Juan del Campo. Eskiatzailea

«Hurrengo Jokoak izango dira niretzat aproposenak»

Estreinakoz ariko da Olinpiar Joko batzuetan Juan del Campo. Presiorik gabe doa. «Ikastea eta disfrutatzea» da haren helburua. Baina erronka gisa ere hartu ditu, eta duela lau urtetik bere kirol ibilbidean izandako igoeraren erakusgarri.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Eskiatu bezain bizi hitz egiten du Juan del Campok. Baina izaeraz «lasaia» dela dio. Munduko eskiatzaileen zerrendan 60. izanda, argi dauka Olinpiar Jokoetan domina bat lortzea «pentsaezina» dela. Eslalomean lehen 20-30en artean sailkatzea da haren helburua. Bihar goizaldean lehiatuko da erraldoian (02:15), eta, hilaren 22an, eslalomean.

Estreinakoz lehiatuko zara Olinpiar Joko batzuetan. Urduri al zaude?

Egia esan, ez nago batere urduri. Nahiko pertsona lasaia naiz. Azken hilabeteetan lehiaketa batetik bestera ibili naiz, eta sailkapenak zurrunbilo horretan harrapatu ninduen: entrenamenduak, lehiaketak, bidaiak... Hona iritsi arte ez naiz benetan jabetu Olinpiar Joko batzuetan lehiatuko naizela. Gainera, Olinpiar Joko hauei begira ez dut batere presiorik. Sailkapena urte askotako lanaren emaitza izan da. Dena eman dut horretarako. Ez didate ezer oparitu, eta oso pozik nago. Baina, huts egiten badut, ez da ezer gertatzen. Neure buruarekin lasai nago. Uste dut hauek ez direla nire Jokoak.

Zergatik?

Jaitsiera hastean, irabaztea egongo da neure buruan. Izan ere, irabaztera ateratzen ez bazara, ziur ez duzula emaitza ona lortuko. Baina errealista ere banaiz, etamunduko eskiatzaileen zerrendan 60. nago. Oso emaitza onak lortu ditut azkenaldian, baina domina bat lortzea pentsaezina da. Hemendik lau urtera lehiakorragoa izango naiz, eta uste dut nire adinari eta ibilbideari erreparatuta horiek izango direla niretzat Jokorik aproposenak. Eskiatzaile bat 27-32 urteen artean egoten da bere sasoirik onenean, eta Pekinera adin tarte horretan iritsiko naiz. Hara eskarmentuarekin ailegatu nahi dut, eta Joko hauetan egoteak asko lagunduko dit.

Ikastera eta disfrutatzera zoaz, hortaz?

Erronka gisa ere hartzen ditut Jokoak, lehiakorra bainaiz. Baina esperientzia honetaz disfrutatu nahi dut, eta, batez ere, ikasi. Izan ere, fisikoki eta psikologikoki ondo egoteaz gain, eskia eskarmentua eskatzen duen kirol bat da. Zenbat eta denbora gehiago eman eskien gainean, orduan eta teknika hobea duzu. Ni duela lau urtetik ari naiz buru-belarri eskiaren munduan. Espainiako Eski Federazioko arduradun berriek kargua hartu zutenean, programa serio, profesional eta benetako bat proposatu zidaten, ordura artekoak kezkatuago baitzeuden beste kontu batzuetan. Hala, ordutik, Munduko Kopako hamar probatan parte hartu dut, eta esperientzia pilatuz joan naiz. Iaz, bigarren jaitsiera baterako sailkatzekotan egon nintzen hainbat probatan, eta, aurten ere, jaitsiera zati oso onak izan ditut. Jaitsiera bakoitza ikasgai bat izaten ari da.

Zure ustez, non egongo da emaitza on bat lortzeko gakoa?

Lehen jaitsieran 30 onenen artean sailkatu behar dut. Izan ere, hala eginez gero, bigarrenean aurrenekoen artean irten ahal izango naiz, eta pista garbiago egongo da. Beraz, azkarrago jaitsi ahal izango naiz, eta horrela gora egingo nuke sailkapenean. Lehen 15-20ren artean sailkatzea oso ondo egongo litzateke. Hortik gora, pentsaezina da. Nahiz eta lasterketa batean edozer gerta daitekeen, eta elurra behar baino gehiago puskatuz gero, ustez hasieran aterako ginatekeenek abantaila txiki bat izango genukeen. Baina errealista naiz, eta aipatutako postu horietatik gora sailkatzea balentria litzateke.

Aurreko urteetan beti hasten zenuen denboraldia sasoi betean. Aurten, ordea, alderantziz izan da. Probak aurrera joan ahala lortu dituzu emaitzarik onenak. Olinpiar Jokoen prestakuntzaren parte izan da hori?

Neurri batean, bai. Nik ohitura izan dut denboraldiak oso indartsu hasteko, eta, gero, behera egiten nuen. Aurten, lasaiago hartu dut, gehiago zaindu dut dena: elikadura, prestakuntza, osasuna... Ez nuen gaixotu nahi. Izan ere, aurreko denboraldietan, hotzaren ondorioz oso erraz gaixotzen nintzen. Defentsak oso azkar jaisten zitzaizkidan, eta, ondoren, arrastaka ibiltzen nintzen. Tentu handiagoz zaindu dut hori.

Emaitza onak lortu dituzu. Zenbateraino hobetu ditzakezu epe motzean emaitzak?

Uste dut teknikoki oso ondo eskiatzen aritu naizela denboraldi guztian. Txikikerietan huts egin dut. Zenbateraino hobetu dezakedan esatea zaila da. Baina uste dut gai naizela bihurgune bakoitzean ehunenen bat azkarrago joateko. 50 bihurgunetan, ia segundoa litzateke, eta, segundo bat azkarrago iritsita, 20-30 postu irabaziko nituzke estu doan lasterketa batean. Horretarako, nire indarra kontrolatzen jakin behar dut. Azkar joateko grina horren ondorioz, bihurgune eta ate batzuetara behar baino indar handiagoarekin sartzen naiz, eta horrek frenatu egiten nau. Hori gertatzen da ni eskiatzaile tekniko bat bainoago eskiatzaile fisiko bat naizelako. Horretan hobetzea izango da gakoetako bat.

Lehiatuko zaren pistetatik gertu eskiatu zenuen duela gutxi. Bertan, bi lasterketa irabazi zenituen. Ezin aproposagoak dira zuretzat, ezta?

Gustuko ditut, bai. Pendiz handia dute. Elurra, berriz, hotza eta gogorra da. Oso sotila izan behar duzu bihurgune bakoitzean, eta ezin duzu presio handirik egin eskiarekin; bestela, elurrak berak frenatu egiten zaitu. Alde horretatik, aitzakiarik gabeak dira niretzat. Gainera, espero dut Olinpiar Jokoetako pistak hobeto prestatuko dituztela. Beraz, ur gehiago botako dute, eta pistak gogorragoak egongo dira.

Eslalom erraldoian eta eslalomean lehiatuko zara. Non espero dituzu emaitza hobeak?

Erraldoia gustukoagoa dut. Uste dut proba dibertigarriagoa eta zintzoagoa dela. Gainera, ranking hobea dut. Baina nire ezaugarri fisikoak tarteko, hobeto moldatzen naiz eslalomean. Beraz, hor espero ditut emaitza hobeak.

Hotz egitea nahi duzu, edo ez duzu nahi?

Egia esan, horrek ez du nire jarduna baldintzatzen. Ondo moldatzen naiz bietara. Horrek ez nau kezkatzen.

Oso metodikoa omen zara egunero. Egunotan are gehiago?

Bai, askok esaten didate gehiegizkoa dela. Baina ni, horrela, lasaiago sentitzen naiz neure buruarekin, eta hori da garrantzitsuena. Jaiki, eta yogako eta pilateseko ariketa sorta bat egiten dut, egunero. Bi hernia izan nituen bizkarrean, eta, ariketa horiek eginda, hobeto nago. Ondoren, gosaldu egiten dut, eta hor bada falta ezin den zerbait: barazkiekin eta frutarekin egindako zuku berdea. Hori hartu gabe ez noa entrenatzera edo lehiatzera. Hartzen ez badut, energia falta zait. Horrekin batera, oso metodikoa naiz lehiatuko naizen pistak aztertzeko orduan. Batzuek nahiko azkar egiten dute. Nahiago dute instintuz eskiatu. Nik, berriz, pazientzia handiz egiten dut. Izan ere, oso argi eduki nahi izaten dut nondik igaroko naizen. Lasterketa oso ondo bisualizatzea gustatzen zait, eta behin eta berriz errepasatzen dut nolakoa den ibilbidea eta bihurgune bakoitza. Alde horretatik, memoria bisual ona izatea oso garrantzitsua da.

Asko lantzen duzue memoria bisual hori?

Bai, aurten lasterketetan eta entrenamenduetan bereziki landu dugun zerbait da. Behin horiek bukatuta, buruan dugun ibilbidearen irudi hori lantzeko hainbat ariketa egiten ditugu. Lehenbizi, irudikatzen dugu buruan zer ikusiko genukeen jaitsieran. Gero, zer ikusiko genukeen eta zer sentituko genukeen gorputzean, eta, hirugarrenik, bakarriknola sentituko ginatekeen. Bestalde, apneako profesionalekin lan egin dugu, jaisterakoan gorputzak jasaten duen presioa eta tentsioa kudeatzen ikasteko. Horri guztiari esker, badirudi jaitsiera egitean aurretik handik pasatu garela.

Materialarekin ba al duzu maniaren bat?

Elurra aztertzea eta behar baino ertz handiagoa duten eskiak erabiltzea gustatzen zait. Erosoago sentitzen naiz horrela. Gainontzean, ez dut mania berezirik. Erraldoirako lau eski pare ekarri ditut,eta eslalomerako, bat gehiago, errazago puskatzen direlako. Baditut pare bat gusturago eta erosoago erabili ditudanak. Horiek gehiago zaindu eta mimatu ditut. Ondo asmatu behar dut aukeratzeko orduan, segundo baten aldea ere egon baitaiteke asmatzearen eta ez asmatzearen artean.

Olinpiar hiriko giroaz disfrutatzeko gogoz egongo zara, ezta?

Bai, noski. Azken batean, eskiatzailerik onenak han egongo dira, eta haiekin egotea irakasgai bat izango da.

Sumatu al duzue tentsio politikorik Pyeongchangen?

Egia esan, ez. Jendea oso isila da, eta apenas begiratzen dizuten begietara. Gogoan dut hemen egon nintzen azken aldian gure gidari lanak egitera etorri zen pertsonari bi musu ematera gerturatu nintzela eta atzera egin zuela. Zur eta lur geratu nintzen.

Errusiako eskiatzaileekin nolakoa da harremana?

Oso harreman ona dugu gure artean. Ezin dut ezer txarrik esan haien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.