«Huts egin nuen; barkatu»

Haris Seferovicek barkamena eskatu du Osasunaren aurka gola sartu ondoren egindako keinu itsusiarengatik

Seferovic, larunbatean, 5-0ekoa lortu berritan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Jende guztiari eta zuzendaritzari barkamena eskatu nahi diet. Denbora askoan nengoen golik sartu gabe, eta momentu zailak igarotzen ari nintzen». Osasunaren aurka bosgarren gola sartu eta zaleei begira keinu itsusia egin zuenetik bost egunera, komunikabideen aurrera azaldu zen atzo Haris Seferovic. «Huts egin nuen, eta zaleek barkatuko didatela espero dut». Baina, harmailetara begira ixiltzeko egin zuen keinuaren inguruan xehetasun bat gehitu zuen. «Ez zen izan zaleentzat mezua; egoera pertsonalagatik, amorru keinua zen».

Azalpenak lehenago zergatik ez dituen eman ere argitu zuen aurrelari suitzarrak. «Manchesterren aurkako partida zegoelako tartean». Klubak zigorra jarriko diola, ez diola; neguko merkatuan utz zezakeela... Azken egunotan asko hitz egin da Seferovici buruz. «Baina ni gustura nago hemen. Lau urterako kontratua sinatu nuen, eta bete egin nahi dut».

Kapitainaren azalpenak

Barkamena eskatu eta liskarrak ahazten saiatu ondoren, etorkizun hurbilera ere begiratu nahi izan zuen aurrelariak. «Partida polita izango da Real Madrilen aurkakoa, ziur. Baina baita zaila ere. Hori bai, ez goaz Cristiano Ronaldo edo Benzemari begira egotera; jokatzera eta irabaztera goaz». Xabi Prieto ere agertu zen atzo kazetarien aurrera, eta argi utzi zuen Osasunaren aurkako partidaren ondoren, hitz egin zutenean, Seferovic damututa zegoela. «Beroaldi bateko kontua izan zen, barkamena eskatu du, eta kito». Bihar Real Madrili aurre egiteko taldeak «bertsiorik onena» erakutsi beharko duela azpimarratu zuen kapitainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.