Hotza uretan; sugarra tostartean

Arraunlariak udako traineru denboraldia prestatzen ari dira udazken amaieratik, isilean. Getaria estreinakoz ariko da Eusko Label ligan, iaz KAE 1 ligatik igo eta gero. Uretako entrenamendu bat ikusten izan da BERRIA.

Teknika. Getariak ararunketa barneratzeko baliatzen ditu ur geldoetako entrenamenduak. MAIALEN ANDRES / @FOKU.
Mikel O. Iribar.
Zumaia
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Hotz esnatu da larunbat goiza. Bart gauean ez zen hodeirik ageri. Oskarbi egon da, eta, biluztasun horregatik eta naturaren legea beteta, Zumaia (Gipuzkoa) inguruko zelaietan ihintza egin du. Urola ibaia, berriz, lanbro txapel fin batek estaltzen du, baina, goizak aurrera egin ahala, eguzki printzak hasiak dira behe lainoaren estalkia zeharkatzen. Bitartean, gorri koloreko batelak ibaian gora eta behera dabiltza, lehorretik adinekoek adi-adi jarraitzen dituztela. 11:00k inguruan heldu da Getariako furgoneta Zumaiako Arraun Elkartera, atzean Esperantza traineru zuria atoian lotuta dakarrela. Gero beste furgoneta bat iritsi da, arraunlariz beteta eta bigarren ontziarekin. Herri ondokoa izanik, nolabaiteko harridura sortu du zumaiarren artean, baina berehala itzuli dira beren zereginetara.

Gehiegi luzatu gabe, getariarrek zirkulu bat osatu dute, eta luzaketei ekin diote. Ezinbestekoa da gerrialdea eta gorputzeko giharrak ongi berotzea, lan saioa behar bezala egiteko eta lesio arriskuak murritzeko. Kontu kontari dabiltza, giro onean; garrantzitsua negu gogorra leuntzeko. Harik eta Jon Larrañaga entrenatzaile eta arraunlariak hitza hartu duen arte. «Egun on!», hasi da, serio. Entrenamenduaren nondik norakoaren berri eman die. Koaderno bat du eskuartean, eta orri batean jarrita dauzka bi traineruetan joango diren arraunlarien goitizenak: aurrenekoa, Eusko Label ligan estreinakoz ariko den talde nagusiarekin osatutakoa izango da, prestatzailea barruan dela; bigarrena, berriz, gainerako zenbait arraunlariz gain, aurretik arraunean aritu direnekin eta beteranoekin. Samurragoa baita uretan entrenamendua egitea lehorrean ergometroan aritzea baino, katearen soinu hotsak inguratuta.

Denboraldiaurrea izaki, entrenamendu luzea egingo dute. Segituan eman du azalpena Larrañagak: «Aurreko astean baino entrenamendu hobeagoa egingo dugula espero dut. Hamasei minutuko lau txanda egingo ditugu, baina, txanda bakoitzean, lau minutuero erritmoa aldatuko dugu: aldi batean, minutuko hamasei palakada; bestean, minutuko 24 palakada. Aurreko astean ikusi genuen erritmo horretan ontzia abiaduran egonkortu egiten dela». Ondoren, haren kuadrillari hitz bat behin eta berriz errepikatu dio: «Zentzua. Lehen hamar minutuetan arraunketari zentzua hartuz joango gara, poliki-poliki, eta, gero, horri heldu behar diogu; arrauna utzi, eta gorputza lasai-lasai gora. Besterik ez daukat esateko. Dakiguna egin dezagun».

Larrañagak lan saioan egingo duten ibilbidea izan du hizpide, batez ere Unax Eizagirre eta Izaro Lestayo patroiei so egiten ari zaiela. Denbora da Lestayo tarteka ontzia gobernatzen dabilela Esperantza traineruaren txopan. «KAE 1 ligan emakumeok aritu gaitezke patroi; Eusko Label ligan, ordea, ez. Udan, zuzendaritza taldean ariko naiz».

Gaurkoan ez dira itsasora aterako, Larrañagak aditzera eman duenez: «Arraunketa barneratzeko, ur geldoetan ari gara lanean. Hortaz, kai muturra amaitzen den parean ontzia biratuko dugu». Ibaiaren goialdera joateko sakonera nahikoa izango dute; marea gora baitoa, eta, ur biziak direnez, hiletan baino azkarrago doa haitzetako goroldioa eta lohia irensten. «Halere, piraguistekin erne ibili beharko dugu. Bi traineruak ez daitezela elkarrengana gehiegi gerturatu, eta bata bestearen atzean joan dadila, ziaboga errazago egiteko». Arraunlariak, bi traineruak bizkarrean hartu, eta pantalanera gerturatu dira bi ontziak uretaratzeko, atzetik Eizagirrek eta Lestayok arraun luze banarekin jarraitzen dietela.

Haizearen indarra hutsaren hurrengoa da, eta ibaia leun-leun dago, ur putzu handi baten antzera. Bi traineruetako arraunlariak beren tostetako neurriak doitzen ari dira. Bi Esperantza txiki ikusten dira atzean duten itsasontzi gorri erraldoiarekin; ibaiaz bestalde Balentziaga ontziola baitute. Bat-batean, talde nagusiko ontzian doan istriborreko bosgarrenak eskua altxatu du, eta Leandro Andreano, Larrañagaren laguntzailea, azkar batean gerturatu da karelez kanpoko motordun txalupan. «Tosta hautsita zagok», dio Josu San Sebastianek, iaz San Pedron aritu zen arraunlariak. «Trainerua asko erabiltzen ez denean, horixe gertatzen da», esan die kazetariari eta argazkilariari Andreanok. «Guk estreinatu genuen Esperantza zahar hori, duela 25 urte». Arraunlari hasi, entrenatzaile gero, eta orain Larrañagaren albokoa. Bizitzaren zati handi bat Getariako Arraun Elkartean darama. Asko bizi izan du.

Arraunketa barneratu

Tosta ongi finkatuta, Eizagirrek eta Lestayok azken abisua eman diete beren arraunlariei. Palak uretan sartuta dituzte, geldi. «Prest? Ba!». Lehen pala kolpea eman orduko, arraunaren, estropuaren eta toletaren elkarren arteko igurtziaz sortutako orroaentzun da Urolan. Palakadaz palakada, badoaz ibaian behera. Andreano Lestayo gidaritzapean doan traineruari segika ari da, atzean olatu txikiak uzten dituela. Ez zaio eserita joatea gustatzen, zutik baizik, arraunlarien lana zorrotz aztertzeko. Hitz jario handirik ez du, baina ez da isilik egotekoa. «Ababorrak eta istriborrak batera bukatu, eta ondoren arnasa hartu! Ez izan presarik erasora joateko! Palak ongi berdindu! Utzi joaten txalupari, eta minik ez egin! Goxo-goxo. Izaro, hor urik ez zagon; joan erdialdera. Unax, zabaletik hartu bihurgunea». Andreanori nozitu zaio arrauna zainetan daramala.

Ibaiaren bi ertzetan paseoan dabiltzanek uretara zuzendu dituzte begiak inertziaz. Artean, bi ontzietako arraunlariak erabat kontzentratuta doaz, bakoitzak bere palari begirik kentzen ez diola, luze-luze; arraunean, indarrak ez ezik, arlo teknikoak ere pisu galanta baitu. Hain zuzen, getariarrak arraunketa ongi barneratu nahian dabiltza buru-belarri. Ohartzerako, ibaiaren bokalean dira bi traineruak, eta ezkerretara kai mutur handia dute begi-bistan. Eizagirrek eta Lestayok, aurrekalariei abisua eman, estoketa sartu, eta ontzia gogor mantenduta ziba baten moduan biratu dute biek. Urrutian, Agirao eta Erlo mendi tontorrak dituzte.

Leandrok talde nagusiaren ontziaren txopara hurbildu du motordun txalupa, jarraipen zehatzagoa egiteko xedez. Eizagirre eroso ikusten da, eta, gaztea izan arren, badoa patroitzarako eskarmentua pilatzen, pixkanaka-pixkanaka. Bi eskuekin heltzen du arraun luzea, eta arraunlariek pala kolpea jotzen duten aldiro gorputz osoa mugitzen du, trainerua gogortuta eramateko. Ababorretik ontzi bat igaro zaie. Mezua kuadrillari: «Argi olatuekin! Baita erreboteko olatuekin ere!». Begi zorrotza du Eizagirrek, txoriaren parekoa.

Zumaiako klub parean hartu dute atseden. Lestayoren ontziko zenbait arraunlari kexu dira: taborta, arraunaren heldulekua, latzegia da. Leandrok, berriz, bote lasterrean bota die erantzuna, lege zaharrera: «Eskuak uretan busti». Berehala ekin diote berriz lanari, eta erritmo lasaian egin dituzte ondorengoko minutuak, ibaiaren meandroari segituta.

«Hutsune handia»

Harrobiko gazteek eta beteranoek osatzen dute Esperantza ontzia. Klub apala izaki, galtzak bete lan dute geroa ziurtatzeko, Leandrok aitortu duenez: «Gazte mailetan hutsune handia dugu. Haur eta kadete mailetan arraunlari oso gutxi ditugu. Dagoenarekin segitu behar dugu».

Hauspoari berotua emanda, Getariakoek amaitu dute entrenamendua. Bi traineruak atoian zintzilikatu, eta, denborarik galdu gabe, Getariara doaz, hala furgonetetan nola korrika. Larrañagak orain arte egindako lanaren azterketa egin du, aho bizarrik gabe: «Garai honetan martxa hartuta ibiliko ginela espero nuen. Asko kostatzen ari zaigu, jende berria dagoelako edo. Ibaiko lana egiteaz gain, taldean oinarria indartzea dagokigu». Halere, datorren sasoian Eusko Label ligan arituko direla eta, «ilusioa» dute ororen gainetik: «Oparia da guretzat, eta inork ez digu ilusio hori kenduko, ez niri, ez arraunlariei, ez herriari. Badakigu nondik gatozen eta noraino hel gaitezkeen. Gozatu egin nahi dugu». Motorra berotze aldera, Esperantza datozen jaitsieretan ariko da. Hasteko, Portugaleten (Bizkaia), datorren igandean (12:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.