IRITZIA

Horrela bai, irabaz daiteke domina bat

2016ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Poz handia hartu dut Maialenengatik. Poz handia hartu dut helmuga pasatu, eta ospatzen ikusi dudanean. Oso zoriontsu nago lortu duen dominagatik. Egun, ez gara elkarrekin entrenatzen, toki ezberdinetan bizi garelako, baina askotan egon gara elkarrekin: txapelketa askotan, saio askotan... Hiru Olinpiar Jokoetan ere elkarrekin egon gara, eta eskutik joan gara. Pozik nago ere bai nola lan egin duen badakidalako, eta ondo merezitako domina izan delako.

Maialenek modu oso dotorea aukeratu du urrezko domina bat irabazteko. Zeelanda Berriko lehiakideak marka oso ona lortu du, eta presio puntu bat bazuen. Halere, hasieratik oso kontzentratuta ikusi dut, denbora onak egiten. Azken ate gorria pasatu duenean hiru bat segundo ateratzen zizkion bigarren sailkatuari, eta ordurako banekien irabaziko zuela. Ez nau harritu berak irabazi izanak. Kirol honetan nork irabaziko duen asmatzea ez da erraza, baina, azken urteetako haren jarduna ikusita, argi zegoen oso gai zela irabazteko.

Albiste oso ona da euskal kirolarentzat, Euskal Herriko kirolari batek Olinpiar Jokoak irabazi dituelako. Ur bizietako piraguismoarentzat, aldiz, ez dut uste egoera asko aldatuko denik. Bere garaian kanal bat edukitzeko aukera izan genuen, baina pasatu egin zen, eta ez dut uste Maialenek urrea irabazi duelako ekarriko duenik. Beraz, kanpoko kanaletara joaten jarraitu beharko dugu. Izan ere, Maialenek nahi badu, beste Olinpiar Joko batzuetan lehiatu ahal izango da. Haren bizitza aldatu da, ama da... Baina berak nahi badu, Jokoetan egongo da. Gakoa haren borondatea da, eta egunero erritmo horretan entrenatzen jarraitzeko gogoa edukitzea. Gogo hori badu, ziur Jokoetan egon dela, ziur nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.