Udako igande arratsalde batean hipodromora joatea ez da ohikoena Euskal Herrian. Zaldi lasterketek jarraitzaile gutxi dituzte. Agerikoa da. Gutxi izanagatik, baina, jarraitzaile finak dira. Frontoira edo futbol zelaira astebururo joaten direnen antzera, badira Donostiako hipodromoak udan antolatzen dituen lasterketa guztietara arratsalde-pasa joaten diren familiak eta lagun kuadrillak ere. Alternatiba da haientzat. Beste plan bat. 2016an ehun urte beteko ditu inguruko hipodromorik ezagunenak, Donostiakoak, eta urte horietan guztietan zaldi lasterketen inguruko aditu eta aritu askoren onarpena eta izen ona lortu ditu. Gizarteak, ordea, luxuarekin lotzen jarraitzen du zaldien mundua, eta hori dela eta, horma bat eraiki da bien artean.
Negu gorria da. Hotz egiten du, baina hipodromoaren eguneroko joan-etorrian ez dago atsedenik. Sakrifizio handia eskatzen duen lana da. Goizeko seietan argitzen du egunak, neguan nahiz udan, eta eguerdi aldera arte aritzen dira lanean, etenik gabe. Urteko egun guztietan. Apenas izaten duten jaiegunik. Zaletasun handia dutenentzat neurrira egindako kirola da zaldi lasterketena, inongo ezbairik gabe.
1.500 zaldi ingururentzat ukuilua dago Donostiako hipodromoan. Negu partean, lasterketarik jokatzen ez denean, hotel moduko bat da zaldi horientzat guztientzat; jabeek bertan uzten dituzte lasterketetarako prestatzen. Frantziarekiko daukan gertutasunagatik, jockey asko aritzen da Donostian entrenamendu saioak egiten, eta ukuiluan dauden zaldiak lasterketetarako prestatzen. Frantzian, izan ere, urteko ia egun guztietan jokatzen da lasterketaren bat. Noizean behin, Espainiara ere joaten dira lehiatzera. Baina udan baino ez dira etortzen Donostiara.
Ramon Abial eta haren lan taldea arduratzen dira animalia horiek guztiak zaintzeaz. Eurek zehazten dituzte zaldien eguneroko entrenamenduak, eta eurek erabakitzen dute zaldi bakoitza zein lasterketetan ariko den. Zaldi bakoitzarentzat aproposena den jockeya ere aukeratzen dute; animaliak dituen ezaugarriak ikusita, neurriko gidaria aukeratzen dute. Biek elkar ez ezagutzea da normalena, jockeyak autonomoak direlako; hipodromotik hipodromora ibiltzen dira lehiatzen, entrenatzaileen eskaeren arabera.
Arraza ingeleseko odol garbiak dira lasterketetan aritzen diren zaldiak. Gihartsuak dira, garaiak, ederrak. Arraza gogorra da, hezten zaila. Lehiatzeko propio jaio direla dirudi. Bi urte dituztela hasi, eta 8 urte bete arte aritzen dira lehian. Denbora tarte horretan zaldiek ezbeharren bat izanez gero, hil egiten dituzte batzuetan. Lasterketa baten atarian ezagutzen dute elkar zaldiak eta jockeyak. Une horretan ematen dio zaldiaren inguruko ezaugarrien berri prestatzaileak jockeyari. Lasterketako epaileak bere oniritzia eman ondoren, pistara irteten dira. Kaxoietarako bidea garrantzitsua izaten da, une horretan jartzen direlako harremanetan zaldia eta gidaria.
Zaldiaren adinaren eta sexuaren arabera antolatzen dira lasterketak. Parte hartzaile guztien artean ahalik eta berdintasunik handiena egoten saiatzen dira. Apustuzaleentzat berme bat da hori. Zaldiak eta behorrak batera lehiatzen dira gehienetan, baina badira behorrentzat soilik antolatzen dituzten lasterketak ere. Ukuiluan dauden zaldien arabera antolatzen dituzte, guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Lasterketa bakoitzak gutxieneko baldintza batzuk bete behar ditu. Jockeyen kasuan, aldiz, ez dago desberdintasunik. Ahalik eta pisu gutxien izan dezaten komeni da. Besterik ez. Lasterketa amaituta, zaldi irabazleak eta zozketan ateratzen den beste batek dopinaren aurkako kontrola pasatzen dute.
Euskal Herriko hipodromo bakarra da Donostiakoa, eta, horregatik, beharbada, kirol horrekiko afizioa oso txikia da inguruan. «Zaldi gabezia ere izugarria da. Inor gutxik dauka horrelako bat erosi eta mantentzeko adina diru», aitortu dio BERRIAri Marta Pastorrek, Euskadiko Hipodromoak eta Zaldi Apustuak enpresako langileak. Dena den, iparraldeko klima hotzak ere ez du batere laguntzen zaldi lasterketak antolatzerako garaian. Horregatik, negu partean, Espainian eta Frantzian jokatzen diren lasterketetara joaten dira bertako zein atzerriko jockeyak eta zaldiak.
72 lasterketa Donostian
270 hipodromo pasatxo daude Frantzian, eta hiru baino ez Espainian: Mijasen, Sevillan eta Madrilen. Donostian jokatzen diren lasterketak Espainiako Ligako egutegiaren barnean daude. Aurten 72 lasterketa jokatuko dira guztira, hamahiru egunetan banatuta. «Oraingoz, ez dago urte guztian lasterketak antolatzeko modurik, ez eta bitartekorik ere», dio Pastorrek.
Euskadiko Hipodromoak eta Zaldi Apustuak enpresa arduratzen da, hain zuzen ere, lasterketa horien guztien kudeaketaz. Instalazioak Donostiako Udalarenak diren arren, administrazioa pribatua da. Duela urte batzuk lehiaketara atera zuen udalak, eta enpresa horri eman zion, hogei urterako. Pastorren esanetan, inbertsio garestienak «Donostiako Udaleko Sustapen Sailak» ordaintzen dizkie. Kudeaketarako diru laguntzak, berriz, «Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak» ematen dizkiete. «Babesleen laguntzarekin, sarreretan ateratzen dugun diruarekin, hipodromoan entrenatzen diren zaldiei kobratzen dizkiegun kuotekin, eta apustuetatik lortzen ditugun irabaziekin betetzen ditugu gainontzeko diru beharrak». Urtero instalazio zatiren bat berritzen ahalegintzen dira, baina hipodromo handia izanik, gastuak ere halakoak izaten dira.
Etorkizunak argituko du egoera. Donostiako hipodromoak etorkizunik baldin badauka, behintzat. Krisiak eragin nabarmena izan du zaldi lasterketetan. Egoeraren jakitun dira. Oraingoz, ezinezko zaie lasterketa gehiago antolatzea. Nahi izatea askotan ez baita nahikoa.
Zaldi lasterketak Euskal Herrian
Hormaren beste aldeko mundua
Euskal Herritik kanpo, ia urteko egun guztietan jokatzen dira zaldi lasterketak. Udan baino ez Euskal Herrian, Donostiako hipodromoan. Zaldien luxuzko hotela da urteko gainerako egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu