«Eta orain zer? Entrenatzen jarraitu eta talderen bat aurkitzen saiatu». Pablo Urtasunek ez du etsi (Urdiain, Nafarroa, 1980). Ez du etsi nahi. «Erretiratu al naizen? Ez, ez. Oraindik ez». Pino Road Txileko kontinental mailako proiektua bertan behera geratu ondoren, aukera txiki bati bueltaka ari da nafarra, azkenean gorpuztuko dela sinetsi nahian. «Oso denbora gutxi daukagu jada, eta laster erabaki beharko dugu aukera horri heltzeko moduan gauden edo beste zerbait pentsatzen hasi beharko dugun». «Beste zerbait» horren atzean zulo beltz bat agertu zaio parez pare. «Erretiratuz gero, ez dakit zer egingo dudan, baina lasaitasun pixka bat eduki nahiko nuke; familiaren ondoan egon, gerora zer egingo dudan pentsatuz —3 urte eta erdi pasatxoko semea dauka: Egoi—». Familiaren babesa dauka. «Gustatuko litzaidake txirrindularitzarekin lotura daukan zerbaitetan aritzea, baina ikusiko dugu».
Txirrindulari profesional baten ohiko bizimodua darama Urtasunek. «Ia egunero egiten dut entrenamendua —Euskaltelen iazko maillotarekin iritsi da argazkiak ateratzeko saiora—; arrabolean aritzen naiz, gimnasiora joan, elikadura zaindu, atseden hartu...». Azken urteotakoaren oso antzekoa izan da denboraldi-aurrea. «Ustez, taldea bageneukalako». Eta albiste txarrak negua baretzen hasita zegoenean iritsi zirenez, «eroso samar» ari da lanean nafarra. «Pino Roaden proiektua bertan behera geratuta, denboraldi-aurreko lana pixka bat luzatzea erabaki nuen, talderen batek lekua edukiko zuela pentsatuz». Baina zail dago kontua. «Lehen zaila zen aukera sortzea, eta, behin denboraldia hasita, are zailagoa». Ahopean bada ere, Urtasunek berak argitu du talde batek lekua egin nahiko liokeela. «Baina aurrekontua handitu beharra daukate horretarako; horren mende nago». Aste honetan ez bada, hurrengoan argituko da dena. Onerako edo txarrerako.
Errepidean eta errepidetik kanpo, kolpeka zaildu da Urtasun. Ez du eduki bide samurrik. 2003an CSCrekin hainbat proba egin ondoren, 2005ean egin zuen debuta profesionaletan, Kaikurekin. Eta, Liberty Segurosen (2007-2008) eta Euskaltel-Euskadin (2009-2013), 2006tik iaz arte, 2011n salbu, etapa garaipen bat pilatu du urtero. Gorabehera askoko ibilbide horretan, ordea, urtarrilean jaso zuen kolperik handiena. «Behin Euskaltelen proiektua deseginda, aukera gisa hartu genuen Pino Roadena. Beste talde bat, inoiz txirrindularitzako talde profesionalik egon ez den herrialde bat... Alde guztietatik aberasgarria zen esperientzia». Ustez.
Sinatu, sinatu zituzten kontratuak. «Eta ilusioz gainezka geunden —talde hartara joatekoak ziren Juanjo Oroz eta Mikel Bizkarra ere—». Baina arropak eta bizikletak falta, Txilen baliabiderik ez... «Managerrak esan zigun dirua bazegoela, baina Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak [UCI] lizentzia eman arte babesleak ezin zuela dirurik jarri». Gezurra gezurraren atzetik. Ez dirurik, ez babeslerik eta ez lizentziarik. «Gerora jabetu ginen gezurrezkoak zirela kontratu guztiak».
Tentsioari eusteko, lanak
«Gustatuko litzaidake benetan zer gertatu den jakitea, baina...». Amorru handia nabari zaio Urtasuni. «Babeslerik gabe, ez dakigulako benetan zein zen managerraren helburua». Egoerari aurre eginda, pedalei eragiten segitu nahi du, baina onartu du zaila dela egoera. «Talderik gabe ez da erraza kontzentrazioari eta entrenamenduetako tentsioari eustea, serie guztiak ondo egitea...». Bizikleta uzten duten askoren bideari izkin eginda, oraingoz ez dio heldu beste kirolen bati. «Gimnasioa negu partean eta bizikleta gerora. Besterik ez dut egin». Hemendik aurrera zer egingo duen? «Auskalo». Argitu duenez, profesional ibilbidea bertan behera utzi behar izatekotan, alde onen bat aurkitzen saiatuko litzateke. «Areto futbolean jokatu, frontenisean... Orain arte egiterik izan ez ditudan gauzak egingo nituzke».
Baina benetako ametsa aste honetan jokoan den Euskal Herriko Itzulian parte hartzea zen. «Asko gustatzen zait txirrindularitza, eta, tropel barrutik ezinezkoa izango dudan arren, itzulia gertutik ikusteko asmoa daukat». Lizarran izan zen larunbatean, Miguel Indurain saria bertatik bertara ikusten. «Eta itzulian ere bide bazterrean egongo naiz, ziur». Inbidia puntu batekin. «Eta triste, Euskaltel-Euskadi gabe arraroa izango delako lasterketa». Baina egoera zail-zailetan ere gozatuz. Irribarreari eutsiz. Horrelakoa delako Pablo Urtasun. Saiatu dira erretiratzen. Baina ez dute lortu. Oraingoz.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: Eta orain zer?
Horrelakoa delako Pablo
Saiatu dira erretiratzen, baina ez dute lortu. Oraindik. Euskaltelen proiektua desagertu zen lehenengo, Pino Roadena gero... Bila eta bila, telefono dei horren zain jarraitzen du Pablo Urtasunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu