Markel Susaeta. Athleticeko jokalaria

«Horrenbeste partidarekin, lagunartean ia ez dugu komentatu derbia»

Zintzo onartu du Ipuruan jokatzea, familiakoen eta lagunen aurrean, ez dela beste edozein partida bezalakoa beretzat. Denboraldi hasiera oso gogorra izan den arren, gaur hasieratik jokatu nahiko luke. Taldeari dagokionez, txapelketa guztietan ondo lehiatzeko gai dela uste du.

haritz gallastegi
Bilbo
2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Markel Susaetarentzat (Eibar, 1987) neurketa berezia izango da gaurkoa. Ernesto Valverdek txandatzeen gurpilean sartzen ez badu, bere herrian jokatuko du, familiakoen eta lagunen aurrean. Partida aurreko eta ondorengo orduak bereziak izango dira eskuin hegalekoarentzat, baina, epaileak txistua jotakoan, armaginen atea zulatzea izango du helburu. Susaetaren asmoa baita Eibar mendean hartu eta iragan sasoian bere jokoari falta izan zitzaion argitasuna berreskuratzea. Bidean dela dirudi.

Euskal derbiak partida bereziak dira futbolari guztientzat. Baina eibartar batentzat ikaragarria izango da Ipurua bisitatzea talde armagina gorengo mailan lehiatzen ari dela.

Polita da oso. Eibarkoa izanik, egun berezia izango da niretzat, nekez ahaztuko dudana. Arlo pertsonalean ezin dut alderatu beste edozein partidarekin, eta, gainera, taldearen egoera aztertzen baldin badugu, badu garrantzia. Bartzelonaren aurka galdu egin genuen Ligako estreinako neurketa, eta horrek premia sortu digu. Ezin dugu punturik irabazi barik amaitu bigarren neurketa.

Abuztuan pilatu egin zaizu lana. Asko jokatu duzu. Hala ere, ilusioa eta indarra ez zaizkizu faltako Ipuruako hegaletako batean egoteko, ez?

Desiratzen nago Ipuruan jokatzeko. Umetan aitarekin joaten nintzen Eibarren norgehiagokak ikusi eta taldea animatzera. Beraz, bistan da niretzat berezia izango dela.

Urte asko daramazu gorengo mailan, eta zuen ingurua ere ohituta egongo da zuretzat garrantzitsuak diren partidak bizitzera… Beraz, ez dakit astean lagunartean-eta ezer berezirik komentatu duzuen.

Kontua da, esan berri dugun moduan, abuztuan egutegia bete-beteta eduki dugula eta nahikoa lan izan dudala jokatu dugun partida bakoitzari merezi zuen arreta jartzen. Neurketa garrantzitsu asko jokatu ditugu, eta behin Europako Ligarako txartela eskuratuta hasi ginen Ipururakoaz berbetan. Beraz, askorik ez.

Bitxia da Eibarren kasua. Uda eroa izan da haientzat.

Iaz gertatu legez, aurten ere oso indartsu ekin dio txapelketari. Bigarren itzulian izan zituzten zailtasunak. Kontua da orain konfiantzaz gainezka egongo den talde bat dela. Irabazteak indarra ematen du, eta horrek zaildu egingo du gure lana. Guretzat ez da norgehiagoka samurra izango.

Eibarrek itxuraldatu egin du taldea. Horrenbeste aldaketarekin, bazirudien kosta egingo zitzaiola jokalariak elkar ezagutu eta talde gisa funtzionatzea, baina Granadan ez zen koordinazio faltarik ikusi.

Joan den sasoian ere antzeko kontuak esaten ziren Eibarren inguruan, eta sekulako indarrarekin ekin zioten txapelketari. Usteak erdi ustel. Zelaian ari dira erakusten gauzak ondo egiten ari direla.

Eibar aztertzen hasiz gero, zer nabarmenduko zenuke?

Mendilibarrek zuzentzen dituen taldeen ezaugarri nagusia aurrean egiten duen presioa da. Asko estutuko gaituzte lehen minututik. Lehia gaitza izango da.

Jokalariren bat aipatuko zenuke beste guztien gainetik?

Ez dut gustuko futbolari bat edo beste gainerakoen gainetik jartzea. Izan ere, horrelako kasuetan aipatu ez dudana izaten da neurketaren giltza. Futbola talde lana da.

Beraz, Athleticen antzeko estrategia erabiliko dute. Izan ere, zuen dohain nagusietako bat aurkariaren gainean egoteko egiten duzuen beharra da.

Bai. Borroka gogorra izango da. Uste dut intentsitate handiko partida izango dela.

Europako Ligan etxeko lanak eginda eta Superkopa irabazi ostean, lehen hilabetea ezin, bada, txartzat eman. Baina abuztua borobiltzeko ligan punturen bat lortzea falta zaizue.

Nik beti esan dut ligako lehen partida irabazteak asko balio duela. Txapelketa garaipen batekin hasi dugun bakoitzean, ondo ibili gara. Baina sasoi honetan oso aurkari gogorra egokitu zitzaigun. Bartzelonaren aurka ez genuen txarto jokatu, baina puntu barik amaitu genuen. Beraz, bigarren lehia irabazi beharko dugu.

Zer eskatu behar zaio Athletici denboraldion?

Superkopa irabazi dugu, eta, berriro ere, Europan lehiatuko gara. Horrek esan gura du talde ona daukagula. Asko eskatuko digute, eta nik uste dut ondo erantzungo dugula.

Izen handiko fitxaketarik ezean, harrobiko jokalariei eman die lekukoa Ernesto Valverdek. Athleticen beti izan da horrela: Lekue, Sabin Merino, Eraso eta enparauak ondo ari dira.

Gure filosofia da. Igo berriak jokatzen ari dira, eta ondo. Pozgarria da.

Derbirako emaitza?

1-3.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.