Lucia Orbe eta Garazi Arruti. Herri kirolariak

«Horixe nahi genuen: 30 minutu igaro baino lehen bukatu»

Emakumezkoen lehen pentatloia irabazi dute Arrutik eta Orbek. Haien esanetan, «lan gogorrak» dira, baina lagun gehiago animatu nahi dituzte: «Pentatloian segitu nahi dugu».

IBON ERRAZU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Larunbatean binakako pentatloia irabazita, Garazi Arrutik eta Lucia Orbek mugarri bat ezarri dute herri kiroletan: lehen aldiz aritu ziren emakumezkoak elkarren aurka, eta haiek nagusitu ziren. «Gustura» daude biak, «esanahi handiko garaikur bat» delako.

Jada igaro dira egun batzuk txapelak jantzi zenituztenetik. Zer balorazio egiten duzue?

GARAZI ARRUTI: Lehen pentatloia izanda, aritze hutsagatik bakarrik positiboa da balorazioa. Erreferentziarik ez genuen, ez genekien aurkariak nola zeuden, eta norbere burua neurtzeko modu bat izan zen. Ondo irten zitzaigun, eta pozik gaude.

LUCIA ORBE: Nire kasuan, denbora gutxi daramat herri kiroletan, eta balorazioa da ondo atera zitzaigula dena. Entrenamenduetan egindakoa plazan ikusi zen, eta oso-oso pozik nago Garazirekin egindako lanaz.

Lanak 30 minutuan baino gutxiagoan egin zenituzten, gainera: 29.45. Marka ona da, ezta?

G. A.: Bai, hori zen nahi genuena, 30 minututik jaistea. Hasierako probetan denbora asko galtzen genuen, trantsizioetan bereziki. Bagenekien gauzak ondo eginda lortu ahalko genuela, eta azkenerako lortu genuen.

L.O. Aparkaleku batean aritu gara korrika entrenatzen, eta distantzia ez zen plazako bera. Ez genekien, baina gure asmoa bazen 30 minututik jaistea, eta hamabost segundo gutxiago behar izan genituen. Lehen aldia izateko, ondo dago.

Fisikoki nola sentitu zineten lanak egiteko garaian?

G. A.: Ondo. Niri gehien kostatzen zaidana giza proba da, pisu gutxi dudalako. Gero, nekea nabaritzen dut aizkoran. Nekeagatik, pentatloian ez naiz kapaza entrenamenduetan aizkoran egiten dudana egiteko. Gainontzeko guztian ondo aritu nintzen.

L.O. Garazi eta biok asko entrenatu dugu elkarrekin, eta ezagutu egin gara, bakoitzaren indarguneak eta ahulguneak ezagutu. Nik oso denbora gutxi daramat aizkoran, eta lesio bat ere izan nuen. Ez nengoen guztiz prest, eta berak hartu zuen ardura gehiena. Normala iruditzen zait gehien aizkoran nekatu zela esatea, rol nagusia berak hartu baitzuen. Niretzat, gogorrena korrika egitea izan zen; neska pisutsua naiz, eta asko saiatu naiz korrika erdi dezente egin ahal izateko.

Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi kontrario gogorrak ziren, baina zuek nagusitu zineten. Maila horretako aurkariak gainditzeak distira gehitzen dio zuen lanari?

G. A.: Bai, beldur ginen, ez genekien-eta nork irabaziko zuen. Uxuek badaki aizkora erabiltzen, eta gure ahulunea horixe zen. Oso denbora gutxi daramagu aizkoran. Lucia ere azken unean animatu zen pentatloia egitera, aizkoran jakin gabe, eta bagenekien gakoa aizkoran egongo zela. Bestalde, Karmele aspalditik ezagutzen dut, eta badakit oso gogorra dela.

Emakumezkoetan lehen aldiz jokatu da pentatloia. Garaipenaz harago, mugarri historiko bat da?

G. A.: Bai. Denbora generaman horren inguruan hitz egiten. Animatu gara, baina beldur ginen. Azkenean aritu gara, ordea, eta aurrera atera dugu. Ea hurrengo urteetan jende gehiago animatzen den.

L.O. Oso pozik nago horretan parte hartu dudalako, eta aukera eduki dudalako.

Orain errazagoa izango al da jendea batzea?

G. A.: Hala espero dut. Lan konpletoak dira, eta ez da erraza horretarako neskak aurkitzea. Uste dut badaudela batzuk; gainera, bikote batek ezin izan zuen parte hartu, lesio batengatik: hiru izango ginen. Uste dut beste bikote batzuk anima daitezkeela.

Orain, irailean bakarkako pentatloia egiteko asmoa al duzue?

G. A.: Hitz egin genuen, bai edo ez... Ez dakigu. Lan oso gogorrak dira, eta hitz egingo dugu. Ni izan nintzen lehena baiezkoa ematen, baina orain ohartzen naiz: ez dakit nire gorputza zelan helduko den irailera.

L.O. Nik ere ez dakit. Asko hobetu behar dut aizkorako lanetan. Saiatuko naiz: ikusiko dut udan nola moldatzen naizen, eta pentsatuko dut. Nahiz eta harri jasotzen gustura aritu, nire maila askoz traketsagoa da aizkoran, eta ez dakit neure kabuz aritzeko prest nagoen. Saiatuko naiz, baina aurten ez baldin bada, hurrengo urteetan egingo dut.

Pentatloia hazten ari da herri kiroletan. Erreferentziazko proba bilakatu al da?

G. A.: Bai, urteko probarik garrantzitsuena bilakatu da. Oso polita da ikusteko.

Zeintzuk dira zuen hurrengo helburuak?

G. A.: Ni sokatiran ere aritzen naiz, eta uztailean horrekin ariko naiz. Ez dakit [Getxoko] Munduko Txapelketan parte hartuko dudan, baina behin pentatloian sartuta, aizkora txapelketetara joango naiz, hori hobetu behar baitut. Datorren urteetan pentatloia egiten segitu nahi dut.

L.O. Nire asmoa hobetuz joatea da. Harriarekin ere bolarekin soilik aritu naiz orain artean, eta domekan zilindroarekin probatu nuen. Asko gustatzen zait harria jasotzea, eta ikasten eta probatzen segitu nahi dut. Orain dela gutxi hasi naiz herri kiroletan, eta gustura nago. Gauza gehiago egin nahi ditut.

Lucia, bitxia da esan duzuna: pentatloiaren biharamunean zilindroarekin aritu al zinen? Ez al zinen nekatu, ala?

L.O.: Bai, baina adrenalinarengatik izan zela uste dut. Oso pozik nengoen, eta gauzak jasotzera joan ginenean, han ikusi nuen harria. Ez nuen askorik egin, 30 jasoaldi-edo. Harri gosea nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.