Hor dago oraindik

Azken lau hilabeteak gogorrak izan dira Xalarentzat, baina ari da apurka burua altxatzen, eta, 36 urte betetzear dagoela, ilusioz ekingo dio gaur buruz burukoari, Rezustaren aurka.

Imanol Magro Eizmendi.
Bergara
2015eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Argal dago Xala (Lekuine, Lapurdi, 1979), eta baskulak agerikoa dena berresten du. «77-78 kilotan nago, eta normalean 82-83 izaten ditut. Arin sumatzen dut gorputza, eta ez dut indarrik galdu». Azken hilabeteak gogorrak izan dira harentzat: bizkarreko lesioa, aitaren heriotza... Dena pilatu zitzaion; urdaila itxi, eta pisua galdu du. Orain, baina, goraka doa apurka, eta aldartea berreskuratzen ari da. Buruz buruko txapelketa izan daiteke botika. «Binakako azken bi partidak onak izan dira, eta ilusioz nago, ea zerbait polit egin dezakedan». Gaur hasiko du bidea, Beñat Rezustaren aurka, Bergaran (22:00, ETB1), aurkariaren etxean.

Xala buruz buruko txapeldun izan zen 2011n. Txapeldun ohi batentzat zer da zerbait polit egitea? «Ondo jokatzea eta maila ona ematea, gustura gelditzea. Txapel bat edukitzeak ez dit presio berezirik sortzen. Niretzat, buruz burukoa erronka bat da». Hiru final jokaturikoa da, eta anbizioa oso goian du. «Helburu horrekin parte hartzen du. Badakit zaila dela, baina lehiatzeko parte hartzen dut. Gainera, nork jakin nire azken buruz buruko txapelketa izango den? Aurrekoan, Rezustari esan nion irabazten utz ziezadala, badaezpada, eta erantzun zidan ezin zuela: 'Utzidazu zuk, nik nire herrian jokatzen dut eta'».

Xalari heldu den urteko martxoan bukatzen zaio kontratua, eta horregatik dio azkena izango dela beharbada. «Enpresak ere zeresana du hor. Inoiz ezin da jakin; begira, bestela, Ekaitz Saralegiren kasua. Bere onenean zegoen, lau t'erdian zerrendaburu, eta ez diote berritu. Pilotariek oso gutxi dugu esateko halakoetan». Xalak beterano rolean hitz egiten du, eta kritiko mintzo da enpresei buruz; txapelketa honetan ere bere kaltera jokatu dute. Iaz, bera izan zen final-laurdenetan kanporatutako pilotarien artean tanto gehien eginzuena, eta Mikel Idoatek utzitako zerrendaburu tokia berak jaso beharko zuela uste zuen. Baina ez. «Bosgarren izanda, espero nuen, baina enpresarekin hitz eginnuen, eta ikusi nuen oso zaila zela. Tira, pilotariaren iritziak ez du batere pisurik».

Beterano legez mintzo da, serio eta gairik saihestu gabe, beteranoa delako. 36 urte betetzear da—Aimar Olaizola baino egun bat gazteagoa da—, eta bizarrean ile urdinak beltzekin nahasten zaizkio, baina ondo sumatzen du bere burua. «Ilusioa badut, eta gasolina ere bai. Maila ematen ez dudala ikusten dudan egunean, nik utziko dut. Baina oraindik ez dut halakorik buruan; lesioek utzi didatenean, ondo aritu naiz».

Binakako azken txapelketan hori pasatu zaio, zorigaitz pertsonalari bizkarreko mina gehitu baitzaio. «Lunbalgia bat izan nuen. Aldiro hor egoten da, baina erabat sendatu zait. Ez dago arazorik». Atal horretako giharreria indartzeko ariketak egiten dihardu. Xalak partida nagusiak jokatu ditu betidanik. Estelarista estatusa du, eta ez du uste kolokan dagoenik. «Hamahiru edo hamalau urte daramatzat estelarrak jokatzen. Nire aldetik, behintzat, ez. Beste kontu bat da enpresak pilotari gazteen alde egitea eta horrek eragina izatea, baina maila ematen ari naizela uste dut».

Ezeren aurretik, baina, Rezusta du gaur. Duela bi aste, entrenamendu batean, pilota bat sartu zitzaion eskuan Xalari, eta, geroztik, entrenatu gabe dabil, baina eskua ondo du. Beharko du izan, Rezustak irudi ona eman baitzuen Albisuren aurka. «Gauza asko ditu Beñatek; atzelarien artean aurrelariena da», aztertu du aurkaria. Bi ezker elkarren aurka; hori bai, bi ezker oso ezberdin. Inor ez dadila harritu zabalera hainbat sake egiten badituzte.

Bestalde, jaialdi berean, 2. Mailako txapelketako bi partida ere jokatuko dira: Tolosa Irribarriaren aurka, eta Jaka Merino I.aren kontra. Lehen Mailakora itzuliz, atzo eginiko pilota aukeraketetan ez zen arazorik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.