Hura da erantzuna

Realak konfiantza handia du Kevin Rodriguesengan; horrenbeste, ezen hura aukeratu zuen Yuri Berchichek utzitako hutsunea betetzeko.

jon eskudero
<i>Donostia</i>
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Oraindik ere euren buruari galdezka ariko dira hainbat zale zergatik Realak ez zuen ahalegin handiagorik egin Yuri Berchice joan zedin eragozteko. Besteak beste, 30 milioi euroko etete klausula izan arren, erdia baino gutxiagoren truke eraman baitzuen PSGk. Ulertezin jo izango zuten erabakia hainbatek, baina Jokin Aperribairen zuzendaritzari aski ongi funtzionatzen ari zaio aurreikuspena. Izan ere, Kevin Rodrigues defentsako ezker hegala luzaroan zaintzera deituta dagoen gaztea bikain ari da. Harengan itxaropena dutenez, Yuriren irteerari ez zion aparteko oztoporik jarri klubak, eta, orain arteko bi partidetan behintzat, lan ona egin du baionarrak.

Baionan jaioa, lehenengo ostikoak hango taldean emana da Kevin, baina Okzitaniako Tolosarako bidea hartu zuen berehala. Zazpi denboraldiz jokatu zuen han, eta lehen taldearekin gorenmailan debutatzeko aukera ere eman zioten: 2011n eta 1014an partida bana jokatu zituen. Ordea, nahi adina protagonismorik ez eta, Dijonera jo zuen gero, Frantziako Bigarren Mailan jokatzeko itxaropenez. Itxaropen hutsean geratu zitzaion asmoa. «Lehen taldearekin jokatzeko fitxatu ninduten, baina ez zen hala izan, harrobiko taldearekin aritu bainitzen ia beti. Oso gaizki pasatu nuen», aitortu izan du jokalariak behin baino gehiagotan.

Nekez pentsatuko zukeen trena igaro zitzaion orduan, Realak zabaldu baitzizkion ateak. Frantziako selekzioarekin lan bikainak egina zegoen ordura arte; besteak beste, 2013an Europako 19 urtez azpiko txapelduna izan baitzen. Lan horren ondorio, Eric Olhatsek bota zion begia, Antoine Griezmann Zubietara ekarri zuen futbol ikuskatzaile berberak, eta Realaren harrobirako fitxatu zuen, 2015ean. Aukerari muzin egin ezin eta, Donostiarako bidea hartu zuen Kevinek.

Zubietako lurretan hasi zuen gorako bidea duela urte eta erdi, pentsatu ere egingo ez zuen postu batean, gainera. Realeko elastikoa jantzi aurretik erasoko ezker hegalean jokatua zegoen beti, baina kasualitateak hala nahita, Reala B-ren defentsako lerroan kokatzeak eman dio lehen taldeko atea zabaltzeko aukera. «Gogoan dut 1-0 galtzen ari ginela, eta emaitzari buelta eman nahian Imanol Alguacilek defentsako ezker hegalean kokatu ninduela, erasora jotzeko. Azkenean 2-1 irabazi genuen, eta handik aurrera postu horretan jarraitu dut beti». Realeko bigarren taldean findu ondotik, Eusebio Sacristanek ere postu horretan finkatu du. Santiago Bernabenun egin zuen debuta iragan sasoian, eta Realak 3-0 galdu arren, txukun aritu zen. Horregatik dauka entrenatzailearen konfiantza.

De la Bellaren aholkuak

Kevin eta Alberto de la Bella dira defentsako ezker hegaleko postu horretan jokatzeko Eusebiok bere esanetara dituen bi jokalariak. Bataren gaztetasuna dela eta, bestea eskarmentua bilatu nahi izan du klubak De la Bella berreskuratuta. Hori bai, lesiorik ezean, badirudi lapurtarrak izango dituela minutu gehien sasoi honetan. Ahalik eta ondoen erantzuteko prest dago. «Oraindik kosta egiten zait defentsako lerrora ohitzera, eta jokoz kanpoko jokaldietan hobetu beharra daukat. Buruz burukoetan uste dut dohain onak ditudala, eta erasora joatea ere gustatzen zait. Halere, defentsan zorrotz jokatzea da lehen baldintza, eta ikasiz joango naiz». De la Bellaren aholkuak izango ditu lagun. «Yurik esan zidan berari asko lagundu ziola Albertok, eta nik ere gainean daukat beti, laguntzeko prest».

Laino baten gainea badago ere, oinak lurrean ditu gazteak, eta garbi du abentura hasi besterik ez duela egin. «Realaren jokatzeko erak mesede egiten dio nire jokoari, eta gogotsu nago dakidan guztia emateko». Aukerarik ez du faltako. Alvaro Odriozola, Jon Bautista eta enparauekin batera, Zubietako harrobiak emandako beste harribitxi bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.