Hunkidura eta haserrea

Familiako, lagun eta txirrindularitza munduko asko bertan zirela eman diote azken agurra Iñaki Lejarretari

unai zubeldia
2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Igande goizean zabaldu zen albistea, asko eta asko artean egun onak emateko zeudela. 09:30 aldera, Iurreta parean, N-634 errepidean, auto batek atzetik jo eta momentuan bertan hil zen Iñaki Lejarreta txirrindularia. Beste askotan bezala, 08:00etan jaiki eta 09:30erako entrenatzen ari zen berriztarra Renault Clio markako auto batek kolpea eman zionean. Orbea markako bizikletaren itxura ikustea nahikoa zen istripuaren gogortasunaz jabetzeko —Orbea taldea deseginda, talde bila zebilen—. Txikituta geratu zen atzeko gurpila, eta medikuak gogotik saiatu baziren ere, ez zegoen zereginik. 29 urte zeuzkan Lejarretak; Ismael Lejarreta txirrindulari ohiaren semea, eta Marino Lejarretaren iloba zen. Naiara Telletxea emazteak eta biek urtarrilerako espero zuten lehen haurra. Bere garaian txirrindulari izan zen hura ere, eta egun senarraren entrenatzailea zen.

Istripu eta heriotza guztiak dira gogorrak, baina min handia nabari zen atzo Berrizen (Bizkaia), Lejarretaren hileta elizkizunean. Familiako, lagun eta txirrindularitzako kide asko eta asko bertaratu ziren, hunkidura eta haserre aurpegiekin. 2001ean mendiko bizikletako munduko txapeldun izan zen bizkaitarra, gazte mailan. Errepideko 23 urtez azpiko Euskadiko Txapelketa ere irabazi zuen gerora, eta diploma eskuratu zuen 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan. Bazekien zer zen kolpea jaso ondoren altxatzea, 2005ean hipertiroidismoa diagnostikatu ziotelako. Dena uztekotan egon zen, baina 2007an itzuli zen lehiara; urtetik urtera hazten ari zen txirrindulari gisa. Lesio batek utzi zuen udan Olinpiar Jokoetatik kanpo.

Kolpe gogorregia izan zen, ordea, herenegun goizekoa. Errepide zabala da Iurreta pareko hori, eta argitzeke dago autoak nolatan jo zuen atzetik —22 urtekoa zen gidaria, eta Gurutze Gorriko boluntarioa zen; gau guztian lanean aritu ostean, etxerako bidean zihoan—. Litekeena da auto gidariak lo hartu izana.

«Neurriak hartu behar dira»

Txirrindulari asko ibiltzen dira entrenatzen istripua izan zen inguruan, eta haserre hitz egin zuten horietako askok. Istripuaren lekuan bertan hitz egin zuten Beñat Intxaustik (Movistar) eta Koldo Fernandez de Larreak (Garmin). «Zerbait egin beharra dago», hausnartu zuen Intxaustik. Fernandez de Larreak ere neurriak eskatu zizkien politikariei. «Horrelakoak eragozteko zerbait egin beharra daukate. Honek ezin du horrela jarraitu». Istripua salatu, neurriak eskatu, eta Iñaki Lejarretari omenaldia egiteko bizikleta martxa egingo dute larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.