FRANTZIAKO TOURRA

Hondoratu ezean, berea du

Tourreko garaipena oso gertu du Pogacarrek. Lasterketa bere oinpean jarri zuen Pirinioetan, eta lidergoan sendo iritsiko da azken txanpara: hiru minutura du Vinegaard, eta bostera Evenepoel. Landa bosgarren dago, azken astean hiru toki aurreratu ondoren.

Tadej Pogacar. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Tadej Pogacar. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Tourrak eztanda egin zuen aurreko asteburuan, Tadej Pogacarrek (UAE) eragindako leherketaren ondorioz. Garaipena bideratua utzi nahi zuen lasterketako bigarren astean, eta bete egin da esloveniarraren desioa. Kukuak oker jo zion aurreko asteazkenean, Erdialdeko Mendigunean jokatu zen etapan, baina aurkariak txikitu egin zituen Pla d’Adeten eta, batez ere, Plateau de Beillen. Bi etapa zakura, eta garaipen orokorra eskura. Jonas Vingegaard (Visma), berriz, haren itzalean gelditu da. Esperantza piztu zuen Le Lioranen, atzetik aurrera egin, eta Pogacar esprintean azpiratuta. Haatik, Pirinioek errealitatea azaleratu dute: danimarkarra ez da Tourreko ziklistarik indartsuena, bigarrena baizik. 3.09ra urrundu zaio lidergoa.

Pirinioak jolasleku bihurtu ditu Pogacarrek: bost urtean zazpi aldiz nagusitu da bertan. Asteburuko garaipenak modu ezberdinean lortu zituen: Pla d’Adeten talde lana biribildu zuen; Plateau de Beillen, berriz, Visma taldearen esku utzi zuen ekimena, eta Vinegaarden ekinaldiari tinko eutsi ostean, abaila bizian abiatu zen helmugaren bila. Azkenerako, erakustaldi antologikoa egin zuen. 39 minutu eta 50 segundoan iritsi zen tontorrera; hots, hiru minutu eta 38 segundoan hobetu zuen 1998an Marco Pantanik mendate horretan ezarritako marka. Pogacar bera ere harrituta zegoen emandako mailarekin. «Ez nuen espero Pirinioetan halako aldea ateratzea. Mugara eraman nau Jonasen erasoak, baina berehala ikusi dut bera ere sufritzen ari zela».

Vingegaardek oso ausart jokatu zuen. Logikak dio sasoi hobea izango duela aste honetan, baina azken etapen zain geratu gabe, danimarkarra igandean abiatu zen iraultzaren bila. Zirt edo zart egin beharra zeukan. Bada, erre egin zen berak piztutako suan, eta Pogacarren nagusitasuna onartu zuen behin helmugara iritsita. «Nire bizitzako etaparik onenetako bat egin dut, eta minutu bat atera dit, hala ere. Onena dela aitortu besterik ezin dut egin». Remco Evenepoelek (Soudal), berriz, esloveniarra «garaiezina» dela adierazi zuen. Flandriarra hirugarren izan zen Plateau de Beillen, eta postu berbera du sailkapen nagusian. Mendate handietan sekula ez da horren ondo aritu, eta okerrik ez bada, podiumean finituko du bere lehen Tourra.

Mikel Landa (Soudal) ere txundigarri dabil. Eskalatzailerik onenetako bat izan da orain arte, eta bosgarren postuan iritsi da lasterketako azken etapetara. Aurreko astea zortzigarren abiatu zuen, baina Primoz Roglic (Bora) eta Juan Ayuso (UAE) erretiratu egin dira, eta Plateau de Beillen aurrea hartu zion Carlos Rodriguezi (Ineos). Podiuma urrunegi dauka —sei minutura—, baina laugarren postua ez du aparte: 27 segundo ateratzen dio Joao Almeidak (UAE).

Mendiak eta erlojupekoa

Atzoko atseden egunaren ondoren, 189 kilometroko etapa laua jokatuko dute gaur. Esprinterren azken aukera izango da: Biniam Girmayk (Intermarche) hiru etapa lortu ditu orain arte, eta haren pare jarri nahi du Jasper Philipsenek (Alpecin). Jarraian zailtasun ertaineko bi etapa jokatuko dira, eta gero, goi mendiko beste bi. Isola 2000 eta Couillole mendateetan egongo da helmuga. Lasterketa igandean bukatuko da, Nizan, eta ziklistek bukaerara arte estutu beharko dituzte hortzak: 33 kilometroko erlojupeko gorabeheratsua lehiatuko dute.

Itxura guztien arabera, Pogacarrek hirugarrenez bereganatuko du Tourra. Hondoratu egin beharko litzateke garaipenik gabe gelditzeko. Badaki zer den aldapan gora behea jotzea: duela bi urte bi minututik gora atera zion Vingegaardek Granonen, eta iaz ia sei minutuko galera izan zuen Courchevelen, Lozen hutsik gelditu ondoren. Oraingoan halako pitzadurarik ez izaten saiatuko da. Oier Lazkanok eta Alex Aranburuk, (Movistar), berriz, ihesaldian zirrikituren bat bilatu eta etapa garaipen bat lortzeko intentzioa izango dute.

Longo borghinik irabazi du giroa, kopeckyrekin oso lehia estua izan ondoren

Zirrara handiko bukaera izan zuen Italiako Giroak joan den igandean. Elisa Longo Borghini (Lidl) iritsi zen lider azken etapara, baina segundo bakarrera zuen Lotte Kopecky (SD Worx). Edozer gerta zitekeen. Bada, txanpona italiarraren alde erori zen: beste hogei segundo atera zizkion flandriarrari, eta hala, aurrenekoz bukatu du Giroa arrosaz jantzita. Lehen etapan soineratu zuen jantzi preziatua, erlojuaren aurka, eta ez du egun bakarrean ere erantzi. Podiuma Neve Bradburyk (Canyon) osatu du, eta Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) izan da euskal herritarrik onena, hamaseigarren postuan. Azken etapan Maurizio uharteko Kimberley Pienaar (AG Insurance) nagusitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.