Arrauna

Horrelako aukerak, bizitzan behin

Orioko bigarren ontzian hamar urte igaro ondoren arrauna uzteko erabakia hartu zuen Gorka Toledok. Baina San Pedrok Eusko Label ligako patroi izateko aukera eskaini dio, eta ezin izan dio uko egin.

Gorka Toledo
Gorka Toledo, Pasai San Pedroko patroia.
pettan uralde
2024ko otsailaren 16a
05:05
Entzun

Tolosan hasi zen bateletan, eta sei urte bertan egin ondoren Orioren eskutik egin zuen jauzi senior mailara. Txikitatik izan zen mirotzen zale bat gehiago, eta hamar urte igaro ditu bertan, bigarren traineruaren historian estropada gehien burutu dituen arraunlaria izanik. KAE ligatan hartu du esperientzia, eta orain behin betiko jauzia emango du Eusko Label ligara San Pedroren eskutik. Gorka Toledo (Tolosa, Gipuzkoa, 1995) izango da Libia-ren lemazain berria, arrauna uzteko asmoa zuen urte berean.

Ezohiko ibilbidea izan du patroi tolosarrak arraunean. Makina bat tostatan aritu ondoren, patroi izateko aukera iritsi zitzaion. «2017. urtean arrauna uzteko erabakia hartu nuen, urte sabatiko moduan ikasketei lehentasuna emateko. Baina Orioko B ontzian jende falta zegoen, eta eskua ematea erabaki nuen. Patroi gisa estropada bat jokatu nuen, eta hurrengo urtean berriro arraunlari moduan hasi nintzen. Baina uda erdian patroiak utzi egin zuen, eta nik hartu nuen haren lekua. Pausoa ematea erabaki nuen, eta patroi lanak egiten bukatu dut beharrak horrela eskatzen zutelako»

2019an egin zuen apustuak ekarri du Toledo oraingo egoera honetara. 29 urterekin egingo du debuta Eusko Label ligan. San Pedroren deiak «ustekabean» harrapatu zuela onartu du. «Orokorrean, klubak urri amaieran edo azaro hasieran hasten dira entrenatzen, eta ordurako taldeak osatuak izaten dituzte. Nik, ordea, urri erdian jaso nuen Asier Carballeda entrenatzailearen deia». Ez zegoen Toledoren planetan horrelako dei bat jasotzea, uda amaieratik arrauna uzteko erabakia hartua baitzuen. «Ezezkoa emateko asmoa nuen, baina neska lagunarekin hitz egin nuen, eta berak beste ikuspuntu bat eman zidan. 'Hainbeste urte igaro eta gero horrelako dei baten zain, orain beldurragatik edo gogo faltagatik ezezkoa emango duzu?', esan zidan. Buruari bueltak ematen hasi nintzen, eta Carballedari astebeteko epea eskatu nion. Pixkanaka, barneratzen joan nintzen, harik eta garbi izan nuen arte baiezkoa emango nuela. Neska lagunak arrazoi zuen; ezin nuen horrelako aukera bat alferrik galdu».

Orioko bigarren ontzian aritu den urte guztietan, gorabehera handiak bizi izan ditu. Zoritxarrez, bi alditan jaitsi zen KAE 2 ligara, baina bi urteetan maila nagusira igotzea lortu du. Hainbeste urteren ondoren Eusko Label ligara iristea lortu du, horrek dakarren presioarekin eta eskakizunekin. «Presioa nik jartzen diot neure buruari, uneoro ahalik eta hobekiena egin nahi dudalako. Arraunean badut esperientzia, baina Eusko Label ligan ez, eta horrek dakarren exijentzia jasan gabe nago oraindik. Beldur edo zalantzak izan ditzaket, baina oso gogotsu nago, eta taldekideen eta entrenatzailearen babesa daukat».

«Estropadaz estropada joatea da helburua, eta dena ikasketa bat balitz bezala hartzea»

GORKA TOLEDO San Pedroko patroia

Mailari dagokion jauziaz gain, beste aldaketa handi bat jasan du. Hamar urte luzez klub berean aritu ostean, eta lagun berdinekin aritu ostean, ezezaguna zaion klub batera heldu da. «Orion urte askotan taldekide berdinekin eman ditut, eta errespetu pixka batekin joan nintzen klub berrira, jasoko nuena nolako izango zen jakiteko. Baina jaso dudan arrera ezin hobea izan da. Jende oso jatorra eta oso langilea aurkitu dut, eta, azkenean, zure antzeko jendea aurkitzen baduzu, giroa oso ona da. Nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz. Horretarako, lan asko egin behar da, eta horrelakoak dira San Pedroko arraunlariak. Klubeko beste ordezkari guztiengandik jasotako tratua ere ezin hobea izan da».

Ez du esperientzia izango maila gorenean, baina hasiberriaren gogo eta grinak bultzatuta, taldeari bere ekarpena egiteko gai izango dela argi dauka. «Entrenamendu guztietan %200 ematen saiatzen naiz, eta ilusioz gainezka nago. Agian, ez dut esperientzi asko izango goi mailan, baina arrauna ongi ezagutzen dut. Igoerak eta jaitsierak bizi izan ditut, eta talde baten barruan egon daitezkeen gorabeherak ondo ezagutzen ditut».

Oraingoz, ez ditu aurreikuspen handirik egin nahi, eta egunez egun gozatu nahi du arraunak eman dion aukera berri honetaz. Hala ere, ondo ulertzen du bere lanak zer eskakizun dakarren. «Patroien lana beti xeheki begiratzen da, eta hutsegiteak nabarmendu egiten dira. Estropadaz estropada joatea da helburua, eta dena ikasketa bat bezala hartzea: gauza txarretatik ikasi, eta gauza onak oraindik gehiago landu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.