Joseba Llorente. Osasunako jokalaria

«Horrela hastea garrantzitsua izan da niretzat»

Montanierrek eman ez zion konfiantza eman dio Mendilibarrek Llorenteri. Lehen Mailako bere 50. gola sartu zuen Bartzelonaren aurka.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Joseba Llorente (Hondarribia, Gipuzkoa, 1979) futbolari sentitzen ari da berriz ere Osasunan, Realean bi denboraldi kaskar igaro ostean. Sadarren jokatutako lehen partidan, gola sartu zuen; urte eta erdiko lehortea amaitu zuen horrela, eta futbolarekin gozatzen ari da aspaldiko partez. Hori bai, Osasuna lehenbailehen puntuak batzen ikusi nahi du hondarribiarrak.

Arazoren bat izan duzu aste honetan; nola zaude?

Ez da ezer izan. Tripako min apur bat izan nuen, baina azken entrenamenduak ondo egin ditut. Prest nago.

Pena izan zen Bartzelonaren aurkako partidan gertatutakoa, ezta?

Bai, pena izan zen, baina hori pasatutako kontua da. Bartzelonak arreta handia pizten du, eta horri bueltaka ari gara oraindik, baina Vigoko partidan jarri nahiko nuke nik arreta guztia.

Urte eta erdi golik sartu gabe egon eta gero, pozik egoteko arrazoirik bazenuen zuk igandean, dena dela.

Tira, poza bai, baina une hartakoa izan zen, gola sartu nuenekoa. Gero haserre joan ginen denok etxera. Etxean jokatu genuen, eta puntuak atera nahi genituen.

Realarekin izan ezik, jokatu duzun beste talde guztiekin sartu diozu golen bat Bartzelonari. Valladolidekin, Vila-realekin eta, orain, Osasunarekin.

Egia da, baina bitxikeria bat besterik ez da hori. Buru-belarri Celtaren aurkako partidan pentsatu behar dugu orain; hori da garrantzitsuena.

Beste bitxikeria bat: igandekoa Lehen Mailan sartu zenuen 50. gola izan zen.

Ondo dago; gol sorta ederra da. Bigarren Mailan ere beste hainbeste sartu ditudala uste dut, eta gehiago sartzeko gogoarekin nagoela da garrantzitsuena.

Aurrelari gehienek zenbatu egiten dituzue sartutako golak. Bazenekien 50 gol sartzeko bakarra falta zitzaizula?

Ez nekien, ez. Datu horiei ez diet kasurik egiten, baina partida ostean esan zidaten 50.a nuela. Bestela ez nintzen konturatu ere egingo.

Osasunarekin lortu zenuen lehendabiziko gola izan zen igandekoa. Asko lortzea espero al duzu?

Bai, noski, hori espero dut. Horrela hastea garrantzitsua izan da niretzat. Joan den denboraldiaren ondotik, berriz ere futbolari sentitzea eta igandero-igandero zelai barrenean egotea gauza handia da niretzat. Aurrerantzean gauzak ondo ateratzea espero dut.

Realak utzita Osasunara iritsi zinenean, zure egoera fisikoa zalantzan jartzen zuten askok, baina Bartzelonaren aurkako lehian bete-betean ikusi zintugun.

Gustura aritu nintzen, bai, baina zalantza horiek urte guztian izango dira. Jendeak beti gauza bera esaten du, eta argi daukat bere horretan jarraituko duela jendeak. Ni gustura ari naiz. Iragan denboraldikoa ez zen normala; zein neurketa egin nituen zelaira ateratakoan... Zaila izan zen. Nik beti esan izan dut fisikoki ondo nagoela, dena dela. Eta denboraldi honetan, konfiantza pixka batekin, denboraldi-aurre on batekin, eta pixkanaka-pixkanaka, arazorik ez izatea espero dut. Eta ez naiz ari hizketan bizkarrean izandako arazoez. Inolako arazorik ez izatea eta denboraldi on bat egitea nahiko nuke.

Konfiantza aipatu duzu. Akaso hori falta zenuen Donostia aldean? Iruñean zugan konfiantza handiagoa dagoela nabaritzen duzu?

Bai. Baina, azken batean, konfiantza norberak irabazten du eguneroko lanarekin. Egiten nuen lan guztia alferrikakoa zela ikusten nuen aurreko sasoian; ez zuen ezertarako balio, entrenatzaileak beste jokalari batzuk gustukoagoak zituelako. Isilik egon, ondo entrenatu, eta aurrera egitea beste erremediorik ez da izaten horrelakoetan. Baina banekien asteburuetan ez nuela izango aukera askorik. Orain, berriz, badakit gauzak ondo eginez gero aukera gehiago izango ditudala.

Realeko jokalari izandako batek dio Osasunaren jokatzeko era egokiagoa dela zuretzat, gorago estutzen duelako Osasunak.

Osasunaren defendatzeko era gehiago gustatzen zait; gorago estutzea gustatzen zait. Dena dela, jokatzeko erari dagokionez, Vila-realen Ibagaza, Cani, Forlan eta Piresekin jokatu nuen, eta hori ez zen borrokan oinarritutako estiloa. Orduan, ez dakit zergatik esaten duen jendeak Realean ez dudala tokirik, Realaren jokatzeko modua aintzat hartuta ez dudala tokirik han. Gauza horiek ez ditut ulertzen.

Sadarren etxeko jokalari gisa jokatzea ederra izango da, noski...

Bai, oso ederra da, izugarria. Gustura jokatu nuen. Gola sartu nuenean, jende guztia gainean sentitu nuen, eta behar nuen, behar nuen! Esan dudan bezala, azkena denboraldi gogorra izan da niretzat. Sadarren jendeak nola animatzen duen ikusita, asko gozatuko dudala uste dut.

Iruñera erraz egokituko zinen, ezta?

Bai. Oso ondo egokitu naiz, eta gustura nago. Familia guztia joango gara Iruñera, eta gutxienez urtebetez egongo gara bertan. Instalazioak ere onak dira, zelai bikainak daude, eta erraz egokitu naiz. Berehala sartu naiz taldeko dinamikan.

Hondarribira bueltaka ibiltzeko ere ez da toki txarra.

Etxetik gertu nago, baina egunero errepidean ibiltzea ez da ederra. Orain, udan, akaso bai. Baina neguan ezberdina da. Familia guztia Iruñean geratuko gara.

Pena bakarra dabi partida on jokatu arren punturik ez duela Osasunak.

Hori da oraintxe bertan burua aztoratzen didan gauza bakarra; niri eta taldekide guztiei. Baina Celtaren aurkako partida ondo prestatu dugu, eta ea lehen puntuak Vigon lortzen ditugun.

Nolako partida espero duzu? Celta talde igo berria da, eta haiek ere ez dute punturik bildu oraindik.

Gogorra izango da. Hau hasi besterik egin ez bada ere, haientzat ia finala da gure aurkako partida, eta guretzat ere bai, ez baita samurra hirugarren jardunaldiaren ondotik punturik ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.