Aizkora

Fokupean, hiru hautagai

Sherpa Ai aizkolari txapelketako finala jokatuko dute gaur, Bilbon. Julen Alberdi egungo txapelduna, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño dira hautagai nagusiak.

TXIKIA-LARRAÑAGA-OTAÑO.
Julen Alberdi, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño, hizketan, iazko finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2023ko abenduaren 8a
05:10
Entzun

Iazkoa berritu, edo lehen aldiz gailendu. Sherpa Ai aizkolari txapelketako finala jokatuko dute gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan (12:00, ETB1). Julen Alberdi Txikia IV.a da egungo txapelduna, eta azkoitiarra da irabazteko hautagai nagusietako bat. Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño dira beste biak; azpeitiarrak eta beizamarrak ere orain arteko hiru finaletan hartu dute parte, baina ez dute irabazterik lortu. Iker Vicente nagusitu zen lehen bi aldietan —2020an eta 2021ean—, eta Larrañaga sailkatu zen bigarren bi aldi haietan. Joan zen urtean, berriz, Otaño igo zen podiumaren bigarren koskara, Alberdiren atzetik.

Hiru horiek daude faboritoen multzoan, gainerako parte hartzaileek baieztatu duten eran. Ugaitz Mugertzak, Ibai Soroak eta Julen Larreak osatuko dute finalisten koadroa. Hirurek beste hiru hautagaien nagusitasuna azpimarratu dute. Mugertzaren esanetan, «hiru oilar daude aurrean: Txikia, Larrañaga eta Otaño. Gainontzean, Larrea, Soroa eta ni koskatxo bat beherago gaude. Horrela ikusten dut finala, eta zaila izango da haietako baten huts egitea. Nire aldetik, saiatuko naiz ahalik eta gertuen egoten, eta ahalik eta txapelketarik politena egiten».

Alberdi ere uste berekoa da txapelaren lehiari dagokionez. «Final estua aurreikusten dut. Bai Larrañaga, bai Otaño lan asko emateko ideiarekin etorriko dira, eta nire onena eman beharko dut haiei aurre egiteko. Oso aurkari gogorrak dira, eta, besteak ere aintzat hartu behar diren arren, koska bat gorago daude. Lan zailak izango ditut haien aurka». 

Azkotiarrak «orokorrean, ondo entrenatuta» ekingo dio gaurko saioari, azken asteetan gerriko zenbait arazo izan baditu ere. Hain justu ere, Larrañaga ere gerriko minez izan da luzaroan, baina arazoak gaindituta, txapela lortzeko lehian ariko da. Baita Otaño ere; aizkolari gipuzkoarra «nahiko ondo» ailegatuko da finalera, aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez: «Kanporaketan, astindua hartuta nengoen entrenamenduengatik, baina uste dut txinparta berreskuratzen asmatu dudala. Final estua izango da; Larrañaga, Txikia eta hirurok estu izango gara, eta Ugaitz ere presiorik gabe ariko da, eta bere lana egingo du. Iaz Txikiak irabazi zuen, eta Larrañaga ere hor dago; ni neure lana egitera joango naiz, eta ea aurrea hartzerik dudan».

Parte hartzaileen multzoa iazkoaren oso antzekoa izango da. Izan ere, aurtengo sei aizkolarietatik bost aritu ziren joan zen urtean Miribillan jokatutako finalean. Oraingo aldian Julen Larrea sailkatu da Txomin Amundarainen ordez, Tolosan (Gipuzkoa) jokatutako kanporaketa gaindituta. «Nire helburua finalera sailkatzea zen. Orain gozatu egin nahi dut, eta helburutzat izango dut azkena ez geratzea», esan du Larreak.

Ibai Soroa, berriz, bigarren aldiz ariko da Sherparen final nagusian. Kanporaketan «denbora polita» eginda, galtzekorik gabe ariko da. Arribekoaren (Nafarroa) esanetan, «lehen hirurak oso urrun» izango dituzte —Alberdi, Larrañaga eta Otaño—, eta laugarren posturako lehian aritzea izango du xedea: «Uste dut bi geratuko garela atzean, eta Ugaitz gorago, denen tartean izango da. Ea Ugaitz harrapatzerik dugun, eta, bestalde, azken postua saihesten dugun». Soroak orain baino lehen ere erakutsiak ditu bere ahalak, eta, iaz, Sherparen Promozio Mailako txapela irabazi zuen. 

Plazako lana izango da gaurko jaialdiaren beste berritasun nagusia. Sherparen lehen hiru txapelketetan, Txapelketa Nagusiaren moldean aritu ziren kirolariak; hau da, launa kana-erdiko (54 ontzako enborrak), 60 ontzako eta oinbiko (72 ontzakoak) moztu zituzten. Aldiz, aurtengo finalean bestelakoa izango da jarduna. Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko ebaki beharko ditu. 

Emakumeetan, antzeko

Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute emakumezkoen txapelketa ere. Hiru aizkolari ariko dira nor baino nor gehiago txapela eskuratu nahian: Karmele Gisasola Zelai III.a, Nerea Arruti, eta Malen Barrenetxea. Gizonezkoen txapelketan bezalaxe, lehen ere gorengo koskan aritutakoak dira hautagai nagusiak: Gisasola eta Arruti. Izan ere, mallabitarrak irabazi zuen Sherparen lehendabiziko txapelketa, 2021ean, eta Arrutik hartu zion erreleboa, iaz. 

NEREA ARRUTI.
Nerea Arruti, ahalegin betean, iazko finalean. Hark irabazi zuen txapela. LUIS TEJIDO / EFE

Nolanahi ere, Zelai III.ak azaldu du «pixka bat urduri» dagoela finalaren atarian. Izan ere, orain dela bi urte txapeldun izan zen arren, oraingo lanak mardulagoak izango dira ordukoak baino. 36 ontzako eta 45 ontzako bi enbor moztu zituzten 2021eko estreinaldian. Orain, aldiz, lan handiagoak egingo dituzte, launa 45 ontzako moztuta: «Oraindaino ez dut jokatu Euskal Herriko txapelketarik aizkoran, eta txapeldun handi baten aurka ariko naiz [Arruti]. Malen ere oso gaztea da, eta gauzak ondo egiten ditu; Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak jokatu ditu, eta ondo ari da. Ni neure lana ondo egiten saiatuko naiz, ahalik eta ondoen mozten».

Sherpa Airen eskutik ari diren aizkolariek zenbait berritasun txertatu dituzte beren jaialdietan, eta aurten ere bide beretik segituko dute, Josune Arakistain Süne musikariak saio bat egingo baitu. Bizkaia pilotalekurako sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua duenez, bertaratzeko hurrenkera kontuan hartuko dute muga jartzeko garaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.