Bost denboraldiren ondoren, Baskonia Euroligako final-laurdenetan da, kanporaketen aurreko azken lehian, Virtus Bologna mendean hartu ostean: 89-77. Lehen bi laurden parekatuen ostean, Markus Howard azaldu da, ohikoa duena egiteko: partida hautsi eta Baskonia garaipenaren bidean jarri. Italiarrek amesgaiztoak izango dituzte estatubatuarrarekin. Izan ere, duela astebete, liga erregularreko azken partidan 34 puntu egin zizkien, eta gaur, berriz, 28 sartu dizkie. Horietatik hamalau bigarren laurdenean izan dira. Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldeak 15 punturen aldearekin abiatu du laurden erabakigarria, eta ondo kudeatu du abantaila. Hala, asteartean ekingo dio final-laurdenetako kanporaketari, Real Madrilen pabiloian, ligaxka lehen postuan amaitu zuen taldea. Hiru neurketa irabazi beharko ditu Lauko Finala jokatzeko.
Oso aldarte desberdinean iritsi dira bi taldeak gaurko neurketara, Baskoniak kolpea jaso baitzuen asteartean Maccabiren aurka, eta Italiarrek ezustean utzi zuten kanpoan Anadolu Efes. Arabarrak jakitun ziren gaurko partidak ez zuela atzera-bueltarik, eta galduz gero seigarren denboraldiz jarraian gertuko zirela kanporaketetatik at. Hala, batez ere defentsan, Maccabiren aurka baino biziago irten dira pistara. Lehen laurden horretako protagonista nagusia Sedekerskis izan da: Baskoniaren lehen 13 puntuetatik 11 hark sartu ditu.
Baina italiarrek ondo eutsi diote arabarren hasierako oldarraldi horri. Hortik aurrera parekatu egin da lehen laurden hori. Lehiatua eta kontaktu handikoa izan da, fisikoa. Baskoniak ezin izan du aparteko alderik lortu lehen 10 minutu horietan. Howard ondo lotu dute italiarrek Cordinierren bidez, eta, erasoan, jokalari garai bat jarri duten haren parez pare min egiteko. Codi Miller-Mcintyre ere ez da azaldu hasiera horretan. Azken unean Lundbergek sartutako biko saskiratze bati esker, Bolognak aurretik amaitu du lehen laurdena: 21-22.
Antzera segitu dute bigarren laurdenean. Baskoniak erritmo biziagoa eman nahi izan dio partidari, geldikako erasoan kosta egiten baitzitzaion zuloak topatzea. Italiarrek nahiago izan dute, haatik, patxada handiagoz jokatu. Partidaren erritmoa nork ezartzen zuen erabakitzeko lehia polita izan dute minutu horietan bi taldeek. Bizi jokatu nahi izateak huts egitea dakar askotan, eta hainbat saskiratzetan kale egin du Baskoniak, batez ere hiruko marratik.
Baina bolada hori Rogkavopulusek hautsi du: 31-29 (15. min). Laurden horretan, Baskoniak lau punturen aldea lortu du, eta, Maccabiren aurkako partidarekin alderatuz, hobeto zaindu du errebotea. Baina oreka ez da hautsi. Ez talde batek, ez besteak ez dute erraz saskiratu. 41-41 joan dira aldageletara.
Hirugarren laurden ikusgarria
Aldagelatik bueltan berotu da Howarden eskumuturra, eta orduan hautsi da partida. Hura eta Miller-Mcintyre azaldu dira, eta haien eskutik bideratu du partida Baskoniak. Laurden horretako lehen lau minututan 12-2ko partzial bat lortu du Baskoniak, eta hamar punturen aldea lortu du. Howardek puntuak sartu ditu, eta Miller-Mcintyrek partidaren erritmoa jarri du. Ia erreskadan hamasei puntura igo du Baskoniaren aldea Howardek, beste bi hiruko ikusgarri sartuta: 63-47.
Hirugarren laurden horretan hamalau puntu sartu ditu estatubatuarrak. Orduan lehertu da festa Buesa Arenan. Partziala ikusgarria zen: 22-6. Final-laurdenetarako sailkapena ondo bideratua zuten arabarrek, patxada eta burua behar zituzten abantaila kudeatzeko. Nahiz eta 0-5eko partzial bat lortu italiarrek, Baskoniak ondo eutsi dio defentsan. Erasoan 31 puntu sartu ditu Baskoniak 10 minutu horietan, ia erdia italiarrek: hamasei. Horrek erakusten du erasoan ez ezik, defentsan ere sendo aritu dela Baskonia.
Arabarrek 15 punturen aldearekin abiatu dute hirugarren laurdena: 72-57. Howardek berdin ekin dio laugarren laurdenari: hiruko bat sartuz. Saskiratzeak trukatu dituzte laugarren laurdenaren horretan bi taldeek. Baskoniak horrekin nahikoa zuen. 5 minutu falta zirela, laugarren laurdena abiatzean zuen aldeari eusten zion: 85-70. Bihotzarekin buruarekin baino gehiago jokatu dute italiarrek azken txanpan, ohikoa duten izaera lehiakorrari eutsiz, eta laurdena bera ere irabazi dute. Baina Baskoniak final-laurdenetan egoteko helburua bete du, neurketa oso bat jokatuz.