Golak: 1-0: Soldadok (16. min.). 2-0: Jonasek (25. min.). 3-0: Soldadok (37. min.). Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak Valentziako Mathieuri. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru Mestallan.
Sufritu egin beharko du Realak. Talde askoren arteko borroka eroa dago mailari eusteko, atzoko emaitzek berretsi zutenez, eta txuri-urdinek finala jokatzeko prestatu beharko dute datorren asteazkenean. Atzo aukera zuten Zaragozaren aurkako partidara lasaiago iristeko, baina indarra eta ofizioa falta izan zitzaizkien Valentziari aurre egin ahal izateko. Ematen dituen erraztasunei erreparatuta, Bigarren Mailako taldea da Reala. Jokalariak behar bezain onak ez direlako, edo taldea behar adina landuta ez dagoelako, kontua da sekulako ahultasuna erakusten duela norgehiagoka askotan. Eta hori zama astunegia da Lehen Maila bezain liga lehiakorrean aurrera egin ahal izateko.
Valentziak bazekien aurrean eta zelai erdian presioa eginez gero etekin handia lortuko zuela, eta horri ekin zion hasieratik. Martin Lasarteren jokalariek jokoa eraikitzeko dituzten zailtasunak baliatu nahi zituen baloia lapurtu eta gora egiteko. Bigarren minuturako Joaquinek aukera garbia izan zuen eskuin hankarekin, eta handik oso gutxira, Dealbertek korner bat bakar-bakarrik errematatu zuen lehen zutoinean. Realak apenas lortzen zuen baloiari eustea, eta aukera zuenean, betikoa egin zuen: jokoaren pisua eskuin hegaletik eraman. Baina aurkariak ez dira inozoak. Aspaldi hartu diote neurria, eta Prieto eta Carlos Martinez ezinean aritu ziren.
Arazo nagusia, baina, ez zen hori izan, defentsan negargarri aritu zela baizik. Xalo, bigun, motel. Hiru gol oparitu zizkion Valentziari lehen zatian. Aurrenekoan, Mata nahi bezala sartu zen Carlos Martinez eta Mikel Gonzalezen artean, Soldadori pasea emateko. Bartzelonak eta Athleticek berdin-berdin zulatu zuten Realaren atea. Bigarrengoan, Jonasek aise irabazi zion jauzian Mikel Gonzalezi. Baina hirugarrena izan zen tamalgarriena. Mathieuk, erdiratzen espezialista den hegalekoak, nahi adina denbora izan zuen erdiratzeko eta Soldadok inongo eragozpenik gabe hartu zion aurrea Estradari area barruan. Valentziako beste jokalari bat zegoen penalti puntuan bakarrik.
Huts larriak
Mingarriak izan ziren akatsok, Valentzia bera urduri aritu zelako defentsan. Realak estutu zuen bakoitzean gorriak ikusi zituen. Griezmannek zutoinera bidali zuen ezkerkada, eta atzelari batek atepean atera zuen Aranbururen jaurtiketa jokaldi berean. Handik gutxira, frantziarrak motzean atera zuen falta bat, eta azpeitiarrak jaurtiketa penagarria egin zuen ate aurrean bakarrik. Tamalez, oso gutxitan lortu zuen Realak Valentzia behartzea, zelai erdiko borrokan galtzaile irten zelako. Eta defentsan nabarmen huts egiteaz gain, abagune garbiak aprobetxatzen ez badira, ez dago oso urrunera joaterik.
Valentziaren hirugarren golarekin amaitu ziren kontuak. Partida galdutzat eman, eta Zaragozaren aurkakoan pentsatzen hasi zen Reala bigarren zatian, lotsagabe. Bravok nabarmen galdu zuen denbora, baloia zuenean. Partida lehenbailehen bukatzea zen taldearen asmoa, ahal zela oso barregarri gelditu gabe. Valentziak, berriz, berean jarraitu zuen hasieran, eta gutxigatik ez zuen lortu gola hiru bat alditan.
Azken txanpan, aldaketekin, jokoak behera egin zuen. Taldeek indarrak gorde zituzten eta jokoa moteldu egin zen. Etxekoen erlaxazio horrek aukera eman zion Realari arrisku apur bat sortzeko, Griezmann eta Ifranen eskutik batik bat, baina gola ez zen iritsi. Iritsi izan balitz ere, ohore handirik ez zuen ekarriko.
3VALENTZIAREALA
Horrela, inora ez
Burua lehengo lepotik duela erakutsi du Realak; opari asko egin dizkio Valentziari, eta lehen zatian amaitu da partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu