REALA 1 - 0 HUELVA

Hor dauka beste final bat

Realak 1-0 irabazi dio Sporting Huelvari, eta Espainiako Superkopako finalerako sailkatu da. Neurketako gol bakarra Alejandra Bernabek sartu du 64. minutuan

Alejandra Bernabe gola ospatzen, Ana Tejadarekin eta Manuela Vanegasekin batera. JERO MORALES / EFE.
ainara arratibel gascon
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gola. 1-0: Bernabek (64. min).

2019tik finalak jokatzera ohitu da Reala. Taldea izaten ari den hazkundearen adierazgarri da. Lehena Granadan izan zen. Final gogoangarri hartan, txuri-urdinek Espainiako Kopa irabazi zuten Atletico Madrilen aurka: 2-1. Oso bestelako izan zen 2020an jokatutakoa. Salamancan izan zen, eta kasu horretan Superkopakoa. Artean Gonzalo Arkonadak zuzentzen zuen taldeak 10-1 galdu zuen Bartzelona ahaltsuaren kontra. Hiru urte geroago beste titulu bat irabazteko aukera du igandean. Berriro ere Superkopako finala jokatuko dute, atzo Sporting Huelva 1-0 menderatu ostean. Natalia Arroyoren aroko lehena izango da, eta aurkaria Bartzelona edo Real Madril izango da. Gaur jokatuko dute finalerdia bi talde horiek.

Aurreko astean jasotako bi kolpeen ostean, txuri-urdinek sendagairik onena jaso zuten partida irabazita. Lehen zati gris baten ostean, bigarrenean nagusi izan zen Reala, eta Bernaberen golak eman zion finalerako sailkapena.

Ohi bezala, baloia eduki zuen Realak hasieratik, eta saiatu zen hegaletik aurkariari min egiten. Baina fisikoki fresko egonda, Sporting Huelva ondo kokatua zegoen zelaian, eta ondo itxi zizkion erasorako bideak Arroyoren taldeari, bai erditik, baita hegaletatik ere. Laguntzetan fin aritu ziren. Realak zailtasunak izan zituen aurkariak jarritako armiarma sarea zulatzeko. Sormenean argitasun handiagoa lortzeko asmoz, Iris Arnaiz erdiko atzelariengana jaitsi zen behin baino gehiagotan baloia igotzeko.

Sporting Huelva eroso zegoen horrela jokatzen, eta aurreratuen zeuden hiru jokalarien abiadura baliatu nahi zuen aukeraren bat sortzeko: batez ere Agustsdottirrena eta Edgrenena. Hala iritsi zen, hain zuen, haien lehen aukera. 33. minutuan izan zen. Simonssonek bizi eraman zuen baloia. Baina haren errematea Elene Letek geratu zuen. Realak lehen zatiaren hasieran izan zuen berea, 6. minutuan. Baina Gabyren errematea ondo oztopatu zuen Ojedak, eta Chelsea atezainak ez zuen arazorik izan.

Distirarik gabekoa izan zen oro har lehen zatia. Hala 0-0 amaitu zen. Bigarren zati hasieran joko zuzenagoa egiten saiatu zen Reala, hegaletara baloia gehiago zabalduz, eta erdiraketa gehiago eginez. Arroyorenek beste abiadura bat eman zioten baloiari. Nekea tarteko, Sporting Huelva ez zen horren eraginkorra laguntzetan eta bigarren jokaldietan.

Arroyok Jensen zelairatu zuen Mirariren ordez 58. minutuan, eta atera eta berehala abagune argia izan zuen Reala aurretik jartzeko. Bernabek erdiraketa neurtua egin zion, baina punpa lasterrean egindako errematea kanpora joan zitzaion. Behartuta iritsi zen norvegiarra errematera, baina aukera garbia zen. Hurrengo bi jokaldietan ere Realak gertu izan zuen gola. Gabyk bi erremate egin zituen, bata oinarekin eta bestea buruz. Baina Chelseak ondo geratu zituen

Nagusitasun horrek izan zuen saria. Izan ere, 64. minutuan gola sartu zuten. Rolak aldatu zituzten Bernabek eta Jensenek.Jensenek egin zuen erdiraketa, eta atzetik sartuta Bernabe izan zen Chelsearen atea zulatu zuena. Hunkitu ere egin zen ospakizunean.

Sporting Huelvak ez zuen jada ezer eusteko, eta arriskatu beharra zuen.Hala zulo gehiago utzi zituen, eta Reala bigarrena egitear egon zen 68. minutuan. Baina Khunek gol arrastotik atera zuen Jensenen errematea.

Espainiako taldeak, ordea, ez zuen burua jaitsi, eta bigarren zatian zelairatutako Ana de Teresaren txinpartaren bidez pare bat aldiz gerturatu zen Elene Leteren atera. Baina arriskurik gabe. Arroyoren taldea, gainera, bigarrena egitear egon zen 89. minutuan. Gabyk pase sakona eman zion Amaiur Sarriegiri. Baina aurrelariaren errematea zutoinera joan zen. Baina gol batekin nahikoa izan zen finalean egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.