Berehala igarri zaio Ion Ibarluzeari (Markina-Xemein, Bizkaia, 1996) «ilusio handia» pizten diola etxean jokatzeak. «Txapelketa guztiei heltzen diet gogotsu, baina are eta gogotsuago etxekoari: herriko jendearen aurrean ariko naiz, betiko frontoian... Berezia da». Bihar jokatuko du lehen partida, Jean Olharanekin, Johan Sorozabalen eta Julen del Rioren aurka (19:00). Jarraian, Aritz Erkiaga eta Jon Zabala ariko dira Xabi Barandikaren eta Imanol Lopezen kontra.
Bolada onean iritsiko zara etxeko Grand Slamera: Bilboko Iron Cup torneoa irabazi berri duzu Erkiagarekin. Pizgarria da?
Bai, handia. Motibazioz gainezka nago txapelketa honi ekiteko. Ilusio eta konfiantza handia dut ondo aritzeko. Ondo ari naiz, eta horri eutsi nahi diot.
Olharanekin jokatuko duzu. Inoiz aritu zarete elkarrekin?
Lagunarteko partida batzuk jokatu ditugu elkarrekin. Oso ona da; urte asko daramatza gorenean. Jokoz, berriz, oso bizia eta segurua da. Ziur naiz asko lagunduko didala. Gogotsu nago harekin jokatzeko. Uste dut bikote ona egin dezakegula. Ea hala den.
Arrotza egingo zaizu Erkiagarekin ez aritzea?
Bai, eta ez da harritzekoa; harekin aritu naiz profesionaletan jokatu ditudan txapelketa guztietan: duela urtebete, Markinan; gero, Winter Seriesen; eta, azkenik, Iron Cupen. Oso emaitza onak lortu ditugu [txapeldun Winter Seriesen eta Iron Cupen, eta txapeldunorde Markinan]. Pentsatzekoa zen ez genuela beti elkarrekin jokatuko, eta inoiz banatuko gintuztela. Hala izan da. Badut gogoa Aritzekin ikasitako guztia beste bikotekide batekin erakusteko.
Zer ikasi duzu harekin?
Gauza asko. Aritzek ezin hobeto daki nola aritu une oro kantxan; sekulako zehaztasunarekin du pentsatua dena: nola joango den partida, zer jokamolde komeni den une bakoitzean, zein pilota erabili behar diren... Hori guztia jakitea funtsezkoa da, eta niri hori erakusten aritu da. Asko lagundu dit: presioa kendu dit partidei ekiteko orduan, eta nire indarguneak atzeman eta horiek noiz erabili erakutsi dit.
Zeintzuk dira indargune horiek? Zertan moldatzen zara ondoen?
Pilotari segurua naiz: ez dut pilota asko galtzen. Ondo moldatzen naiz piloteoan; gai naiz tanto luzeak jokatzeko. Horrez gain, sasoiari eusten diot partida luzatzen denean, eta gustura aritzen naiz pilota errebesez jotzen. Beraz, badakit zer egin behar dudan: pilota gutxi galdu, errebesez jokatu, eta atzean gailentzen saiatu; lortzen badut, nire aurrelariak aukera gehiago izango du errematatzeko.
«Orain, sentitzen dut zirkuituaren barruan nagoela eta enpresak kontuan hartzen nauela»
Etxean aritu zinen lehen aldiz profesionaletan, duela bi urte. Unai Lekerikak min hartu zuen, eta haren ordez aritu zinen. Iaz, berriz, hasieratik aritu zinen Erkiagarekin. Lehen aldi horretatik hona hobera egin duzu?
Ordezko aritu nintzen lehen alditik titular gisa aritu nintzen lehen aldira jada igarri nuen hobera egin nuela. Azken urtebetean, berriz, aurrerapausoa eman dut, eta askoz konfiantza gehiago dut neure buruarengan; askoz seguruago ari naiz. Markinako Grand Slama, Winter Seriesak, Iron Cupa... partida dezente jokatu ditut maila gorenean, eta, horri esker, gaur egun gai ikusten naiz halako partidak jokatzeko. Egia da beti Aritzekin jokatu dudala eta harekin dena errazagoa dela. Hobeto ari naiz, baina oraindik badut zer hobetua onenekin aritzeko.
Mugarri izan da Winter Seriesen egindakoa?
Bai. Partida txar bat egin nuen; huts asko egin nituen. Baina, hortik aurrera, jarrera aldatu nuen: hutsekin itsutzeari utzi nion. Asko ikasi dut partidak kudeatzen. Horrez gain, presio gutxiagorekin ari naiz. Winter Seriesen asko nuen, Aritzekin jokatuko nuelako, eta ondo edo gaizki aritzeak aukera gehiago edo gutxiago izateak eragin zezakeelako. Zorionez, oso ondo atera zen dena, eta horrek lasaitasuna eman dit. Orain, sentitzen dut zirkuituaren barruan nagoela eta enpresak kontuan hartzen nauela. Ez dut perfektu jokatu behar partida guztietan; sentitzen dut beste aukera bat izango dudala zenbat balio dudan erakusteko.
Gauza bat da lasaiago aritzea, eta beste gauza bat lasai aritzea. Iristea ez, eustea da zailena.
Hori oso argi dut nik. Hemen inor ezin da lasaitu; pilotari gazte onak datoz atzetik, eta ez dago leku askorik. Orain arte bezala jarraitu behar dut lanean: ondo prestatu behar dut, ondo entseatu, eta partidetan ahalik eta ondoen aritu, ikusleek goza dezaten.