Athleticek uztailaren bukaeran jokatu zuen sasoiko lehen neurketa. Ordutik hamabost minutuko atsedena eman dio Joaquin Caparrosek Iraolari-Vienako Austriaren kontra aldatu zuen-. Neurketa guztiak jokatu ditu. Hasieratik, gainera: Espainiako Ligako bederatziak, Superkopako biak, Europako Ligako zazpiak eta Kopako bakarra. Hori gutxi ez, eta Espainiako selekzioarekin ere jokatu du beste partida bat. Hogei neurketa dira guztira.
Hiru hilabete hauetan denetarik egin du usurbildarrak. Neurketa onak eta horren onak izan ez direnak jokatu ditu. Hori bai, beti eman du gutxieneko maila. Batek baino gehiagok nekeari egotzi dizkio usurbildarraren gorabeherak. Ez al dauka Caparrosek ganorazko ordezkorik? Entrenatzaileak atsedena eman izan balio, hobeto arituko litzateke? Horrenbeste jokatuta ez al dago min hartzeko arrisku handiagoa? Eutsiko al dio erritmo horri denboraldi guztian? Galdera asko egin dira Iraolaren inguruan. Ia guztiek dute erantzuna. Iban Zubiaurre eta Eneko Boveda dira jokatzen ez duten eskuin hegalekoak. Mendarokoa min hartuta dago, baina jokatzeko moduan egongo balitz ere, ez luke jokatuko. Bilbotarrak, berriz, gauza interesgarriak egin zituen denboraldi-aurrean, baina ez dirudi Caparros harekin askorik fidatzen denik. Azken asteotan ikusitakoaren arabera, Xabi Etxebarria da Iraola ordezkatzeko hautagaien zerrendan aurrena.
Ez omen du atsedenik behar
Bestalde, jakinekoa da jokalariek hobeto jokatzen dutela atseden hartzen dutenean. Caparrosen ustez, ordea, Iraolak ez du atsedenik behar. «Jokalari berezia da. Oso ondo errekuperatzen da neurketa batetik bestera. Beraz, ez dut arazorik ikusten». Zerbait izango du, bai. Izan ere, Athleticen debuta egin zuenetik batez beste 40 neurketa jokatu baititu denboraldiko. Eta 2009-2010 denboraldia zazpigarrena da Iraolarentzat Lehen Mailan. Estatistika ikaragarriak dira. Bistan da taldean izan diren entrenatzaile guztien konfiantza izateaz gain, lesio gutxi izan duen jokalaria dela. Ez da meritu makala arlo fisikoan horrenbeste eskatzen duen egungo futbolean. Itxuraz jokalari indartsua izan ez arren, argi eta garbi erakutsi du diesela baino askoz gehiago dela. Aurrerantzean zer gertatuko den? Erantzunik ez daukan galdera bakarra da.
Iraolaren partidak
Partida Min.Athletic-Young Boys (Europa). 90
Young Boys-Athletic (Europa). 90
Athletic-Bartzelona (Superkopa). 90
Athletic-Tromso (Europa). 90
Bartzelona-Athletic (Superkopa). 90
Tromso-Athletic (Europa). 90
Athletic-Espanyol (Liga). 90
Xerez-Athletic (Liga). 90
Athletic-Austria Viena (Europa). 75
Athletic-Vila-real (Liga). 90
Tenerife-Athletic (Liga). 90
Athletic-Sevilla (Liga). 90
Werder Bremen-Athletic (Europa). 90
Valladolid-Athletic (Liga). 90
Athletic-Sporting (Liga). 90
Athletic-Nacional (Europa). 90
Getafe-Athletic (Liga). 90Rayo Vallecano-Athletic (Kopa). 90Athletic-Atletico Madril (Liga). 90Guztira: 1.695 minutu