Hutsetik hasi, eta dena lortu

2007. urtean sortu zen Iruña Kirol Elkartea, eta bost urte eskaseko ibilbidean bost aldiz lortu du emakumeen boleibol taldeak mailaz igotzea. Datorren denboraldian Superligan ariko dira nafarrak.

Iruña Kirol Elkarteko Superliga 2 mailako taldea, Nafarroako Unibertsitateko kiroldegian. LANDER F. ARROIABE  / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Zaila da Iruña Kirol Elkarteko GH Ecayk lortu duena laburbilduko duen hitza aurkitzea. Duela bost urte sortu zen emakumezkoen boleibol talde hori, Nafarroako hiriburuan, eta geroztik, bost aldiz lortu du mailaz igotzea. Azkena, duela bi aste. Superliga 2 mailan ari da taldea sasoi honetan. Eta hurrengoa Superligan jokatuko du, hau da, maila gorenean. Hutsetik hasi, eta dena lortu dute Iruña Kirol Elkarteko jokalariek.

Kontent da Olena Zaliubovska (Ukraina, 1965), hagitz kontent. GH Ecay taldeko entrenatzailea da. Denboraldi hasieran mailari eustea zen haren helburu nagusia. Gauzak hain ongi atera izanak ezustean hartu duenik ezin du ukatu. Oraindik, hala ere, ez du igoera ospatzen hasi nahi, sasoia ez baita amaitu oraindik. Bi jardunaldi gelditzen dira liga amaitzeko, eta bietan eman nahi du taldeak bere maila, igoerarekin batera, txapela eskuratzeko. Extremaduraren aurka ariko dira nafarrak gaur, etxetik kanpo. Azken jardunaldian, hilaren 31n, Alcobendas hartuko dute Nafarroako Unibertsitateko kiroldegian.

Granadatik (Espainia) ailegatu da Zaliubovska Iruñera sasoi honetan. Iruña Kirol Elkarteko kideek boleibola bultzatzeko zuten ilusioak konbentzitu zuen haien eskaintza onartzeko. Harrobia lantzeko apustuak duen garrantzia nabarmendu du entrenatzaileak, eta argi du lortutako igoerak horretan izanen duela eraginik. «Jokalari gazteenek badute nori so egin». Zaliubovskak azpimarratu du taldea sortu zenean, duela bost urte, boleibolaren esparruan hemen deus ez zegoela eta orain badela datorren denboraldia maila nagusian ariko den talde bat.

Hori ez da kasualitatearen ondorio. Eguneroko lana dago horren atzean, entrenatzaileak nabarmendu duenez. Jokalarien ahalegina aipatu du, bereziki. «Nik anitz eskatzen diet nire jokalariei beti. Lan handia egin behar izan dute, eta denen erantzuna bikaina izan da». Superliga 2 mailan ari badira ere, denboraldia hasi zenetik Superligako taldea balitz bezala egin du lan GH Ecayk, entrenatzaileak argi utzi duenez.

Abiapuntua ez da erraza izan, hala ere. «Taldean esperientzia handiko jokalariak badira, batetik, eta, bertzetik, mailan inoiz aritu ez direnak. Bakoitzak bere helburua zuen sasoia hasi zenean». Nolabait, helburu horiek guztiak batzen eta igoera lortzeko pizgarri bilakatzen asmatu dute jokalariek.

Giltza, erregulartasuna

2005. urtetik ari da Zaliubovska entrenatzaile lanetan. Jokalari izan zen aurretik, 40 urterekin lehiaketa utzi zuen arte. Hamar urte zituenean hasi zen jokatzen. Bizitza osoa eman du boleibolaren munduan, eta partidak jokalari gisa intentsitate handiagoz bizi zituela onartu badu ere, entrenatzaile lanetan anitzez ere urduriago egoten dela azpimarratu du.

Sumatzen zaio, hala ere, gozatzen duela bere lanarekin. Are gehiago egindako ahaleginak fruituak ematen dituenean. Taldeak izan duen erregulartasuna izan da taldeak egin duen urrats handia azaltzen duen giltza, entrenatzailearen hitzetan. «Sasoi hasieran zaila zen halakorik lortuko genuela pentsatzea».

Nafarrek gorabeherarik gabeko jokoa erakutsi dute, eta horren atzean dago, neurri handi batean, entrenamendu saioetan egindako lanaren isla. Entrenamenduetan partidak ditu buruan entrenatzaileak, noski, baina ez hori bakarrik. Eguneroko lanean ere harrobia sendotzeko urratsak egiteko helburua ez dute bazter uzten Iruña Kirol Elkarteko kideek. Astelehenero, adibidez, borondatezko entrenamendua egin du Zaliubovskak, lehen taldeko jokalarientzat ez ezik, bertze mailetako taldeetan ari diren neskatoentzat ere. «Eta astelehenero izan dugu hamabitik gora jokalari entrenatzen. Ikaragarria da jokalari guztiek erakutsi duten konpromisoa».

Entrenatzaileak argi du konpromiso horri azken momentura arte eutsiko diotela. Hau da, Superliga 2 mailan ari diren jokalariek dena emanen dutela ligako azken txanpan, txapela eskuratzeko asmoz. «Taldea momentu hagitz onean dago orain; burua hotz izan behar dute jokalariek, azken urratsa egin ahal izateko».

Azken urratsa egin, eta gero ospatu. Horretarako gogoz da Zaliubovska ere. Jokalariekin eta zaleekin ospatu nahi du sasoi honetan taldeak lortu duena. Zaleek duten garrantzia azpimarratu du entrenatzaileak. «Egunetik egunera ikusi dugu esparru horretan egin dugun bidea. Gero eta jende gehiago dator gu ikustera. Jokalari gazteen berotasuna sumatu dugu partidetan».

Kontua boleibolaren alde lan egitea baita, entrenatzaileak nabarmendu duenez. Bosgarrenez mailaz igotzea baino garrantzitsuagoa da ukrainarrarentzat zaletasuna bultzatzea. Oinarri sendoa behar du edozein taldek, haren hitzetan, eta hori lortzeko ere egin behar da lan. Iruña Kirol Elkarteak atzean jende anitz baduela nabarmendu du. Eta horrek pozten du, bertze edozer gauzak baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.