Urtebete eskas da Ane Azkona (Antsoain, Nafarroa, 1998) zelaietara itzuli zela, belauneko lesio larri bat izan ostean. Lehen taldean lekua egiten ari zela izan zuen ezbeharra, baina aurrelaria lehengora itzultzen ari da berriro ere. Bederatzi gol daramatza jada sasoi honetan.
Lau garaipenen ostean, bolada ona eten egin zitzaizuen igandean, Sporting Huelvaren aurka galduta. Minduta zaudete?
Bai. Min egin zigun galtzeak, bolada eten zitzaigulako, eta, aurkariaren emaitzak ikusita, irabaziz gero are gehiago sartuko ginelako Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borroka horretan. Baina bagenekien Huelva aurkari deserosoa eta zaila dela sailkapenaren behealdean egon arren, batez ere etxean. Etxeko partida askotan lortu du atea hutsean uztea. Baina bihar [gaur] beste aukera bat dugu berriro ere borroka horretan sartzeko. Hori da futbolak duen gauzarik onena.
Txapeldunen Ligarako borroka horretan egoteko, Huelvaren aurkakoaren moduko partidak ezin dituzue galdu, ezta?
Goiko postuetan gauden taldeen artean da borroka, baina behean daudenen aurka lortutako puntuek modua ematen dizute lehia horretan egoteko eta postu horietan sendotzeko. Funtsezko puntuak dira, baina ez erabakigarriak. Oraindik badaukagu zeresana.
Atletico Madrilek oso partida fisikoak jokatzen ditu. Taldea nola osatu da igandeko ahalegin fisikoaren ondoren?
Argi dago Atletico Madril ahalmen fisiko handia duen talde bat dela. Baina gu ere oso ondo gaude fisikoki, eta prest gaude halako lehia bati heltzeko. Batetik, denboraldi honetan Iraia [Iturregi entrenatzailea] minutuak asko banatzen ari delako; bestetik, sasoi hasieran baino hobeto ari gara defentsan, eta funtsezkoa izango da hori haien abiadurari eta ahalmen fisikoari aurre egiteko. Laguntzetan fin aritu behar dugu, eta ez utzi espaziora jokatzen, abantaila hartzen badute oso zaila delako geratzen. Presioa ere bizkor egin behar dugu.
Iraiak behin baino gehiagotan aipatu du aurreko sasoi zailaren ondoren taldeak ohiko jokatzeko era eta izaera berreskuratu dituela. Ados zaude?
Hala da. Aurreko sasoian, guretzat ohikoa ez zen egoera batean egon ginen, eta puntuak lortzea zen funtsezkoena. Denboraldi honetan, gauzak desberdinak dira. Puntuak lortzeaz gain, gure jokatzeko era ausart, lehiakor eta zuzen hori berreskuratu dugu.
Denboraldi honetan, jokalari guztiak ari zarete jokatzen, eta lehiakortasuna handia da multzoan. Zure postuan antzematen al duzu hori? Izan ere, udan Ainize Barea Peke iritsi zen.
Dudarik gabe. Lehiakortasun horrek hobeak egiten gaitu, bai bakarka eta bai talde moduan. Ezin zara erlaxatu. Pekek gol sena eta esperientzia eman dizkigu. Aurreko postuetan askotariko jokalariak gaude, aniztasun handia dugu, eta hori oso ona eta aberasgarria da, denek dugulako jokatzeko aukera.
Berriro goiko postuetan egongo den Athletic bat eraikitzeko oinarriak jartzen ari zarete?
Argi dago azken denboraldietan taldea eraberrituz joan dela pixkanaka, harrobiko jokalariekin. Igo garen jokalariok denbora behar izaten dugu maila gorenera egokitzeko, eta hobeto ezagutzeko. Baina ikusi da partidak jokatu ahala gero eta konfiantza eta sendotasun handiagoa dugula.
Urtebete eskas da belauneko lesio larria osatu zitzaizula. Zer moduz zaude?
Medikuek eta halako lesio bat izan zuten taldekideek esan zidaten gutxienez urtebete beharko nuela lesioaren aurreko sentipenak izateko. Nik, ordea, berehala izatea nahi nuen. Baina konturatu naiz arrazoi zutela. Otsailean itzuli arren, ez nintzen ondo sentitu, eta ez zitzaizkidan gauzak ateratzen. Baina, udako oporraldian, konturatu nintzen patxada handiagoz hartu behar nituela gauzak, eta joango nintzela lehengora itzuliz. Alavesen aurka Euskal Herria Kopako finalean sartu nuen gola mugarria izan zen. Askotan esan arren ez gaituela kezkatzen, aurrelari batentzat funtsezkoa da golak sartzea. Hori eskatzen zaigu. Eta gola begiz jota izango ez bagenu, ziurrenik ez ginateke aurrelariak izango. Aurrelariaren izaerarekin bat dator; lasaitasuna ematen digu. Jada zortzi gol sartu ditut Ligan, eta bat Kopan. Oso gustura eta pozik nago egindako lanarekin, konfiantzarekin, eta hori areagotzea espero dut. Hamarretik gora sartuta, pozik egongo naiz.
Lesioak zertan aldatu zaitu?
Adibidez, hutsegiteei lehen baino garrantzi txikiagoa ematen diet. Lehen, gauzaren bat ez bazitzaidan ateratzen, buelta dezente ematen nizkion partidako hurrengo 10-15 minutuetan. Orain, ez. Izan ere, konturatu naiz minutu horiek alferrik galtzen ari nintzela.
Erika Vazquez gaur bihurtu daiteke Athleticen partida gehien dituen jokalaria. Zer esan dezakezu haren inguruan? Dohainen bat kendu beharko bazenio, zein izango litzateke?
Txapela kentzeko modukoa da Erikarena, izugarria. Taldean halako jokalari bat izatea oso inportantea da, esperientzia handia duelako, eta gol sena. Entrenamendu bakoitzean asko eskatzen dizu, oso lehiakorra delako. Gaitasunen bat kendu beharko banio, bi izango lirateke: jokoa irakurtzeko duen gaitasuna, eta aurkariaren aurrean definitzekoa.
Ane Azkona. Athleticeko jokalaria
«Hutsegiteei buelta gutxiago ematen dizkiet orain»
Atzeratutako partida jokatuko du gaur Athleticek Atletico Madrilen aurka (19:00). Azkonak ondo ikusten du taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu