Iraupena. 53 minutu.
Pilotakadak. 235.
Sakez. Jakak sei tanto, eta falta bat; Larrazabalek bi tanto, eta falta bat.
Egindako tantoak. Jakak bederatzi,eta Larrazabalek zazpi.
Huts egindakoak. Jakak lau, eta Larrazabalek zazpi.
Markagailua. 2-0, 2-6, 7-6, 7-7, 9-7, 9-8, 13-8,13-9, 15-9, 15-12, 16-12, 16-13 eta 22-13.
Bestelakoak. Apustu egilerik ez zen izan Laudioko pilotalekuan (Araba).
Ederki sufrituta, baina helburua beteta. Halaxe amaitu zuen Erik Jakak atzo lau eta erdiko final-zortzirenetako kanporaketa, Iker Larrazabalen kontra, Laudioko pilotalekuan (Araba). Azkeneko hilabeteetako sentipen onetatik urrun, bere mailatik behera aritu zen lizartzarra, baina lanaren eta kemenaren poderioz eskuratu zuen garaipena. Inspiraziorik gabe jokatu zuen, eta kosta egin zitzaion gozatzea. «Derrigor irabazi beharreko partida zen, eta kosta egin zait nire onena ematea», esan zuen Jakak amaieran.
Fisikoki lan asko egin zuen lehen zatian, eta bigarrenean aurkariaren hutsak baliatu zituen hogeita bira iristeko. Larrazabalek agerian utzi zuen baliabideak badituela pilotari ona izateko, baina kantxan egoten jakitea falta izan zitzaion, beste behin. Gauzak hala, final-laurdenetako ligaxkan ariko da Jaka, eta, presioa gaindituta, txapelerako hautagaien zerrendan ageri da.
Benetan hasiera gogorra izan zuen partidak. Oso gogorra eta nekagarria. Lehen bi tantoak harritzeko modukoak izan ziren, eta Jakak lortu zituen. Baina hauspoari emandako nekeak faktura pasatu zion hurrengo tantoetan. Izan ere, lehen tantoa egitearekin batera, konfiantza hartu zuen Larrazabalek, eta sei tanto jarraian egitea lortu zuen. Sakearekin asmatu zuen gehien. 2-6koarekin, ataka estuan zen Jaka, aspaldiko sentipen onak eta prestakuntza alferrik galtzeko arriskuan baitzegoen. Ordea, behera egin beharrean, burua altxatu zuen lizartzarrak, eta pixkanaka partida berdintzeari ekin zion. Aurrera edo atzera egin erabakitzeko komeriak izan zituen pilotakada askotan, baina gauza batekin asmatu zuen: motzean jokatzen hasi zen. Larrazabalen aireko jokoa saihesteko, motzean jokatu nahi izan zuen, eta zazpina berdindu zuen lehia.
Ona eta interesgarria zihoan partida, baina, nekeagatik ziurrenik, bi pilotariak opariak egiten hasi ziren elkarri: bakoitzak falta bana egin zuen sakez. Halakoetan gertatu ohi den moduan, esperientzia handiena duena atera zen irabazle. Larrazabalek opari gehiago egin zituen, eta zinez eskertu zuen hori Jakak. Lehen atsedenaldi luzean lau tantoren aldea zeukan: 12-8. «Inspiratuta ez nengoenez, lana eta lana egitea besterik ez dut izan buruan, eta ongi atera zait apustua».
Fisikoki lehen baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen lizartzarrak, eta, hortzak estututa, garaipena bideratuz joan zen. Tartean tanto politak ere eskaini zituen, ezker airez bereziki, baina ez zuen egunik onena izan erasoan. Sakearekin, aldiz, min egin zuen. Larrazabalek, berriz, nabarmen goitik behera egin zuen bigarren zatian. Mugimenduetan baldarrago eta etsita jokatu zuen, eta, azkenean, uste baino errazago nagusitu zen Jaka.
Beste txapelketa bati ekingo dio datorren ostegunean Jakak. Lehen partidaren arriskua eta presioa gaindituta, bere onena emateko baldintza egokietan iritsiko da, eta lehen partida Peio Etxeberriaren kontra jokatuko du, Sorian (Espainia). Ondo bidean, Larrazabal bera ere onenekin ariko da hurrengo urteetan lau eta erdian. Beti erakusten du dohainak badituela goian egoteko, baina esperientzia pilatu behar du, eta horretarako partidak beharko ditu. Baina aurten ez du gehiago jokatuko lau eta erdian.
Gaur, Tolosan, bi partida
Final-zortzirenetako kanporaketak gaur amaituko dira, Tolosan (Gipuzkoa). Bi partida jokatuko dira (17:00, ETB1). Lehenbizi, Mikel Urrutikoetxea eta Iker Salaberria ariko dira, eta, ondoren, Jon Ander Peña eta Danel Elezkano. Bietan, Baikokoak dira faborito, baina lehia irekiak espero dira. Final-laurdenetan Iñaki Artola ariko da, Asier Agirreri irabazi baitzion herenegun: 22-21.
Jaka 22 - 13 Larrazabal
Hortzak estu, baina irribarretsu
Ohi baino okerrago jokatu arren, Erik Jakak ondo merezita garaitu du Iker Larrazabal Laudion, eta Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan arituko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu