Horma bota du

Bizkarreko lesio larri baten erruz pilota uzteko gomendatu zioten Patri Espinarri, baina, lan gogorrari esker, buelta eman dio, eta one wall munduko bi titulu irabazi ditu Kolonbian euskal selekzioarekin.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Azken tantoa egin, eta bizkarrez erori zen, gora begira, San Juan de Pastoko (Kolonbia) kiroldegiko pistako lurrean. Ukabilak estutu, eta pozak hartu zuen Patri Espinar iragan larunbatean (Usansolo, Bizkaia, 1985). «Lehen egunetik arazo fisikoak izan nituen, uzkurdurak, orkatila bat bihurrituta... Asko sufritu dut, baina buruari esker irabazitako finala izan zen, oso psikologikoa». Marrit Zeinstra herbeheretar garaiari 11-8 eta 11 -10 irabazi berri zion one wall—horma bat, ingelesez— Munduko Txapelketako finalean. Bidea, baina, ez zen hor bukatu, ordubete geroago binakako domina eskegi baitzuen Amaia Araiztegi mallabitarrarekin batera. Final gogorra izan zen hura ere, Paola Reyes eta Angelica Duran mexikarren aurka, eta 10-11, 11-3 eta 7-4 gailendu zitzaizkien. Espinarren bigarren poz handia izan zen, baina ez azkena, ordu batzuk geroago txapelketako pilotari onenaren saria jaso baitzuen.

Espinar umetan hasi zen esku-huska jokatzen, Usansoloko ezkerparetan. Amamari ez zion grazia handirik egiten, baina, beti burugogor, eskuz jarraitu zuen indarraren poderioz mutilen aurka jokatzea ezinezko bihurtu zen arte. Garai hartan ez zuen usteko Espinarrek Kolonbian biziko zuela pilotak emango zionik egunik politenetakoa, ziur asko Kolonbia non zegoen ere ez zuen jakingo, eta ziur ez zekiela zer zen plaza libre moderno itxuradun one

wall joko hura. Tira, ez orduan, eta ezta duela gutxi arte, Espinarrek pilotan bide luzea eta oparoa egin duen arren: 2006an munduko txapeldun izan zen paleta argentinarrean, Emakume Pilotari proiektuko sustatzaile bat izan zen, egun eskuz ere jokatzen du, monitore da Larrabetzun... Ia hasi berria baita one wallean.

Sei entrenamendu bakarrik eginda joan zen Kolonbiara. Hori, baina, berarentzat, joatea hutsa garaipena izan zen, azken hilabeteak oso gogorrak izan baitira. «Bizkarreko lesio larria izan dut, bederatzi orno ukituak ditut. Nerbioak pintzatu egiten zizkidan, buruko minak eragin, oinazea... Bi medikuk pilota uzteko esan zidaten. Bizkarreko erresonantzia egin, eta emaitza horiek ez zirela pertsona gazte batenak esan zidaten». Emakume Master Kopari uko egin behar izan zion udaberrian, baina, ez zuen pilota utzi nahi, eta indarberritze prozesu gogorra hasi zuen. «Lau hilabete luze izan dira zentro pribatu batean, lan eta sufrimendu asko bizkarra indartzeko. Horrek gogorrago egin nau mentalki, eta erabakigarria izan da txapelketan».

One Wall gomazko pilotarekin jokatzen den kirola da, txaparik ez duen frontis batean, eta munduan oso zabaldua dago. Kolonbian, hamasei herrialde ezberdinetako pilotariak aritu dira —27 banaka eta zortzi bikote binakakoan—, eta Espinar harrituta gelditu da emaniko mailarekin. Udaberrian Valentziako pilotariekin neurtu eta airean ibili zuten, eta Munduko txapelketara errespetu handiz joan zen, «esperientzia bizitzera». Arrakasta handia izan da baina, 11 partida irabazi baititu hiru egunetan, tartean munduko selekzio onenen aurkakoak: Herbehereak, Belgika, Valentzia, Mexiko... «Asko jokatzen duten pilotariak dira. Banaka Ana Ginerri irabazi nion finalerdietan, miresten dudan pilotaria, baina jota bukatu nuen. Hiru egunak fisioterapeutarengana joaten pasa nituen, mentalki oso gogorra izan da».

Munduko txapelak ate handi bat ireki dio. «Dagoeneko jaso ditut Belgikan, Herbehereetan, Uruguain eta Valentzian torneoak jokatzeko gonbitak. Selekzio gehienetako pilotariek babesle pribatuak dituzte. Euskal Herrian, baina, modalitate honek ez du oihartzunik». Euskal Selekzioarekin aritzeak, gainera, are bereziago bihurtu du esperientzia. «2006an Espainiarekin izan nintzen txapeldun, baina nik euskal herritar sentitzen dut nire burua. Bizitza osoa daramat pilotan eta hau da Euskal Selekzioarekin jokatu dudan lehen aldia». Baina ez dirudi azkena, hiru urte barru jokatuko da hurrengo Munduko Txapelketa, Belgikan, eta han egon nahiko luke.

Hiru urte, baina, denbora asko da. Oraingoz, one wallean aritzeko gonbit horiek onartzeko asmoa du, eta ezkerparetako jardunarekin tartekatu. «Ezkerpareta gogorragoa da, bizkarrak nola eusten dion ikusi behar —lesio degeneratiboa da—, gero ere nik lan fisikoa egiten dut, abentura parke batean dihardut». Lau eta erdiko Master Kopan parte hartu, —6an da finala— eta Kolonbiara joan arte lehiatzeko asmoa zuen, baina azken orduko min batek iritziz aldatzera behartu zuen. Oso gustuko du ezkerpartea, eta egitasmo propio sortu du. «Bertso pilota jaialdi mistoa da, emakumezko pilotari eta pilotariak uztartzen dituena. Oier Zearra, Iratxe Ibarra, Andoni Egaña... Udan hasi ginen, eta erritmo onean ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.