Tentsio handikoak izan dira azken hilabeteak, baina lasaitu ederra hartu du Luis Mari Elustondok, Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak (Bilbo, 1946). Ofizialtasunaren aldarrikapenari helduta, gaur San Mamesera joateko dei egin die zaleei.
Euskal selekzioa-Tunisia. Iritsi da Gabonetako partida. Zer-nolako gorputzaldia daukazue?
Azken asteotan baino lasaiago gaude, sentsazio onekin. Kosta egin zaigu aurkaria lotzea, egia da, baina selekzio indartsua izango dugu parean, Afrika Kopa jokatzeko prestatzen ari delako [urtarrilaren 15ean hasiko da, Gabonen] eta Errusiako Munduko Koparako sailkapenean lehen postuan dagoelako. Gure selekzioa ere oso indartsua eta lehiakorra da, eta oso gogotsu gaude. Partida lehiatua espero dut. Selekzio fisikoak dira Afrikakoak, korrika asko egiten dutenak, eta Tunisia jokalaririk onentsuenekin etorriko da, gainera.
Berandu samar iritsi zen partidaren baieztapena. Zenbat selekziorekin hitz egin zenuten? Eta bertan behera gelditzeko arriskurik izan al zen?
Hainbat selekziorekin aritu ginen hizketan: Kongoko Errepublika, Uganda, Jamaika... Ezezkoa eman ziguten beste batzuek, eta jokalari onenak etxean utzita etor zitezkeen susmoa geneukan beste hainbatekin. Nigeriarekin, adibidez, oso aurreratuta geneukan akordioa, baina ez geneukan nahikoa berme. Urduritasun egoera horretan aurkitu genuen Tunisia, gaur egun Afrikan dagoen selekziorik onentsuena.
Zale asko eta asko nekatuta daude jada Gabonetako partidarekin. Ez al dago amaituta bide hori?
Ez dut uste Gabonetako partida sobera dagoenik, baina FIFAren egun ofizialetan partidak jokatzea falta zaigu; egun horietan atzerrira joatea edo beste selekzioren bat hona ekartzea. Urte osoan bost leiho eskaintzen ditu UEFAk, eta Europako selekzio indartsuagoren baten aurka neurtu nahiko genituzke indarrak. Baina lagunak, familiak, gazteak... Elkarrengana biltzeko balio du Gabonetako partidak, eta ezin da ahaztu klub apalenen artean banatzen dugula partida horretan bildutako dirua. Garrantzitsua da hori gogoan hartzea.
Askok horixe bera kritikatzen dute, ordea. Gabonetako partidak diru etekina lortu besterik ez duela egiten, alegia.
Baina horregatik diot bi gauzak lortu behar ditugula. Batetik, Gabonetako lagunartekoak jokatuta klub apalenei laguntzea, 1.500 edo 2.000 euro jasota euren aurrekontuaren %10-15 jasotzen dutelako egun bakarrean. Baina, bestetik, partida erakargarria eta lehiatua eskaini behar diegu beti zaleei.
Zaleek ondo erantzungo duten itxaropena daukazue? Lor al daiteke San Mames betetzea?
Zaila izango da betetzea, baina ea lortzen dugun. Uste dut zale asko bilduko dela, sarrera asko saltzen ari direlako egunotan. Joan den astean Kopako partidak jokatu zituzten Espainiako Lehen Mailako bost euskal taldeek, eta itzalean gelditu ginen gu. Aste honetan, ordea, asko piztu da partidaren inguruko giroa, eta horrek erakarri egin du jendea. Alde horretatik, oso garrantzitsua da komunikabideen laguntza.
Ez litzateke porrota, beraz, San Mames ez betetzea.
Ez, ez. Segurtasun guneak kenduta, 45.000 ikusle inguru sartzen dira San Mamesen, nahiz eta 53.000rentzat lekua daukan berez. Zaila izango da betetzea. Baina oso pozik geundeke 30.000-35.000 jarraitzaile bilduta.
Asko hitz egiten da ofizialtasunari buruz, baina, praktikan, zer litzateke ofizialtasuna lortzea?
Bi gauza eduki behar dira kontuan: batetik, FIFA leihoetan partidak jokatzea; hori da lehen helburua, jokalariek konpromisoa sinatuta daukatelako hautatzaileak deituz gero partida horiek jokatzera joateko. Eta, bestetik, behin pauso hori emanda, futbol munduan izena lortzen has zaitezke; mundu guztian hasiko lirateke Euskadiri buruz hizketan, eta pixkanaka joan ahal izango genuke ofizialtasun hori aldarrikatuz. Gaur-gaurkoz, nazio izaerarik gabeko nazioa da gurea, baina Gibraltarrek, adibidez, eman du pauso hori, eta, kalitatea kontuan hartuta, euren selekzioa ezin da alderatu gurearekin.
Lehen pausoa FIFA egunetan partidak jokatzea dela aipatu duzu, baina ez al dago arriskurik helburu bakarra hori izateko?
Ez, ez. Berriz diot: lehen pausoa da FIFAren egun ofizialetan partidak jokatzea. Konkista txiki bat da hori. Ate bat ireki gabe ere, leiho bat irekiko genuke behintzat. Selekzio indartsuagoren bat erakartzen lagunduko liguke, eta jokalaririk onentsuenekin etorriko lirateke selekzio horiek, kontrakoa ere gertatu izan zaigulako, Peru edo Boliviarekin, esaterako.
FIFAren egun ofizialetan jokatuz gero, beste arazo bat sortuko litzateke: Espainiako edo Frantziako selekzioarekin jokatzen duten euskal jokalariek aukeratu egin beharko lukete noren deiari erantzun, ezta?
Frantziako selekzioarekin ez daukagu arazorik, Laportek, gaur egun, ezingo lukeelako jokatu euskal selekzioarekin. Aduriz, San Jose, Iñigo Martinez, Herrera... Julen Lopetegik Espainiaren deialdian sartuz gero, hara joango lirateke lehenengo, noski.
Zer-nolako harremana daukazue Espainiako Federazioarekin?
Angel Maria Villarrekin, presidentearekin, harreman estua daukagu. Bilbotarra da, Athleticen jokatutakoa, eta oso gertukoa da. Baina presioa dauka gai askotan, UEFArena eta Espainiako Gobernuarena tartean. Horrek eragina dauka, noski, baina Villarrentzat ez dut uste arazoa litzatekeenik une jakin batean euskal selekzioak FIFA egutegian partidaren bat jokatu ahal izatea. Pauso hori eman behar dugu.
Arazoa, orduan, zein da, UEFA?
Bai, UEFA. Eta, noski, Espainiako Futbol Federazioaren zuzendaritza ere Espainiakoa da, eta, ondorioz, inoiz ez dute babestuko Kataluniak edo euskal selekzioak partida horiek jokatzea.
Gizonezkoen kasuan, arazoak sortzen dira beti, baina emakumezkoek lagunarteko partida jokatu berri dute Irlandan, FIFAren egutegi ofizialean.
Hala da, bai. Dublinen jokatu berri dugu, FIFA egunetan, eta ez da ezer gertatu. Gizonezkoen futbolak oihartzun handiagoa izaten du beti, baina denborarekin iritsiko da hori ere.
Izatez politikariena den ardura Euskadiko Futbol Federazioaren esku uzten den sentsazioa daukazue?
Argi dago erabaki batzuk politikarien esku daudela, eta euren erabakiek eragina daukatela gure eguneroko lanean. Urte guztian ez dugula ezer egiten esaten dute batzuek, baina tarteka gure larruan jartzea komeni da zer-nolako zailtasunak dauzkagun ikusteko. Zale gisa, nik ere pentsa dezaket federazioak ez duela ezer askorik egiten euskal futbolaren alde, baina hor egon behar da pauso horiek ematea hain erraza ere ez dela jabetzeko.
Orain gutxi aurkeztu zuten Bilboren egoitza 2020ko Eurokoparako. Uztargarria al da Eurokopa Bilbora ekartzea eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzea?
Nire ustez, bai. Erabat, gainera. Ibon Aresok bere garaian adierazi zuen moduan, Bilborentzat ona da 2020ko Eurokopako partida batzuk Bilbon jokatzea, eta, ondorioz, baita Euskadirentzat ere. Ekonomikoki bultzada ematen dute horrelako ekitaldiek, eta sona lortzen da nazioartean. Marko batean eta bestean egon gaitezke, eta ez dut uste bateraezina denik euskal selekzioak FIFAren egutegiko partidak jokatzea, eta Espainiako selekzioa, aldi berean, Bilbora etortzea partidak jokatzera.
Ofizialtasunaren aldeko ekintzaren bat egingo duzue Tunisiaren aurkako partida hasi aurretik?
Tira... Ofizialtasuna aldarrikatzeko pankarta bat atera ohi dugu beti, eta hala egingo dugu aurten ere. Baina ez dut uste beste ekitaldirik antolatuta dagoenik. Manifestazioren bat edo beste egin izan dute urteren batzuetan, baina ez dakit halakorik antolatuta dagoen edo ez. Bakean, giro onean eta umoretsu eginez gero, ongietorria izango da hori ere.
Kirol arloari helduta, jokalari batzuk faltako dira euskal selekzioan, Ingalaterrako Ligako jokalariak, esaterako. Pena da selekzioaren benetako mailarekin ezin gozatu izatea, ezta?
Jokalariak jokalari, izugarrizko maila dauka euskal selekzioak. Oso talde indartsua daukagu. Hiruzpalau jokalari falta zaizkigula? Agian, bai. Baina ez dut uste selekzio hau gutxietsi behar dugunik. Ezinezkoa da nahi ditugun jokalari guztiak elkartzea, beti izaten delako lesioren bat edo liga bateko edo besteko arazoren bat.
Azpilikueta, Monreal, Herrera, Xabi Alonso, Fernando Llorente... Jarraitzaileek izen dezente dauzkate buruan, ordea.
Azpilikueta, Monreal, Herrera... Jokalari horiek ekartzeko asmoa bazegoen, baita Llorente ere, baina ezinezkoa da, Ingalaterrako Liga jokoan delako egunotan. Xabi Alonsoren kasuan, berriz, jokalariak berak duela pare bat denboraldi erabaki zuen horrelako partidak ez jokatzea.
Deialdian ez dago Osasunako jokalaririk. Deigarria da datua.
Ez dago Osasunako jokalaririk deialdian, ez, baina klubak ez duelako inor eskaini. Ez zeuden jokatzeko moduan. Ez dakit ziur lesioen eraginez izan den edo entrenatzaileen erabakiz. Eibar, Alaves, Reala, Athletic eta Granadatik etorriko dira jokalariak aurten, baina Osasunatik ez.
Faltako diren jokalariak aipatuta, besteren artean oso deigarria da Raul Garciarena. Jokalariaren erabakia izan da?
Ez dut sartu nahi kontu horietan, baina Ernesto Valverderen erabakia izan daiteke, Raul Garciak gainkargaren bat-edo daukalako. Baina ziurta dezaket jokalariak etorri egin nahi zuela.
Zein mezu bidaliko zenieke zaleei?
San Mamesera joateko eta euskal festa eder batekin gozatzeko, futbolarekin disfrutatzeko. Oso erakargarria da partida, eta ziur nago lehiatua izango dela. Tunisia gogotsu dator Afrika Kopa ondo prestatzeko, eta euskal selekzioak beti ematen du bere mailarik onena; inoiz ez dugu jokatu partida bat tentsiorik eta intentsitaterik gabe. Partida handiarekin gozatuko dugu.
Zer ikusten da etorkizun hurbilean? Beste urtebete itxaron beharko da euskal selekzioak beste partida bat jokatzeko?
Martxoan FIFA egutegian partida bat jokatzea da erronka. Horretan ari gara lanean. Ez dago ezer lotuta, baina ezin da baztertu ezer. Atzerrian jokatuko genuke partida hori. Gizonezkoen kasuan, urtean gutxienez bi norgehiagoka jokatzea da helburua; etxean bat, eta kanpoan beste bat. Emakumezkoen kasuan, berriz, hirugarren bat ere sar genezake. Eta, tira, ezin da ahaztu autonomia arteko lehiaketak ere jokatzen ari garela. Kirol arloan, oso maila handian lehiatzen ari da Euskadi.
Ondo bidean, beste lau urtez jarraituko duzu karguan. Euskal selekzioak partida garrantzitsuagoak jokatu ahal izango ditu 2020-2021erako?
Hurrengo lau urtekoan ezusteko pozgarriren bat emango dugu; ziur nago. Lortuko dugu. Baina denon laguntza behar dugu horretarako.
Luis Mari Elustondo. Euskadiko Futbol Federazioko presidentea
«Hurrengo lau urtekoan ezusteko pozgarriren bat emango dugu; ziur nago»
Aurten nahi baino gehiago kostatu zaie Gabonetako partidarako aurkaria lotzea, baina Tunisia «goi mailako taldea» dela azaldu du bilbotarrak. FIFAren egun ofizialetan jokatzeko erronka dauka etorkizun hurbilean. «Eta lortuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu