Loik Le Priolek lau egun eman ditu ihesean. Frantziako Fiskaltzak gaur baieztatu duenez, Hungarian atxilotu zuten bart Federico Martin Aramburu errugbi jokalari ohiaren hilketaren susmagarri nagusia. Eskuin muturreko militante ezaguna da Le Priol, eta aurrekariak zituen.
Hilketan parte hartu zuen beste gizonezkoa Sarthe departamenduan atxilotu dute. Romain B. izenez identifikatu dute, eta hura ere eskuin muturreko erakundeetako kidea da. Arambururen kontra tiro egin izana leporatzen diote, asmatu ez bazuen ere.
Aramburu jokalari ohia (La Plata, Argentina, 1980) tiroz hil zuten ostiraletik larunbaterako gauean, Parisen. Miarritzeko jokalari ohia (2004-2006) Shaun Hegarty kirolariarekin zebilen Boulevard Saint-Germain auzoan, eta taberna batean iskanbila izan zuten bi pertsonarekin. Banatu egin zituzten han zeuden beste batzuek, baina, geroago, auto batean itzuli ziren bi pertsona horiek, eta kalean tirokatu zuten Aramburu. Lauzpabost tiro egin zizkioten jokalari ohiari, nahiz eta denera zazpi bala zorro aurkitu zituzten hilketaren lekuan.
Le Priol zen bi lagun horietako bat. Militar ohia da, eta Frantziako Itsas Armadako kidea izan zen, Djibutin misio batean aritutakoa. Horretaz gain, Group Union Défense eskuin muturreko ikasle elkarteko kide ohia da. 2021ean, epaitegietara deitu zuten, beste neofaxista bat 2016. urtean torturatzeagatik ikertzen ari zirelako. Urte hartan, 2016an, arropa etxe arrazista bat ere sortu zuen, «zuriek zurientzat sorturiko jantziak» saltzeko.
Oraindik ez dago argi zergatik egin zioten eraso kirolari euskal-argentinarrari. Baina, harekin tabernan zegoen Hegartyk adierazi duenez, irain xenofoboak egin zizkioten, «zu ez zara hemengoa» eta «gu geure etxean gaude», esaterako.
Borrokaren erdian, Le Priolek Polizia mezua zuen besoko bat atera zuen poltsikotik, lekukoen arabera. Ika-mikaren ostean, horretan parte hartu zutenetako batek atzetik oinez jarraitu zion Aranbururi, eta beste biek Jeep batean, jokalari ohia hotelera zihoala. Bertatik bertara egin zion tiro.
Igandean atxilotu zuten ustez hilketan parte hartu zuen 24 urteko emakumea, Le Priolen neska laguna, eta atzo jakinarazi zuten behin-behinean espetxeratu dutela. Hark gidatzen zuen Le Priolen jabetzako Jeep autoa; bideozaintza kameren bidez identifikatu zuten. Deklarazioan azaldu duenez, hiriko beste leku batean utzi zituen bi gizonak, eta Le Priolek esan zion ihes egiteko asmoa zuela, ez zutela berriz elkar ikusiko.
Miarritzeko bizilaguna
Aramburu Miarritzen bizi zen, eta turismo alorreko enpresa batean egiten zuen lan, Hegarty bazkidearekin. Bien asmoa zen astelehen gauean jokatu zen Frantzia-Ingalaterra Sei Nazioen Torneoko partida ikustera joatea.
Bi aldiz izan zen Top14ko txapeldun Miarritzerekin (2005ean eta 2006an). Klubeko bazkideen elkarteko presidente izana zen 2015etik 2018ra, eta administrazio kontseiluko kide ere izan zen. Argentinarekin hirugarren izan zen 2007ko Munduko Txapelketan. 22 partida jokatu zituen selekzioarekin. Perpinyan eta Akizen ere jokatu zuen, baita Glasgow Warriorsen ere.
Arambururen hileta datorren larunbatean egingo dute, Miarritzen. 14:00etan hasiko da meza, eta gero omenaldi bat egingo diote taldekide ohiek.