Galiziako uretan jokatu da Eusko Label ligako hemezortzigarren jardunaldia, Boiron. Atzo ez bezala, jardunaldi orekatu samarra izan da, baina ia 50 minutu berandu hasi da, eguraldiarekin lotutako hainbat gorabehera zirela medio epaileak jokatzeko modurik bazegoen edo ez erabakitzen aritu baitira. Azkenean, Hondarribiak irabazi du Boiroko bandera (19:20), eta bigarren eta hirugarren postuan gelditu dira, hurrenez hurren, Urdaibai (19:32) eta Donostiarra (19:46), 12 segundora eta 26 segundora.
Eusko Label ligako sailkapenari begira, bestalde, Urdaibai kokatu da lehen postuan, Hondarribiari hiru puntu aterata, eta Donostiarrari hamahiru. Jaitsierako kanporaketari dagokionez, Itsasoko Ama Sotera Santurtzi eta Lekittarra Elecnor Isuntza mantendu dira sailkapenaren hondarrean, 75 punturekin eta 69 punturekin. Jakina zen lehendik ere, baina Ares traineruak esango dio agur Eusko Label ligari, hiru denboraldiz bertan aritu ostean.
Eguraldi petrala
Galiziako eguraldiak erabat baldintzatu du gaur arraunlarien eta traineruen jarduna. Behe lainoak ez zuen uzten ondo ikusten, eta, horren ondorioz, 50 bat minutu inguru atzeratu behar izan dute estropada. Bitartean, lehiatzeko baldintza horiek egokiak ote ziren edo ez erabakitzen aritu dira epaileak, eta behe laino hori apur altxatzen hasi denean ekin diote estropadari.