina Iñaki Williamsek gol gutxi sartzen ditu. Gol sena falta zaio. Ate aurrean ez du aparteko abileziarik. Itsutu egiten da. Ikasten ez dena falta zaio. Lezamako haztegira berandu iritsi zenez, ez duizan beste gazte batzuek ate aurreko lana lantzeko duten aukerarik ere. Horretaz gain, errematera iritsi arte egiten duen ahalegin guztiak ez dio laguntzen. Sarri freskotasuna falta zaio azken metroetan. Kontua da, arrazoi bat edo beste, gol gutxi sartzen dituen erdiko aurrelaria dela. Eta golik ez duen aurrelaria beti dago kritikaren erdigunean. Gabezia horrek bigarren mailan uzten du egiten duen beste guztia. Haren lanak ez dauka aitortzarik. «Gutxi baloratzen da egiten duen guztia. Aurrelaria da, eta erasoko jokalariak sartutako gol kopuruaren arabera baloratzen ditugu. Ez da golegile aparta, baina entrenatzaileek asko baloratzen dute bere ekarpena; hobeagoak egiten ditu ingurukoak. Futbola ez da banakako kirola, baizik eta talde lana hartu behar da aintzat».

Hala ere, uste du golak sartzeko premiak eragiten dion obsesioa gainditzen duenean «askoz ere eraginkorragoa» izango dela. «Gauzak pentsatu gabe egiten hasten den egunean askoz gehiagotan asmatuko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.